es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Carolina Astudillo, Xacio Baño eta Velasco Broca, errealizatzaile gonbidatuak X Films Proiektuaren seigarren edizioan
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2015.12.04
Carolina Astudillo, Xacio Baño eta Velasco Broca, errealizatzaile gonbidatuak X Films Proiektuaren seigarren edizioan
Carolina Astudillo, Xacio Baño eta Velasco Broca, errealizatzaile gonbidatuak X Films Proiektuaren seigarren edizioan
Carretera de una sola dirección (Xiana Gómez-Díaz zinegilearena).

X Films Proiektuaren seigarren deialdian hiru artista gazte hautatu dira, Espainian, fikzioz kanpoko zinemagintzan gaur egun egiten ari diren lan alternatibo, duin eta apurtzaileena ordezkatzen duten hiru zinemagile.  Carolina Astudillo, Xacio Baño eta Velasco Broca hautatu dira oraingoan beren lana ezagutzera eman, eta entsegu filmatutako proiektu bat aurkez dezaten jaialdian, oinarri geografikotzat Nafarroa hartuta, horixe baita X films: Juan Huarte mezenas eta enpresaburuak antzeko xedearekin sortutako ekoiztetxearen lorratzean, zalantzaren X-a abiapuntutzat hartzen duten abentura filmikoak finantzatu eta babestea. Horrez gain, jaialdiaren baitan eginen da 2015erako hautatu eta egindako proiektuaren mundu mailako estreinaldia: Carretera de una sola dirección (Norabide bakarreko errepidea), Xiana Gómez-Díaz zinegilearena. Bertan, gizarteak ezkutatutako ibilbide baten berrirakurketa pertsonala egiten du: errepideko prostituzio-etxeak Nafarroan. 

X Films Proiektuaren seigarren edizioko hautapen batzordeak honako kideak izanen ditu: Mercedes Álvarez zinemagilea, Marie Pierre Duhamel zine programatzaile eta komisarioa, eta Alfredo Sanzol antzerki zuzendaria. Haiek arduratuko dira zinemagileek proposatutako lanak jaialdian aztertu eta epaitzeaz; artistek beraiek aurkeztuko dituzte jendaurreko emanaldi batean lehenago egindako lanen pasarteak, bai eta, beste emanaldi batean, Nafarroan filmatutako proposamen berri horiek ere.

Carolina Astudillo (Santiago de Chile, 1975) kazetaria eta zinegilea da, eta Bartzelonan bizi da. Txileko Unibertsitate Katolikoko zine ikasketetako diplomaduna da, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Sorkuntzaren arloko Masterra du. Carolinak ikerketa historikoan, dokumentalak sortzen eta idazkuntzan bete du bere lana,emakumeak eta memoria historikoa erreferentzia puntutzat hartuta. Irakaskuntzaren arloan, ikastaroak eta mintegiak ematen ditu dokumentalgintzaz, zinemaren teoriaz eta found footag-ez Txileko Santiagoko Unibertsitatean, Universidad Chileno Británico de Cultura, La Casa del Cine eta Bartzelonako Escola de Cineman. Bere dokumentalek sariak jaso dituzte zine jaialdi nazionaletan eta nazioartekoetan: De monstruos y faldas (2008), Lo indecible (2012) eta El deseo de la civilización: Notas para El gran vuelo (2014). Bere lehenbiziko lana, El gran vuelo (2014), jaialdi eta erakusketa askotan proiektatu da, eta sari ugari jaso ditu, esate baterako zilarrezko biznaga Malagako Jaialdian, Dokumental Onenari. Gaur egun El Descaro pelikula luzearen postprodukzioan eta Artemisia filmaren gidoaia lantzen ari da. 

 

 

 


 

Xacio Baño (Xove, Lugo, 1983) Leongo Unibertsitatean ikasi zuen zinematografia, eta muntaian espezializatu zen. Lehenbiziko etapan film laburrak egin zituen, Estereoscopía y Anacos, esperimentaletik gertu dauden fikzioak. Ondoren, fikzioz kanpoko munduan barneratu zen, Entre el relámpago y el trueno bisagra-lanarekin. 2014an, Locarnon Ser e voltar lana aurkeztu zuen, eta hortik aurrera beste jaialdi askotan, Mar de Platakoan, adibidez, eta sari hauek jaso ditu: Canal+ saria; epaimahaiaren aipamena Clermont-Ferranden; Ikusleen Saria eta epaimahaiaren aipamena L’Alternativan; ASECAN Saria; eta epaimahaiaren aipamena Alcancesen. 2015ean bigarren aldi egin zuen Locarnon, Eco lanaren estreinaldiarekin; lan hori hautatu zuten Sevillako, Valdiviako eta Zinebi jaialdietan, eta azken honetan Lan Nazional Onenaren Saria jaso zuen. Gaur egun bi pelikula luzetan ari da lanean: Trote (honetarako egoitza artistikorako beka bat jaso du Donostiako Tabakaleran); eta Ana y el futuro, finantzanbideak lortzeko prozesuan dagoena.

Velasco Broca  (Amurrio, Álava, 1978) UCMko Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziaduna da. 16mm-ko pelikula laburrez osatutako trilogiak, Echos der Buchrücken (2001-2007) izenekoak 20 saritik gora jaso du, eta nazioarteko zenbait jaialditan egin dira emanaldiak: Cannes, Sitges, Torino, Estocolmo, Worldwide eta Belo Horizonte. Avant Pétalos Grillados (2007) nabarmentzen da, eta Slamdancen Epaimahaiak Pelikula Esperimental Labur Onenaren Sari nagusia eman zion, Urrezko Mélièsaren aipamena eta hautaketa Cannesko zinemagileen hamabostaldian. Cameo Mediak DVD-an argitaratu ditu bere lan guztiak, 2008a artekoak, idatzi digitalak, soinu konposizioak eta bideo-egunkariak bilduta. La costra láctea (2003) pelikula laburra ere CCCBk antolatutako DEL ÉXTASIS AL ARREBATO: 50 años de otro cine español izeneko antologiaren parte da. Val del Omar: elemental de España (Cameo Media-Museo Reina Sofía, 2011) edizioa gainbegiratu zuen 2010ean. Urte horretan (2010), Ion de Sosaren True Love lehen film luzearen produkzioan eta muntaian hartu zuen parte. Miguel Llansóren lehen pelikula, Crumbs (2014), ere muntatu zuen. Bost urtez Indian egon ondoren, 16 mm-ko formatura itzuli zen, Nuestra amiga la luna filmarekin eta Dioses autonómicos izeneko saila sortu zuen, Canódromo Abandonadorekin batera.

 

 

 

 

Mercedes Álvarez bere jaioterrian (Aldealseñor, Soria) filmatu zuen bere lehen pelikula luzea, El cielo gira (2005); pelikulak nazioarteko sari asko eskuratu zituen: Tiger Award saria Rotterdamgo Jaialdian; Parisko Cinéma Du Réel Jaialdiko lehen saria; Nazioarteko Kritikaren Fipresci saria BAFICIn eta Epaimahaiaren, Ikusleen eta Pelikula Onenaren sariak Buenos Airesko Zinema Independentearen Jaialdian. Espainian, berriz, sari hauek jaso zituen: Película Revelación eta Mejor Montaje, Círculo De Escritores Cinematográficos; Mejor Dirección Novel eta Mejor Dirección Documental, Asamblea de Directores Cinematográficos Españoles (ADIRCE); eta Premio Ojo Crítico de Cine, Radio Nacional de España. Pelikula Frantzian, Portugalen, Holandan, Hego Amerikan eta Estatu Batuetan banatu da, eta 30 herrialde baino gehiagotan egin dira emanaldiak. Bere bigarren pelikula luzeak (Mercado de futuros, 2011) Miradas Nuevas saria eskuratu du Visions du Réel Jaialdian (Nyon, Suotza), Epaimahaiaren Aipamen Berezia Buenos Airesko Zinema Independentearen Jaialdian, Dokumental Onenaren Saria Nantesko Jaialdian, eta Navaja de Oro Luis Buñuel, TVEk emana. 2013an Veneziako Biurtekoan, Kataluniako Pabilioian parte hartzeko aukeratu zuten, Françesc Torres artistarekin batera.

Marie-Pierre Duhamel txinerako eta zinemako graduduna da Parisko unibertsitateen, urtetan lan egin zuen dokumentalen aukeraketan eta banaketan Frantziako areto ez komertzialen kultur sarean; ondoren produkzio zuzendari gisa egin zuen lan La Sept / Arte katean; Pathé enpresan ere ekoizle lanetan aritua da. Komisario independente gisa, Locarnoko Zinema Jaialdiko programatzailea izan zen, eta geroago Veneziako Zinema Mostrako hautapen batzordeko kidea ere (2005-2014). Cinéma du Réel jaialdiko zuzendaria izan zen 2004tik 2008ra, eta lehiaketako sailerako komisarioa izan zen, bai eta atzera begirakoetan ere (Espainiako fizkioz kanpoko zinema, Omar Amiralay, Alexander Kluge, Romuald Karmakar, Lav Diaz eta Jim McBride, besteak beste). Gaur egun, komisario lanak betetzen ditu atzera begirakoetan, tailer tematikoetan eta omenaldietan (La noche tiene muchos ojos, 2014an; Tributo a Amit Dutta, 2015ean), eta zinema arloko zenbait argitalpenetan idazten du Frantzian eta atzerrian; horrekin batera, pelikulen itzultzaile eta azpititulatzaile lanak ere egiten ditu, zinema dokumentalean eta fizkziokoan. Horrez gain, zinemako eta arteko zenbait eskolatako irakaslea da, Frantzian eta beste herrialde batzuetan, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatea barne. Marie-Pierre Duhamel artearen eta zinemako liburuen batzordeko kidea da Frantziako Letretako Zentro Nazionalean.

 

 


 


Alfredo Sanzol
 (Madrid-Pamplona 1972) antzerkigile eta antzerki zuzendaria. Haren lanaren ezaugarri nagusia umorearen erabilera da, umorez planteatzen baititu bere biografia pertsonal eta sozialaren arazoak.  Lanik ezagunenak hauek dira: Sí, pero no lo soy (2008), Risas y Destrucción (2007), Días Estupendos (2010), Delicadas (2010), En La Luna (2011),  Aventura (2012) eta La Calma Mágica (2014). Antzezlan klasikoak zuzendu eta egokitu ditu: Edipo Rey (2015) Sófoclesena, Esperando a Godot (2013) Samuel Beckettena, La Importancia de llamarse Ernesto (2012) Oscar Wilderena edo La Cabeza del Bautista (2009) Valle Inclánena. Estreinaldiak egin ditu antzeztoki hauetan: Centro Dramático Nacional, Teatro de la Abadía, Cuarta Pared Aretoa, Grec Jaialdia, Gayarre Antzokia eta Teatre Lliure. 2014an Teatro de la Ciudad izenekoa sortu zuen Miguel del Arco eta Andrés Limarekin batera.

Xiana Gómez-Díaz errealizatzailea eta ikusizkoen artista. Walkie Talkie Films (2008) ekoiztetxearen sortzaileetako bat, egile-zinema dokumentalean eta bideo esperimentalean espezializatua. Bere lanetan eta ikerketetan gai hauek landu ditu: errelatu intimoa, nortasunaren eraikuntza, genero rolak eta ahozkoa ez den komunikazioa, bai eta irudiaren eta musikaren arteko loturari buruzko alderdi formalak ere. Ikus-entzunezko Komunikazioko doktorea da (UAB) eta Ikus-entzunezko Zientzietako (UAB) eta Kazetaritzako lizentziaduna (Southampton S.U.). Musika sortzailea eta ekoizlea ere bada (Ta!, The Adaptation Dance). Bere lanak topaketa, arte-erakusketa, egile-zinemaren jaialdi eta telebista publikoetan aurkeztu dira. 2014an Proyecto D (D Proiektua) jarri zuen abian, ikerketa+ekoizpen transmedia, eta hortik Cultura de dormitorio (Logelako kultura) izeneko erakusketa sortu zen. Narraciones de adolescencia femenina (Emakumezko nerabeen narrazioak) (BCN Producció '15). Ikerketa horretatik bertatik abiatuta, gaur egun bere lehen film luzea amaitzen ari da. 

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información