es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Iosseliani zinemagileak ziklo monografikoa eskainiko du Punto de Vista jaialdian eta beste film batekin parte hartuko du atzerabegirako Chez les Basques atalean
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2015.01.26
Iosseliani zinemagileak ziklo monografikoa eskainiko du Punto de Vista jaialdian eta beste film batekin parte hartuko du atzerabegirako Chez les Basques atalean
Iosseliani zinemagileak ziklo monografikoa eskainiko du Punto de Vista jaialdian eta beste film batekin parte hartuko du atzerabegirako <i>Chez les Basques</i> atalean
Otar Iosseliani. Por Henri Cartier-Bresson.

Georgiako Otar Iosseliani zinemagilea bi aldetatik izango da protagonista Punto de Vista Jaialdiaren 9. edizio honetan. Saio Berezien barruan, ziklo baten protagonista izango da, bost filmekin: Y la luz se hizo eta Un pequeño monasterio en Toscana luzemetraiak eta Tudzhi, Viejas canciones georgianas eta Sapovnela laburmetraiak. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian errodatutako zinemari buruzko atzerabegirako Chez les Basques atalean parte hartuko du, Euskadi été 1982 bere filmarekin.

Iosseliniri eskainitako espazioarekin, Punto de Vistak gaur egungo zinemaren munduan bakana den figura aldarrikatzen du, plano bakoitzean ezagut daitekeen estilo propioa duena, bere lehendabiziko lanetatik. Tati, Buñuel, Keaton edo Renoir zinemagileen eragina nabaria da bere lanetan; alderdi formalean, kameraren erabileran erakusten duen azkartasuna, plano luzeen aldeko hautua, eremu-sakontasuna, xehetasunen garrantzia eta dokumentalak eta fikzioak bat egiten dituzten espazioak nabarmentzen dira. Erraz ezagut daitezkeen pertsonaiek betetzen dituzte bere filmak eta kultura tradizionalaren aldeko alegatua eta industrializazioak dakartzan kalteen salaketa dira. Eta guzti hori agerian geratzen da Punto de Vistak proposatutako filmetan; bere lan dokumentalean zentratutako zikloa da.  

Tudzhi (1964) bere lehendabiziko lan dokumentalean, Iosselianik berak 1963tik 1964ra lan egin zuen galdategi bateko lanaldi bat grabatzen du. Errespetuzko ikuspuntu batetik egiten du, elementuen aurrean gizakiak duen duintasunaren epika azpimarratuz. Sapovnela (1959) filmarekin egin zuen Iosselianik kolorerako jauzia; El canto de una flor izenburuarekin itzuli zen gure herrialdean film hura. Film horren bilakaera teknikoak ere aurrerapena ekarri zuen, garai hartarako muntatze-lan berritzailea suposatu baitzuen; lore-koreografia hipnotiko batetik abiatzen da, zibilizazioak, naturan oldarka sartzen denean, eragiten dituen ondorio irentzaileei buruz hausnartzeko. Un pequeño monasterio en Toscana (1988) filmean, denboraren joan lasaia harrapatzeko espazio ezin hobeaz baliatzen da zuzendaria, mundu lurtarraren eta izpiritualaren arteko oreka mantentzen duen muntaiaren bitartez. Eta Toscanatik Senegalgo oihanera bidaiatuko dugu, Y la luz se hizo (1989) filmaren fotogramen gainean; horixe da Iosselianiren film ez-ohikoena eta muturrekoena. Fikziozko pertsonaiak eta gatazkak erabiltzen ditu, kolonizazioaren fenomenoari buruzko begirada dokumentala eskaintzeko eta, bide batez, zibilizazio modernoaren ondorioak kritikatzeko. Zinemagile horri eskainitako zikloa osatzeko, Viejas canciones georgianas filma izango dugu, topa batez hasi eta abestiz amaitzen dena. Iosselianik Georgiako paisaiarik menditsuenean murgiltzen da, honako galderak eginez bere buruari: Zer dago antzinako abestien barruan? Egiatan, antzinako ahots horiek galduz gero, zer desagertuko litzatekeen jakitea bilatzen du.

Eta georgiarra bezalako antzinako kultura batetik, antzinako beste batera pasatzen da, euskal kulturara, alegia, Euskadi été 1982 filmarekin. Chez les Basques zikloan programatu da film hori; zuzendariak “historian zehar, bere jatorriari eta hizkuntzari – Europako zaharrena – eustea lortu duen herri harro eta ausart” gisa definitzen du filmaren sarrerako eskaintzan eta herri horrekiko kanta, testigantza eta errespetu keinu bat izan nahi du filmak.

Matematika eta musika ikaslea zela, Otar Iosseliani (Tbilisi, Georgia, 1934) 1958. urtean hasi zen bere lehenengo laburmetraiak zuzentzen eta 1967an zuzendu zuen lehendabiziko luzemetraia, La caida de las hojas, sistema politiko ustelari kritika egiten zion filma eta Cannes-eko jaialdian saria eskuratu zuena. 80ko hamarraldi hasieran Frantzian erbesteratu zen; han, telebistarako hainbat proiektu egin zituen eta bere film arrakastatsuenetako batzuk ere hantxe egin zituen, Los favoritos de la luna (1984), esaterako.
 

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información