Filmografia: Baleh-baleh (2021), Nearly a Century (2019), No Key (2018), The Art (2015), Six-Piece Suit(e) (2012), The Square of Fortune (2010).
Cinéma du réel, BAFICI, Côté Court Festival.
Estreinaldia Espainian
Baleh-baleh bat baldakinodun ohe bat da. Luxua. Zerbait desiragarria, beharbada. Halaber, Pascale Bodet zinemagileak lagun bati helarazten dion Asiako ipuin batean agertzen den hitz bat da. Metamorfosiz beteriko ipuina. Boterearen desioari buruzko ipuina. Beste garai eta beste leku bateko ipuina, garai honetako Frantziako gizon baten esku. Gizonarekin topo egitean, gizona hitz egitera eta pentsatzera bultzatzen duen ipuina. Zer da egiazki ipuin batekin edo istorio batekin topo egitea? Gugan galderak sorraraztea da. Geure buruari bakardadean egiten dizkiogun galderak eta besteei ere egiten dizkiegunak, baita beste batzuek guri egiten dizkigutenak ere. Ipuinari buruzko galderak eta geure buruari buruzko galderak. Adibidez, lanari buruzkoak. Bizimodua ateratzeari buruzkoak. Harri-pikatzaile, aberats, errege edo eguzki sentitzeari buruzkoak. Bizitzeari edo bizirauteari buruzkoak. Desioen logikari buruzkoak. Hori guztia da Baleh-baleh, galderez beteriko film bat. Erretratu bat, halaber. Gizon baten erretratua, eskuan istorio bat eta bere bizitzan hainbat istorio dituen gizona. Gizon horren topaketa hiru emakumerekin. Ipuin horri buruz pentsatzen duten bitartean, emakume horiei buruz eta haien istorioei buruz -iragandakoak edo iristear daudenak- igartzen duguna. Edo beharbada ez. Beharbada beste zerbait izan daiteke. Hor dabil txakurtxo bat, bihurri, ñimiño, isil. Beharbada, Baleh-baleh horixe besterik ez da, txakurtxo baten istorioa. Istoriorik ez duen txakurtxo bat. Edo, agian, ipuinean bezala, guztia da, hurrenez hurren, istorioak dituen pelikula eta istoriorik gabeko pelikula. Nork bere burua harri-pikatzaile, aberats eta errege gisa ikustea, baina baita eguzki, hodei eta harri gisa ere.