es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Inoren lurraldea, Punto de Vista jaialdiaren hurrengo FOKUA Nafarroako Filmotekan
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2015.10.24
Inoren lurraldea, Punto de Vista jaialdiaren hurrengo FOKUA Nafarroako Filmotekan
<i>Inoren lurraldea</i>, Punto de Vista jaialdiaren hurrengo FOKUA Nafarroako Filmotekan

Punto de Vista jaialdiaren taldeak beste dokumental bat aukeratu du Nafarroako Filmotekan aurkezteko. Azaroaren 5ean izanen da Terra nullius (Inoren lurraldea, 2012) pelikularen emanaldia. Emanaldia berezia izanen da, bertan izanen baita zinegilea, Salomé Lamas, pelikula ikusi ondoko debatean parte hartzeko. Dokumentalak mertzenario portuges baten aitorpenak biltzen ditu: Afrikaren deskolonizazioko gerra zikinetako beterano honek arazorik gabe aitortzen ditu kamera aurrean bere ibilerak eta hilketak Ipar Euskal Herrian, GAL taldeko kide gisa, bai eta hildako bakoitzaren truke ordaintzen zioten prezioa. Aitorpen bortitzak biltzen dituen pelikula bat, baina funtsean inoren lurralde batera eramaten gaituena, eremu bat non gizakiak erraietara jotzen baitu bere kontraesanak adierazteko. Gizaki bat izateko paradoja handiari buruzko pelikula bat.


Nola iritsi zinen filmatu duzun pertsonaiarengana? Zer dago atzetik, halabeharra, interes pertsonala, aldez aurretiko ikerketa bat?

Pauloren berri lagun baten bitartez jakin nuen, etxe gabekoen komunitate batekin lanean ari zen soziologo baten bidez. Paulo ezagutu berria zuen eta lagun egin ziren.

Soziologoari entzutean, deigarria egin zitzaidan kontatzen zuenak, hitz jokoek eta memoriak nigan sortzen zuten interesa.  Hau da, historia hura behin baino gehiagotan kontatu eta azaldua zela, telefono hondatuaren itxurak egiten diren jolas horretan bezala: historia zuzenean bizi izan duenak beste bati kontatzen dio; horrek beste bati kontatzen dio gero, bizi izan zuenari entzun ziolako; eta hirugarren horrek ere berriz kontatzen du, historia bizi izan zuenari entzun zionari entzun ziolako. Historia beraren hiru belaunaldi, eta horri zerbait gehituta, beharbada, errealitatea berrasmatzeko. Ahozko historia loturik dago aktore txiki eta ahaztuekin, anonimo diren horiekin, ez baitago dokumentaziorik haiei buruz.

Historia idazten dutenek arreta gehiegi jartzen dute gertaera deitzen direnetan, mundu guztiak entzuten dituen horietan, eta isiluneak, aldiz, bazterrean uzten dituzte. Historia kristalizatzeko modua zeharo problematikoa da. "Realpolitik" delakoarekin lotzen ohi da. Gaur egun, orokorra da, ideien trukaketa onartzen da orokorrean, historian idazketa sortzailea egiten den era berean. Interesa handia nuen prozesu horietan, dokumentalak egitean ere tokia baitute, gertaerak kontatzean. - Kezkez ari naiz, pelikularen ikusleentzat nahiz pelikula osatzen duten pertsonaientzat fidagarria izan beharraz.


Inoiz pentsatu al zenuen horrelako historia bat filmatzea? 

Ez dut errealitate oso zehatzik bilatzen eta gehienetan errealitate horiek ez naute ni aurkitzen ere. Lehen esan dudanez, interes batzuk eta metodologia berezia dut errealitatera hurbiltzeko garaian. Gehienetan harrapatzen nauten egoerak bilatzen ditut.


Inoiz aipatu duzu Paulok bere historia kontatu nahi zuela, eta zuk, berriz, kamerarekin azaldu. Hain erraz gertatu zen sinergia? Ahozko akordiorik izan al zen? Haren egoera ekonomikoa kontuan hartuta, zerbait eskatu al zuen bere historia kontatzearen truke?

Pelikula batek beti dakar berarekin transakzio bat zinegilearen eta bere subjektuaren artean. Paulo prest zegoen bere errelatoa kontatzeko zehatz-mehatz. "Galtzekorik ez zuela" esaten zuen maiz, eta pelikularen prozesuan ere esaten zuen: "pelikula eginen duzu eta ni desagertuko naiz." Eta halaxe egin zuen, desagertu egin zen, baina kasualitate hutsa izan zen. Fikziokoa ez den filma izanik, argi nuen botere harremanak kontu handiz tratatu behar nituela arrazoi etikoengatik, eta nire kezketako bat zen nola bihur nezakeen botere hori harreman emankor, eta nolabaiteko oreka bilatu.   Ituna erraza zen, Paulok esan zidan ni erabiltzen ari zela bere historia kontatzeko, eta ez alderantziz, ez nintzela ni bera erabiltzen ari pelikula bat egiteko.

Adibidez, Gianfranco Rossiren El Sicario pelikulan, protagonistak –Mexikoko droga-kartel bateko sikario bat– honelako zerbait esaten du: "Haiek tiro egiteko ordaindu zidaten eta orain zuk ordaintzen didazu tiro egiteko". Baina Paulok ez zuen kobratu. Ez zuen inoiz kobratu nahi izan. Bere egunerokoan gizartea arbuiatzen zuen. Erabateko marjinaltasunean bizi zen, ez premiagatik, bere borondatez baizik. Pauloren narrazio modu sinple eta erradikal horrek, gauzak beren izenekin izendatzeak, egoneza sortzen du, bere diskurtsoak zalantzan jartzen ditu demokrazian ditugun erosotasuna eta hipokresia. 

Pauloren egoera paradoxikoa zen. Bere barneko erresumina sakonagoa bilakatzen da eta bere marjinatu izaera diskurtso zaharkitu bati dioen leialtasun erradikalaren bitartez eraikitzen da.

Ez da inor salbu ateratzen, ez Portugalgo gobernua, ez askapen mugimenduak. Gerrak eta soldadutzak hiltzea onartzen zuten eta, are gehiago, legitimatzen zuten. Nazionalismoak, ezkerrekoa nahiz eskuinekoa izan, komunismoak eta faxismoak logika hori bera dute. Mertzenarioa ekonomiaren eta sistema politikoaren produktua da, neurri berean; bere ofizioa erregimenen gainetik dago eta iraultzen, estatu-kolpeen eta krisi politikoen testuinguruan egiten du lan, beste pertsona baten botere interesak elikatzeko.

Paulo ahalegintzen da iradokitzen denok garela errudun. Nire asmoa ez da krudeltasuna justifikatzea, ez eta minutu bateko moral merkeaz mozorrotzea ere.


Nola aukeratu zenuen eszenaratzeko modua?

Pelikularen arrazoietako bat Paulorekin ados jartzeko beharra zen, ulertu behar nuen zer nolako trikimailuak erabiliko zituen bere historia kontatzeko. Elkarrizketa hori aurrez aurre gertatzea nahi nuen, ni naizenarekin, Paulo denarekin, eta hirugarren elementu pertsonala erantsita: nonahiko ikuslea. Pauloren historia Historiako garai zail bat da, adar gehiegi dituen garai bat.

Eremu ilun bat da, beraz, eta ez dut inolako aginterik horretan, gerra zikin bat da, eta botereak beti garbitzen ditu eskuak horrelakoetan.

Horrexegatik erabaki nuen elkarrizketa (pelikula honetan) "inoren lurraldean" gertatzen dela, hau da, ez da gertatzen nire goxotasun-eremuan, ez eta Paulo de Figueiredorenean ere. Hasierako baldintza horrek nahasmendua sortu behar zuen biongan.

Aurrena pentsatu nuen elkarrizketaren tokiak anonimoa izan behar zuela. Pixkanaka, pantailatik kanpo gelditzen dena garrantzia hartzen doa, eta une eta toki jakin batzuetan egoteko kontzientzia sortzen da.  Halere, zaila da oraindik identifikatzea non gauden.

Pelikularen estrategia hastapenetik ezarri zen. Espazio horretan ez dugu erreferentziarik, ez Paulok ez nik: eszenatokia eta aulki bat. Batak hitz eginen du eta besteak entzungo du.

Paulok, aulki hartan eseri zen unean bertan, bazekien ikusleak epaitu eginen zuela. Aulkiak esanahi bat baino gehiago dauzka: (a) alde batetik, epaitegi bateko aulkiaren ikonografiaren antza du, edo heriotza zigorra betetzeko aulkiarena; (b) beste alde batetik, Paulori ikuslearen aurrean absoluzioa ematen dion aulkia da.

Elkarrizketa une horretan berean gertatzen da; funtsezko ideia zen ikusleak sentitzea hark une hartan sentitzen zuena. Hala gertatzen bada, pelikulak arrakasta lortuko du. Irudi bakar batean finkatzen denez, zinemak zinegilea eta pertsonaia lotzeko ahalmena du. Desberdintasunak nabarmendu beharrean, lotzen gaituena da harreman bat sortu dugula filmatu ahal izateko.

Antzezpena jolas bat bihurtzen da ikuslearentzat, eta saiatzen da orduan igartzen nor zer ari den fabrikatzen, eta, aldi berean, bere burua pantailan proiektatzen saiatzen da. Beraz, zinemak filmatutako "etsaia" eta ikuslearen intimitateari dagokion zerbait aurrez aurre jartzen ditu. Zuzendariak helburua lortzen badu, ikuslearengan zalantzak eta beldurrak sortu dira. Ispiluaren efektu hori zen pelikularen asmoetako bat. Horregatik, ezinezkoa da hau dokumentu historiko bat bilakatzea. Nolanahi ere, nire iritzia ez da ezertarako ere agertzen pelikulan.


Zertan datza pelikula honen proposamen bisuala, zuk egindako beste lan batzuen aldean?

Film bakoitza errealitatearen itzulpen bat egiteko egitura egokia bilatzen duen pelikula bat da. Gehienetan, nire filmatzeko modua urrun dago errealitate jakin baten inguruko perimetro baten definiziotik; denborak edo geografiak finka dezakete muga. Hortaz, lurralde ezezagunean edo ezagunean murgiltzea da helburua, baina mugekin. Tranpak jartzen dituzu eta zelatan gelditzen zara. Oso zinema fisikoa da, lehendabiziko aldian okupazio baten bitartez sortzen dena. Gorputz arrotz batean sartzea bezalakoa da, eta alderantziz.

Eszenaratze horretan, gutxieneko elementuak erabiltzen dituzu zure historia kontatzeko, horietan nabarmenena da planoaren neurria aldatzea Paulok kontatzen duenaren arabera. Nola landu zenuen argazkia, enkoadraketa…? Zergatik angelu pixka bat kontrapikatu hori, nolabaiteko duintasuna ematen diona? 

Bai, absentzia interesatzen zitzaidan, pantaila hutsik uztea. Bortxa eraginkorragoa da absentzian. Gure burmuina izugarrizko irudi-biltegia da. Hutsarekin, aldiz, xehetasunak, arnasa, etenak, keinuak, eta abar azpimarratzen dira.

Lehenagotik ere aipatu didate angelu kontrapikatua dagoela, baina esan beharra daukat ohar hori gezurrezkoa dela.  Kamera zuzen egon zen denbora guztian.


8. Filmean, halako batean, Paulori eskatzen diozu bere egia baizik ez kontatzeko. Nekatuko zinen galdera horri erantzuten, film honetan zer den egia eta zer gezurra, alegia. Zein neurritan interesatzen zaizu zuk edo ikusleek hori jakitea? 

Pelikula egitean zalantza handiak izan nituen, baina galdera da: Nor da Pablo de Figueiredo? Galdera erantzunik gabe gelditzen da, edo nik aurkitu dudan erantzun pribatu batekin. Berez, ikusleentzat galdera beste bat ere bada, "Paulori ordaindu zaion ala ez", alegia.

Gertaerak gezurrezkoak dira beti. Egia gezurrezkoa da, edo gezurrezkoa da egia? Edo biak gauza bera al dira?

Historiaren narrazioaren, haren oroitzapenaren eta historia beraren arteko mugak aztertu nahi nituen. Gertaerak, batetik, eta bestetik literatura edo irudimena bereizten saiatu naiz, baina oso argi utzi gabe.  Benetan autentikoa dena Paulok egiten duena da, historia bat kontatu, "hemen" eta "orain" gertatzen dena, kameraren aurrean, hasperen eta keinuekin, eta eszenaratzea. Hasperen horretan sortu da dokumentala, eta elkargune horretan ikusleak sumatzen du errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak desegiten ari direla.

Fikzioa ez denak berezko boterea du. Dokumentaletan sinesten dugu errealitate honen gainean eraikita daudelako: horma horretako fikziozko adreilu bat edo bi kenduz gero horma erori eginen da. Fikziozko adreilu horiek beharrezkoak dira. Eta hemen etika sartzen da. Afera pribatuak eztabaida publiko bihurtzen ditugu, baina merezi du ikustea eta eztabaidatzea pantailan erakusten dena.  Horrek ez du esan nahi, baina, leialtasunak erantzukizuna ekartzea berarekin. Dokumentaletan etikaz ari garenean bi alderdi daude. Lehenbizikoa zinegileak kanpoko munduarekiko betetzen duen ekintzari dagokio; bigarren alderdia lotuta dago zinegileak kameraren atzean egiten duenarekin, edizioa, off-eko ahotsa, adibidez, eta bere asmoekin. 


Inspirazioa hartu duzu beste pelikula batzuetan? Basilio Martín Patinok Queridísimos verdugos filmatu zuen 70eko urteetan, Francoren hiru borrero ofizialei egindako elkarrizketa klandestinoetan oinarrituta. The Act of killing ospetsua ere hor dago... munstroaren erretratua egiteko joera dokumentala dagoela ematen du. Eta beti zailtasun handi batekin, ez epaitzea ez dadila izan Estokolmoko sindromean erortzea. Nolakoa izan zen pelikula hau zuretzat, alde moraletik?

"Etsaiaz", gaizkileari buruzko erreferentziako obra batzuk badirela badakit, baina ez dut termino hori onartzen.

Nola irudikatu nahasmendu hori, zerbait gogoan hartzekoa ez denean baina, era berean, ahaztezina denean? Eta ez al da Historia nahasmendu horren edukiontzi erabatekoa? Ez al da oroimenaren eta oroimen-prozesuen lana denboraren eta espazioaren eraldaketa, politikoa, publikoa eta pribatua, nazioa eta familia, nahien prozesua?

Prozesu exijente samarra izan zela esan dezaket, nekagarria eta gogorra. 


Izenean aipatzen den "inoren lurralde" hori inpunitatea izan daiteke, baina kontzientzia txarra ere bai... zer nahi du eta zer irabazten du mertzenario batek aitortza egitean eta filmatua denean?

Zinez uste dut ikusleentzako galdera bat dela, edo Paulorentzat berarentzat. Gauza guztien gainetik, halere, Terra de Ninguém giza konplexutasunari buruzko pelikula bat da.


Pelikulan zehar, Paulok mertzenario gisa izandako esperientziaren berri ematen du, Angola, Mozambike eta El Salvadorko gatazketan, adibidez, baina Espainiako Estatuak 80ko urteetan GALen bitartez ETAren kontra erabilitako gerra zikinean ere. Azken gai hori gertukoa dugunez, gatazka horrek interes berezia du hemen, orain proiektatu behar duzun lurraldean, eta pelikula ikusi ondoren solasaldi batean parte hartuko duzu. Harrigarria da zure pelikula inoiz eman ez izana euskal lurraldean, hain zuzen ere GAL aritu zen tokian. Zein da arrazoia? Nolako harrera egiten diote ikusleek pelikulari,  protagonistak aipatzen dituen tokietan eman denean?

Zaila izaten da beti ikusleen erreakzioa aurreikustea, batez ere munduko bazter askotan ikusi den pelikula baten kasuan. Baina bi adibide nabarmenduko ditut, besteak argitu ditzaketenak.

Pelikula Portugalen estreinatu ondoren, militar ohi batzuek interesa agertu zuten, eta Interneteko blog batzuetan aipatu zen pelikula ikusi beharra zegoela, bertan Paulo ordura arte inork erabili gabeko ikuspegi erradikal batetik mintzatzen zelako gerra kolonialaz; eta horrek aukera eman zuen batzuek eztabaidatzeko deskribapenetako batzuen xehetasunak zuzenak ziren edo ez, baina argudio bat, behintzat, aho batekoa izan zen: "esentzia / sentsazioa" egia borobilena zen. Portugaleko gizartean gerra koloniala tabu bat da etxe gehienetan. Behin ikusle baten mezu elektronikoa jaso nuen, eskerrak emanez pelikulan bere aitak gerra kolonialaz zuen diskurtsoa agerian uzten zuelako.

Pelikula Espainian estreinatu zenean, prentsaren arreta izan genuen, baina arriskua zegoen ikuspegi politikoari soilik erreparatzeko, pelikularen egitura beste zerbait delako, oso argi dago gainera, Terra de Ninguém paradoxei, kontraesanei, dokumentuen beharrari buruzko pelikula bat da... parafikzioarekin, egiantzarekin jolasten du, simulazioan ari da etengabe. Espainiako banatzailea saiatu zen pelikula Euskal Herriko areto komertzialetan ere estreinatzen, baina zinemetan esan zioten jendea nekaturik zegoela ETAren gaiaz. Pelikularen emanaldi bakarra egin zen, Bilbon, Guggenheim museoan, eta ikusleen interesa piztu zuen.

Pelikulan oso argi geratzen da nire jarrera. Ni ez nago hor epaitzeko, ez eta ikuslearen iritzia orientatzeko ere. Ez naiz epaile, ez kazetari, ez historialari. Zinegilea naiz. Irudia argiztatu, bizitu dezaket eta adituei ateak ireki, baina nire aldetik ergela, handiustea izanen zen "bestearen oinetakoak janztea".

Egipton, jendea hizketan aritzen da pelikula osoan, txaloka ere une batzuetan, barre egiten dute, gero isilik gelditzen dira, eta ikusi ondoko debatean interes handia agertzen dute antzeko pelikula bat egiteko hango gertaerei buruz. Era askotako erreakzioak izan dira pelikula honen aurrean.

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información