Eta zinema haragi egin zen…

Zinemaren arkeologia filmatutako lekuak bilatzen dituen zientzia bada, antropologiak erretratatutakoak bilatzen ditu, oraindik bizirik daudela jakitearen itxaropenarekin eta magiarekin. Punto de Vista jaialdian izango dira eta hartuko dute parte Chez les Basques zikloan [ikus programa] azaltzen diren filmetan agerturiko hainbat protagonista anonimo. Zinema ikusi soilik ez, baizik eta, bizitzeko gonbita.

1

CHRIS-FILM (2)

Chris Wertenbaker txikia zela erori egin zen kalean; Ziburuko itsasora daramaten aldapa meheak dira kaleak. Hara iritsi zen bere familia, Charles Wertenbaker idazlearen familia, Time aldizkariko editorearena; Bidegaingo Dorrean finkatu zuen bere kuartel nagusia, Sokoako badiari zentinela bailitzan begiratzen dion talaia. Esan bezala, Chris kalean erori zen eta belaunean kolpea hartu zuen. Pepita Telleriak, Ziburuko kale mehe horietako bizilagunak, istripua bere leihotik ikusi zuen eta min hartu zuen haurrari laguntzera joan zen. Chris-ek dio ez ziola emakume hari zer esaten zion ulertzen, hizkuntza arraro batean hitz egiten ziola, baina, zauritutako belauna bere etxean sendatu ondoren, eskutik heldu eta negarti joan zela berarekin harik eta, azkenean, bere familiak, Wertenbaker-darrek, astebeteko oporraldia igarotzeko alokatutako etxea aurkitu zuten arte. Chris-en amak, Ziburuko bizilagun hark egindako egintza on hori ikustean, bere senarrari honela esan zion: “Charles, jendea hemen jatorra da. Bertan geratuko gara”. Eta horrela igaro zituzten zazpi urte euskaldunen herrian. Zazpi urte horietan, euskal kostaldean hazitako haur hark Orson Welles-en bisita jaso zuen eta haren itsumutil ibili zen muga, frontoi eta plazetan barrena, kamera eskuetan zutela, euskaldunen artean paradisuaren bila.

Chris Wertenbaker Bernardo Atxagarekin batera izango da Punto de Vista jaialdiaren inaugurazio-hitzaldian, otsailaren 9an, astelehena, 20:00etan, Baluarten; sarrera doan izango da, aldez aurretik gonbidapena eskuratuz gero. Jarraian, gitarra-kontzertu bat eskainiko du. Horretaz gain, Orson Welles-en dokumentalak proiektatu ondoren, otsailaren 11n, asteazkena, 20:00etan, bertan izango da eta debatean parte hartuko du Koroa Aretoan.

hoyos

Beñat Toyos, txapelduna. Orson Welles zugana zuzendu eta 10 urte dituzula aurpegira: “txapelduna zara” esatea barren-barrenera sartu eta lehenengo musuak, uda urdinak eta ekintza gogoangarriak gordetzen diren leku horretan gordetzeko esaldia da. Orson Welles-ek Ziburuko plazan eta frontoian haur guztiak hormaren aurka etenik gabe kolpatzen zuten pilota baten aurrean pilatzen zirela Beñat Toyos-i, argazkian agertzen den Ziburuko bizilagun irribarretsuari, Chris Wertenbaker-en txikitako lagun minari, deitu zion txapelduna. Beñat, bizitza osoan zehar, argiketari-lanetan aritu da eta Chris berarekin Ziburuko abesbatzetan konpartitu zuen musika-karrerarekin jarraitu du. Gaur egun, lehenengo pausuak ematen ikusi zuen herriko muino berean bizitzen jarraitzen du, behinola, Kane hiritarra filmaren zuzendariak aurrez aurre jarri eta zorutik zentimetro gutxi batzuk baino ageri ez zen mutikoari “Beñat, zu zara txapelduna” esaten entzun zion muinoan.

Beñat Toyos-ek otsailaren 9an, astelehena, Baluarte Auditorian eskainiko den prentsaurrekoan parte hartuko du.

3

MITU eta TERESA

Mitu eta Terexa, edo Terexa eta Mitu, gauza bera baita. Mitu Bankan eta Terexa Azkainen jaioak, egun, beren jabetzako negozioan egiten dute lan Ortzaitzen; bertan, Potterie Goicoechea lantegian zeramikazko ontziak eta anforak egiten dituzte mimo handiz eta artisau-lanez. Zuri-beltzean begizta ditzakegu haien ezteiak, 1982ko uztaileko egun zoriontsu bat zen. Otar Iosseliani handia izan zen filmatu zuena. Euskal lurraldeetan igarotako udaldiaren erretratuan, abesti tradizional zaharren oihartzunaren bila, zuzendari georgiarrak Azkaingo Andre Maria elizan ezkontzen ari zen bikote horrekin egin zuen topo. Eta euskaldunak goraipatzen dituen filma agerraldi horrekin hastea erabaki zuen. Zure ezteien bideoa Otar Iosseliani-k egitea gutxik izan dezaketen pribilegioa izan behar du. Zinema herrikoian pertsonaiak beti film amaieran ezkondu egiten direla esaten da. Iosseliani maisuarenean, ordea, guztiari bira zoriontsua emateko, hasieran ezkontzen dira.

Mitu eta Terexa Goicochea Euskadi Été filmaren proiekzioan izango dira otsailaren 14an, larunbata, 17:00etan; gainera, egileak aurkeztuko du, hots, Otar Iosseliani-k.

4

MIXEL ETXEBER

Mixel Etxeber eta bere emazte Maddi beren 200 ardi burugorriak eskuz jezten ari ziren Pagolako Etxeoina baserriaren ukuiluan Iosseliani-ren kamerak eta ekipoa ikustera hurbildu zirenean. 1982a zen eta beren baserriko sarreran zegoen haritzezko mahaia primerako agertoki bilakatu zen zinemagile georgiarraren asmoetarako. Bere herrialdeko kantu tradizional berdinek erakarrita, Iosseliani maisuak erantzuna abesti zuberotarretan eta ardoz eta bertsoz blaitutako bazkalondo luzeetan aurkitu zuen; Etxebertarren artean familiako beste kide bat gehiago bailitzan sentitu zen. Garai hartan, Pagolan, Pete Basabürü pastorala prestatzen ari ziren.

5

ARANGOITS-ARNOA

Patuak emandako bira nagusia agerraldi honetan aurkitzen dugu, hau ere, Otar Iosseliani-ren Euskadi Été 1982 filmean. Aitona baten irudia bere bilobari ardoari eta haren bertuteei eskainitako abestiaren, Oi Arnoa abestiaren, ahapaldiak erakusten (ikus irudia eskuinean). Aitona Antton Moxo zen, Baigorriko Belexi auzokoa, bertso eta abesti biltzaile handia eta Nafarroa Behereko txoko horretan autoa erabiltzen gogoratzen den lehenengo pertsona. Interesgarriena bilobaren irudian islatzen da, non, bere aitona ardoa goraipatzen duen abesti hori transmititzen saiatzen den. Dominique Arangoits da, hau ere baigorritarra, eta, zoriaren gutizietarako, denborarekin enologo garrantzitsua bihurtu zena. Bertsoak bere bizimodura egokituz bezala, bere aitonaren abestia orainera eramanez bezala, abeslari ikastun txikiak, gazte zela, Hungariako upategietan egin zuen lan eta, egun, ardo ospetsu baten etiketak sinatzen ditu Bordelen. Bere aitonak transmititzen zion abestiak dioen gisan: “Nere lagunek joanen naute beren bizkarrez airean… trinka bezate, edan bezate nere tombaren gainean”.

 

 

 

 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>