es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Punto de Vista Jaialdiko Sail Ofizialean Keywan Karimi zinemagile iraniarraren eta Andrés Duque espainiar-venezuelarraren pelikula berrien estreinaldia eginen da
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2015.12.04
Punto de Vista Jaialdiko Sail Ofizialean Keywan Karimi zinemagile iraniarraren eta Andrés Duque espainiar-venezuelarraren pelikula berrien estreinaldia eginen da
Punto de Vista Jaialdiko Sail Ofizialean Keywan Karimi zinemagile iraniarraren eta Andrés Duque espainiar-venezuelarraren pelikula berrien estreinaldia eginen da

Nafarroako nazioarteko jaialdiak ezagutzera eman du lehiaketara aurkeztuko diren pelikula batzuetako programazioa: amaitu berriak diren bi pelikula dira, ikusi gabeak oraindik, estreinako emanaldia Nafarroako sariketa honetan izanen dutenak. Punto de Vista jaialdiaren X. edizioaren Sail Ofizialean, lehiaketan, pelikula hauen estreinaldiak izanen dira: Writing on the city, Keywan Karimirena, eta Oleg y las raras artes, Andrés Duquerena. Aurreko edizioaz geroztik La Región Central deitutako sail honetako gainerako pelikulen izenak abenduaren erdialderako ezagutuko ditugu.
 

Writing on the City  (Keywan Karimi)

Hamargarren urteurren honetan, Punto de Vista Jaialdian Keywan Karimiren Writing on the City pelikularen mundu mailako estrenaldia eginen da. Ikusmin handia piztu du pelikula honek, eta gaurkotasun handikoa da, zoritxarrez, eragin duen egoera politikoagatik. Zinemagile iraniarraren azken pelikula hau nazioarteko kanpaina handi baten ardatza da gaur egun, egileari babesa eta sostengua adierazteko, lan honengatik sei urteko kartzela zigorra eta 223 azote jasotzeko kondena ezarri diotelako. Irango Iraultzaren Auzitegiak 2015eko urrian emandako epaian aipatzen denez, akusazioa da nagusi den sistemaren kontrako propaganda zabaltzea eta santu erlijiosoak iraintzea.  Pelikula hau estreinakoz ikusiko da Iruñean, eta paseo historiko bat da Teheranen barna, 1979ko iraultzatik gaur egunera, bertako bizilagunek, haien ametsak eta aldarrikapenak adierazteko, paretetan egiten dituzten graffitien eta horma-irudi politikoen bitartez, gehienetan horixe baitute askatasunaren alde sentitzen duten grina eta agintarien kontrako haserrea islatzeko toki bakarra. Zinemagilearen ordenagailua eta zenbait disko gogor suntsitu eta eraman zituen poliziak etxean miaketa bat egin ondoren, baina pelikula honen kopia bat salbatu egin zen eta Punto de Vista Jaialdiaren eskuetan dago. Keywan Karimik bi aste eman zituen kartzelan, eta, auzitegian zortzi aldiz agertu bazen ere bere burua defendatzeko, duela hilabete inguru zigorra ezarri zioten. Horrela, zinegile hau ere azken urteetan auzipetutako artista iraniarren zerrenda luzean sartu da, agintarien iritziz haren lana subertsiboa eta ordenaren aurkakoa dela iritzita. Abokatuak apelaziorako eskaera aurkeztu du, baian epaia irmoa izan daiteke hemendik aste batzuetara. Keiwan Karimik hauxe adierazi du bere burua defendatzeko: "Ez nazazue epaitu, ikusi nire pelikulak". Egoera honen aurrean, zuzendariari sostengua emateko nazioarteko kanpaina bat abiatu da, besteak beste change.org plataforman sinadura bilketa egitea eta zenbait jaialdiren adierazpenak irakurtzea, Donostiako Zinemaldian, adibidez.  Gauzak horrela, Keywan Karimi 2016ko Punto de Vista Jaialdira etorriko ote den egiazko enigma bat da.

Keywan Karimi kurdu iraniarra da, eta Teherango unibertsitateko Komunikazio Zientzietako lizentziatua. 13 film labur egin ditu; horietako bat, The adventure of married couple (2013) izenekoa 40 jaialditara eraman zuen eta urte hartako Donostiako Zinemaldian ere parte hartu zuen. Broken Border (2012) bere lan ezagunenetako bat da; Irango mugan egiten den gasolina kontrabandoa du gai nagusia, eta arazo politikoak eragin zizkion. 



Oleg y las raras artes (Andrés Duque)

Punto de Vista Jaialdian eginen da, halaber, Espainian fikzioz kanpoko egungo zinemagile garrantzitsuenetako baten azken lanaren estreinaldia: Andrés Duque zine zuzendaria da, eta jaialdiaren ibilbidearekin paraleloan gauzatu du bere karrera. 2008ko edizioan Life Between Worlds Not In Fixed Reality dokumental laburrarekin hartu zuen parte, Heterodocsias programaren baitan; 2011n, Ikusleen Saria jaso zuen Color perro que huye film luzearekin, eta 2016ko Punto de Vista jaialdira itzuliko da, Oleg y las raras artes izeneko lana erakusteko, Oleg Karavaichu 89 urteko musikariari buruzko pelikula bat, errusiar kulturan gaur egun ere eztabaidatua eta enigmatikoa den artistaz mintzo dena. Nor da gizon hori, Gogolen ipuin batetik aterata dirudiena? Nikolas II.a tsarraren jopu bat ote da, jauregiko pianoaren ardura jaso zuena, beste garai batzuetako espiritua bizirik manten zezan? Olegek pribilejio historiko hori du, Ermitagen gordetako piano inperial handia bere eskuekin ukitu eta are jotzekoa, Duqueren filmean ikusten denez, baina gaur egungo pribilejio bat ere badu: bere herriko identitatea bere artearekin egunero zalantzan jartzekoa, uneoro eraldatzen eta birsortzen. 

Oleg y las raras artes pelikularekin, Duquek erreibindikatzen du artea askapenerako bitarteko bat dela eta, horrekin batera, hori defendatzeko oraindik bizirik dagoen musikagile bikain baten testigantza biltzen du. Pelikula honen aurretik, zuzendariak Iván Z filmatu zuen, bere lanik ezagunena, Iván Zulueta kultuko zinemagilearen erretratua, Akademiaren Goya sari baterako izendapena eman ziona. 2011n egin zuen lehen pelikula luzea, Color perro que huye, estreinakoz Rotterdameko Nazioarteko Zinema Jaialdian ikusgai jarritakoa, eta, bi urte geroago, Bartzelona Hiria saria jaso zuen Ensayo final para utopía pelikulari esker, bere aitaren desagerpenaz eta heriotzaz egindako film bat, Iruñeko Punto de Vista I. Seminarioan ere aurkeztu zena.

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información