es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Ospina, Simon eta Guerín emanaldi berezietan
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2015.12.28
Ospina, Simon eta Guerín emanaldi berezietan
Ospina, Simon eta Guerín emanaldi berezietan
Le Saphir de Saint-Louis.

Zinema dokumentalaren hiru zuzendari ospetsu izanen dira Punto de Vista jaialdiaren X. edizioan, haien azken lanen emanaldi bereziekin: Luis Ospina kolonbiarra, Claire Simon britaniarra eta José Luis Guerin espainiarra: Todo comenzó por el fin, Le bois dont les rêves son faits eta Le Saphir de Saint-Louis. Hiru zinemagile horiekin batera Michael Snow errealizatzaile kanadarra ere izanen da gure artean, emanaldi berezi bateko protagonista gisa, La Région centrale zinemagintza esperimentaleko lan gorenaren proiekzioarekin, eta master-class bateko irakasle lanetan, Punto de Vista jaialdiaren hamargarren urtebetetzea dugun honetan.

LUIS OSPINA (Cali, Kolonbia, 1949)

USCn eta UCLAn ikasi zuen zinemagintza. Caliko zineklubeko zuzendarietako bat izan zen 1972tik 1976ra; Ojo al Cine aldizkarikoa 1974tik 1977ra; eta Arte Modernoko Museoaren La Tertulia Zinematekakoa ere, Calin, 1986an. Fikziozko bi pelikula luze egin ditu —Pura sangre (1982) eta Soplo de vida (1999)— eta zortzi dokumental luze filmatu ditu, besteak beste Andrés Caicedo: unos pocos buenos amigos (1986), Nuestra película (1993), La desazón suprema: retrato incesante de Fernando Vallejo (2003), Un tigre de papel (2007) eta Todo comenzó por el fin (2015). Horrekin batera, hogei bat pelikula labur zuzendu ditu, Oiga, vea (1972) eta Agarrando pueblo (1977) adibidez, Carlos Mayolo zuzendari eta Ojo al Cine, Kinetoscopio, El Malpensante, Número eta Cinemateca argitalpenetako zinema kritikaria ondoan zuela. 

Zinema klaseak eman ditu unibertsitate hauetan: Universidad del Valle, la Universidad Javeriana eta Universidad de Los Andes. Eta liburu hauen egilea ere bada: Palabras al viento, Mis sobras completas (2007), zinemari buruz idatzitakoen bilduma; eta Andrés Caicedo: cartas de un cinéfilo (2007) liburuxkena. 2009az geroztik Caliko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoa da. Andrés Caicedo: morir y dejar obra (2012) erakusketaren komisarioa izan da. 

Todo comenzó por el fin (Kolonbia, 2015)

Ospinaren azken lan luzea susperraldi bikoitz baten lekukotza da, zinegilearena berarena, osasunez larri ibili baitzen bolada batez, eta bere zinema taldearena, Caliko Caliwood izenaz ezaguna zen taldearena, alegia: lagun zinemazale porrokatu batzuk elkartu, eta dagoeneko Kolonbiako zinemaren historiaren parte diren zenbait lan zinematografiko ekoiztea lortu zuten. Eta 70eko eta 80ko hamarkadetako mugimendu zoroaren eta kaos historikoaren erdian egin zuten gainera. Ez da oso ohikoa pelikula bateko zuzendaria ikustea ospitale bateko ohetik bere zinemagintzaz mintzo. Punto de Vista Jaialdiak Espainian estreinatuko du lan hau Torontoko edo Yamagatako jaialdietatik arrakasta handiz pasatu ondoren.

CLAIRE SIMON

Londresen jaioa eta Frantziako Var Departamenduan bizi izandakoa. Bere ibilbidea pelikula laburrekin (Scènes de ménage, starring Miou Miou, 1992) eta Récréations eta Coûte que coûte —antzerkirako moldatua— dokumentalekin hasi zen, aurrerapauso erraldoia Frantziako dokumentalaren mundurako. Fikziozko bere lehen film luzea (A Foreign Body, 1997) Cannesko Jaialdiaren sail paraleloan programatu zen. Ondoren, zenbait dokumental zuzendu zituen (800 KM de difference / romance, 2001; Mimi, 2002); Europako Parlamentuari buruzko film bat, fikzioa eta dokumentala nahasian (Ça c’est vraiment toi); antzezlan bat (Objets d’amour); eta fikziozko bi pelikula (Ça brûle, 2006, Les Bureaux de Dieu, 2008). Les Bureaux de Dieu pelikulak familia plangintzaren zerbitzuetara eramaten gaitu, eta SACD saria jaso zuen Errealizatzaileen Hamabostaldian. 2013an fikziozko zinema-lana zuzendu zuen (Gare du Nord) eta dokumentala (Géographie humaine), bi pelikulak Parisko Gare du Nord geltokiari buruzkoak. Ordutik hona beste bi dokumental luze egin ditu: Le Bois dont les rêves sont faits eta Le Concours.

Le bois dont les rêves son faits (Frantzia / Suitza, 2015)

Claire Simonek ia urbanoa den oihan baten geografia erretratatzen du bere azken lan handi honetan, Vincennesko basoa, Paris kanpoaldean. Denon eskura dagoen paradisu galdu moduko bat da, eskuragarria, mundu guztiak jotzen du bertara aterpe edo bakardade bila, begiradaren arabera. Basoak klase sozial guztietako kideak onartzen ditu, bereizketarik gabe, eta besoak zabaltzen ditu hiriaz nekatu den hiritarrak amestutako irudi faltsua balitz bezala. Asfaltoan bizitzeko zailtasunak atzean gelditzen dira hemen, eta terapia berdea izan litekeena agertzen da: herritarra jolasean, jostetan eta ametsetan aritzen da, bere errealitate grisean ez bezala.

JOSÉ LUIS GUERIN (Bartzelona, 1960)

Ikusleen gehiengoarentzat laugarren pelikulari esker egin zen ezaguna: En construcción (2001, Goya sari bat jasotako lehen dokumental luzea). Lan horren arrakasta ikusirik, zinemazale eta kritikari askok zinemagile honen aurreko pelikulen berri izan zuten: Los motivos de Berta, fantasía de pubertad (1983), Segoviako herri txiki batean, paisaia lau eta infinituko probintzian bizi den nerabe baten bilakaera jasotzen duena; Innisfree (1990), Irlandan egina, John Forden eta The Quiet Man (1951) filmaren errodajearen atzetik; eta Tren de sombras el espectro de le Thuit (1996), dokumental gisa (Parisko Cinéma du Réel jaialdian proiektatua) eta fantasiazko pelikula gisa aurkeztua (urrezko eta zilarrezko Méliès saria, Fantasiazko Zinema Jaialdien Europako Federazioarena). Guerínek idazketa zinematografikoa, denbora eta memoria nahasten ditu. 2007an hiru lan egin zituen formatu desberdinetan gai bera hartuta, emakume eskuraezinarena: En la ciudad de Sylvia. 2009an gutun-truke filmikoan hasi zen lituaniar jatorriko Jonas Mekas zinemagile amerikarrarekin; horri buruzko erakusketa egin zen Pompidou Zentroan 2012ko bukaeran. 2015ean, La Academia de las Musas estreinatu zuen (Urrezko Giraldillo saria Sevillako Jaialdian).

Le Saphir de Saint-Louis (Espainia, 2015)

Punto de Vista jaialdian aspaldiko ezaguna dugu Bartzelonako zuzendari honen eskuetatik sortutako azken dokumentala jaialdiaren hamargarren urteurrenean estreinatuko da. Opari handi bat da, opari borobila, filmaz eztabaidatzera eta aretoko ikusleekin elkartzera ere etorriko baita zuzendaria bera. Pelikulak La Rochelleko Saint-Louis katedrala du oinarri, batere “flamboyant” ez den katedral bat, baina kaperetako batean altxor berezi-berezi bat gordetzen duena, zinemagilearen begiaren eta arimaren erakargarri. Hantxe, merkataritza-nabigazioaren ex-voto ugariren artean, margolan bat ikus daiteke, Saphir itsasontziaren tragedia erakusten duena: esklabo-trafikorako goleta bat izan zen, luzaroan tropikoen arteko uretan hondoa jota gelditu zena, barrenean 271 esklabo eta 30 marinel zituela. Margolan txiki hori katedral batean historia handiari irekitako ate ezkutu baten modukoa da.

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información