es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Allan Sekula eta itsasoa merkatarien tenplu gisara irudikatzeko bere parabola Punto de Vistaren hurrengo FOKUan
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2016.04.25
Allan Sekula eta itsasoa merkatarien tenplu gisara irudikatzeko bere parabola Punto de Vistaren hurrengo FOKUan
Allan Sekula eta itsasoa merkatarien tenplu gisara irudikatzeko bere parabola Punto de Vistaren hurrengo FOKUan

Itsasoko hodeiertzak aspaldi utzi zion bi elementuz (itsasoa eta zerua) baizik osatua ez dagoen irudia izateari. Edozein kostaldetan gaudela, begiak paseatzera ateratzen baditugu, luze gabe hirugarren osagaia agertuko zaigu, nahitaez, munduaren amaierako marra horretan parasito: itsasontzi bat. Baporea, gurutzontzia, zamaontzia edo pakebotea izan, alde batera utzirik bakoitzaren eginkizun praktikoa, paisaiaren inbaditzaile horrek urratu egiten du begirale lurtarrok infinitu horri buruz dugun ideia, inguratzen gaituen ozeanoari egoki eta zuzen beti esleitu dioguna: amaierarik gabeko eremua izatearena.

Premisa horrexek blaitzen gaitu The forgotten space film ederreko uhinak ikustean, haren zuzendari den Allan Sekula artista, argazkilari eta zinemagintzako teorikoak iradokita. Filmak nazioz gaindiko abentura ontzi batean eramaten gaitu, ia zorabiatu arte, kresalarekin batera salaketa eta harridura dastarazten dizkigula; Holandatik Txinara eta Los Angelesera garraiatzen gaitu, Bilbon barna pasatuta, galdera hau eginez: zer ari da gertatzen gure munduan, nazioarteko merkataritzaren %90 itsasoz egiten delarik jendeak hori ikusten ez badu eta ezagutu ere egiten ez badu?

Sekula orain dela hiru urte zendu zen, baina bere obra utzi zigun, eta hartan galdera handiak aurkitzen ditugu bi gairi buruz: lan-mundua eta itsasoari lotutakoa. Eta, hain zuzen ere, aipagai dugun filmean, Noël Burch-ekin batera (bera bezalaxe zinemagintzako teorikoa), bi kezka horiek uztartu egiten ditu. Film hauxe da bere lanik sarituena, eta egilearen Fish Story proiektuaren barrenean sartzen da. 1995ean estreinatu zuen ekimen horren bidez, itsasoaren gaur egungo barrunbeak arakatu nahi izan zituen, merkatariz jositako tenplu bihurtu den horrenak. Kate batean lotzen dira Belgikako laboraria, Holandako itsasontzien zamaketaria, Los Angelesko aduanazaina eta Txinako eskulan merkea. Sekula-Burch bikotearen interesgune horiek agertzen dira saiakera lan honetan. Dokumental arloko maisulana da, irakasten diguna nola harrapa daitezkeen hain zabala den eremu bat eta haren baitako inplikazio guztiak film bakar batean. Elkarrizketak, artxibo-lana eta film zaharrak baliatuz, "mundu kapitalistaren geografia alegiazko eta material"ei buruzko puzzle bat da azkeneko emaitza. Sekulak kontatzen digu globalizazioa uretan hasten dela, eta itsasoa, gure itsasoa, poesia eta mentura jantziak erantzita, gero eta fenizioagoa den merkataritzagune erraldoia bihurtu dela gaur egun, behialako odisea eta balentriarik gabe.

Filmari saria eman zioten Venezian, eta Espainian Reina Sofia museoan aurkeztu zen, hor non berriki eskuratu baitute egile horren ikus-entzunezko ekoizpenaren zati bat. Lan honen bidez, Allan Sekulak jarraitzen du artean eta zinemagintzan lehendik irekitako militantziaren ubera berean; ildo horretan eginak ditu Black Tide saila, Prestigek Galiziako kostaldean eragindako hondamendiaren ondotik, edo  Waiting for Tear Gas, globalizazioaren aurka Seattle-n izan ziren protesten gaineko filma. Zinemagile honek idatzi dituen liburu ugari eta saiakera zoragarrien artean (The Body and the Archive, konparazio batera), beti eduki du burutan zalantza hau: "Baieztapen akritiko eta pseudopolitikoak isurtzen dituzten lanen ordez, nola ekoitzi genezake elkarrizketa sustatuko lukeen artelana?" Itsasoa beti jomuga izanik, egun batean bera urpekari modura hurbildu zen aro digitaleko handi-mandiaren luxuzko ondasun baten ondoraino, Dear Bill Gates filmerako lanean ari zela; ordukoa da berri honekin batera txertatu dugun argazkia, eta jarraian irakur dezakezue hari dagokion testua.

 
1999ko azaroaren 30ean

Bill Gates agurgarria,

Lehengoan igerika hurbildu nintzen ametsetako zure etxearen ondoraino, baina ezin izan nintzen iritsi atea jotzera. Egiazki, ez nintzen ausartu ur azpian dituzun segurtasun sentsoreek eman zidaten beldurragatik.

Gustura sartu izanen nintzen, eta Winslow Homer-en koadroa ikusi:
Lost on the Grand Banks. Jakizu hagitz iritzi ona dudala obra horri buruz, baina, adiskide eta herritar soil gisara, zintzoki uste dut horren truke 30 milioi dolar ordaintzea, zuk egin zenuen bezala, gehiegi dela.

MARGOLAN AMERIKAR BATEN TRUKE INOIZ ORDAINDU DEN KOPURURIK HANDIENA!

Eta jakin nahi nuke nondik nora zuk halako interesa izatea txalupa eskas batean, olatu harroen gainean eta laino pareta batez inguraturik, soraio doazen bi arrantzale xume erakusten dituen koadro batengatik?

Arrantzale horiek zerutik ahalik eta hurbilen daude, baina are hurbilago egonen dira itsasoa gaiztotzen bada. Heriotzaren zubian daude biak, zerorrek badakizu hori, eta heriotza hori ez da batere gozoa izanen.

Eta zutaz pentsatuz, Bill, sarean nabigatzen ari zarenean, zuk ere zeure burua galdua ikusten duzu? Edo aurkitua?

Eta gu? Galduak edo aurkituak? Sare horren gainean gaude edo barrenean harrapatuak?

Allan Sekula, Dear Bill Gates, 1999.

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información