es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Chez les Basques zikloa Iparraldera doa
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2015.10.22
Chez les Basques zikloa Iparraldera doa
<i>Chez les Basques</i> zikloa Iparraldera doa

Punto de Vista Jaialdiaren bederatzigarren edizioan programatu den Chez les Basques zikloaren emanaldiak Ipar Euskal Herriko zenbait herritan izanen dira, azaroaren 7tik 15era.  Punto de Vista Jaialdiak eta Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sustatu duten ziklo hau pelikulak filmatu ziren tokira hurbilduko da horrela, eta hiru lan gehituko dira.  

Punto de Vista Jaialdiak bederatzigarren edizio honen ziklo berezienetako baten zabalkundea egiten jarraitzen du beraz. Oraingoan, programa osatzen duten pelikulak filmatu ziren lurraldean. Izan ere, ziklo honetako filmak Pirinio Atlantikoetako eskualde horretako hamaika herritan jarriko dira ikusgai azaroko bigarren astean. Kasu batzuetan, filmatu ziren toki zehatzean edo kilometro gutxi batzuetara eginen dira emanaldiak, eta zikloa herriz herri joanen da: Donibane Lohizune, Ortzaize, Maule, Donapaleu, Donibane Garazi, Biarritz edo Baiona.

Eta gainera, Iruñean otsaileko emanaldiak egin zirenetik hona Chez les Basques zikloan beste hiru pelikula sartu dira: 

  • Garazi (1959 / 26’/ Jacques Krier, Jean Claude Bergeret). Zuri-beltzean filmatu zen Arnoztegiko lepoan, Eiheralarreko mugaldeko txoko batean; zuzendariek dagoeneko galdua den bizimodu batera hurbildu nahi gaituzte, dokumentalaren egileen esanetan "gogorra bezain harrigarria eta poetikoa" zen goi mendietako artzainen bizimoldera.
  • The basques of Santazi (1987 / 52’ / Leslie Woodhead). The circle of Mountains (1981) lan bikainaren egile Sandra Otteren ikerketa antropologikoetan oinarritutako dokumental honek Santa Graziko laborari familia batzuen egunerokoa kontatzen digu, Zuberoan, Pirinioen magalean. Nekazarien erretratua eta, aldi berean, oroimenean baizik bizirik ez dirauen bizimodu baten desagerpenarena.  
  • Hitza egin (2015 / 116’ /  Eugène Green). Atzerriko zinegile batek filmatu zuen pelikula hau euskaraz, eta oraindik estrenatu gabe dago; erretratu korala da, egungo paisaia eta jendea erakusteko asmoz. Aurpegi ezagunak ageri dira, Maddi Oihenart, esate baterako, eta aipagarria da Joseba Sarrionandiaren testu bat, filmerako propio egina. Pelikula honen emanaldiarekin amaituko da zikloa Baionako l'Atalante zinema mitikoan.

Emanaldi guztietan solasaldia egonen da filmetako protagonistekin edo zuzeneko lekukoekin. Horrez gain, emanaldi batzuk zuzeneko musikaz lagunduta eginen dira, hala nola Azkainen eta inguruetan filmatutako Le Chemin D'Ernoa (1921, Louis Delluc) pelikularen emanaldian, Urruñako Itsasmendi zineman, bertako Philippe Ezcurra soinu-jotzailearekin.

Programa berri honekin amaituko da Chez les Basques zikloaren etapa ibiltaria, Iruñean hasi zena joan zen otsailean Punto de Vista Jaialdiaren azken edizioa egin zenean; martxoan Bilbon egon zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzari esker, Bizkaia Aretoa eraikinean, Kulturbasque UPV/EHUren programazioaren barruan.
 

CHEZ LES BASQUES

Orson Wellesen mendeurrena dela eta, Iparraldean filmatu zituen dokumentalen emanaldiekin, Chez les Basques zikloak (euskaldunen artean, frantsesez) Pirinioetatik Atlantikora bitarteko lurralde horretan jasotako ondare dokumental garrantzitsuari babestu eta multzo batean bildu nahi du estreinako.

Zinemaren hasieratik, munduan gutxi dira nazioartean sona duten hainbeste zinegileren bisita jasotako tokiak, hamarkadaz hamarkada Europako bazter honetako bizimodu eta kulturaren erretratua egitera, Citizen Kane pelikularen egileak bezala. Interes etnografiko hori ardatz hartuta hautatu dira pelikula eta osatu dira programak Chez les Basques ziklorako.

Arrazoi etnografikoez gain, bisitari bakoitzak bere aitzakia filmikoa izan zuen munduko bazter horretara joateko; Hubert Knappek toki ezin hobea aurkitu zuen bere Croquis izeneko formula aplikatzeko eta eremu geografiko baten arima harrapatzen saiatzeko; Orson Welles bere arkadiaren bila aritu zen mugaldean, eta Otar Iosseliani, berriz, bere jaioterriko, Georgiako abesti tradizionalen oihartzunaren atzetik etorri zen, pastoraletako euskal kantu zaharren artean topatu nahian.
 

PROGRAMA (http://www.eke.eus/eu/albisteak/chez-les-basques-zikloa)

Zikloa azaroaren 7an hasiko da Donibane Lohizuneko Le Select zineman, 20:30ean, Bernardo Atxagaren Ziburu izeneko hitzaldiarekin eta Around the world with Orson Welles pelikularen emanaldiarekin (Pays Basque I + Pays Basque II). Azaroaren 8an, Donibane Garaziko Vauban zineman Euskadi été 1982 (Otar Iosselliani) eta Garazi pelikulen emanaldia izanen da, 17:00etan. Azaroaren 9an, 20:30ean, Around the world with Orson Welles (Pays Basque I + Pays Basque  II) emanen da berriz, Hendaiako Les Variétés zineman, eta azaroaren 10ean The basques of Santazi eta Maskaradak (1980, Jean-Dominique Lajoux) Mauleko Maule Baitha zineman, 20:30ean. Azaroaren 11n, 17:00etan, Hazparneko Haritz Barne zineman, Le Curé basque de Greciette (1958, Hubert Knapp) eta Au Pays des Basques (1930, Maurice Champreux). Hurrengo egunean, Ortzaizeko Salle Garbi aretoan, 20:30ean, Around the world with Orson Wellesen beste emanaldi bat (Pays Basque I + Pays Basque  II). Azaroaren 12an ere, 19:00etan Kanboko L’aiglon zineman, Around the world with Orson Welles (Pays Basque I) eta Le Curé basque de Greciette (1958, Hubert Knapp). Hurrengo egunean, 20:30ean, Urruñako Itsas Mendi aretoan, Le Chermin D’Ernoa (1921, Louis Delluc, René Coiffard) eta Rochers de la Vierge (1896, Auguste Lumière, Louis Lumière). Azaroaren 14an, 20:30ean, Au Pays des Basques (1930, Maurice Champreux) eta Rochers de la Vierge (1896, Auguste Lumière, Louis Lumière) pelikulen emanaldia Biarritzeko Le Royal zineman. 14an bertan, Donapaleuko Saint-Louis zineman, 20:30ean, Le Curé basque de Greciette (1958, Hubert Knapp) eta Croquis en Soule (1958, Hubert Knapp). Eta zikloa azaroaren 15ean amaituko da, 17:00etan, Baionako l'Atalante zinema mitikoan, Eugène Greenen Hitza egin filmaren estreinaldiarekin.

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información