es | eu | en
hasiera  |  2017ko albisteak  |  Jorge Oteiza izango da Punto de Vistaren 2017ko Heterodoksiak zikloaren protagonista
FILMEN BILATZAILEAIr a Buscador de Películas
Punto de Vista Bilduma
ALBISTEAK
2017.02.21
Jorge Oteiza izango da Punto de Vistaren 2017ko Heterodoksiak zikloaren protagonista
Jorge Oteiza izango da Punto de Vistaren 2017ko Heterodoksiak zikloaren protagonista
Urbia

Nola antolatu pelikula bakar bat ere egin gabeko zinemagilearen atzera begirakoa? Punto de Vistan, erronkak  maite ditugunez, amildegira bota eta arrisku bat hartu dugu; hau da, lau zinema-arratsalde betetzea Jorge Oteizaren existitzen ez den obrarekin. 

Gure herrialdean bazterrean gehien geratutako zinemagileei —ahaztearen bidegabekeriarengatik— edo jaialdietan gutxi edo batere ez tratatutakoei edo aretoetan batere proiektatu gabekoei —ahanztura berarengatik— eskainitako atala da Heterodoksiak izenekoa. Eta Jorge Oteiza, ezbairik gabe, zinemako heterodoxo nagusia da, zinemari dagokionez asmatutako gidoi eta ideia askotatik bakar bat ere filmatzera iritsi ez zen norbait, baina paperean, oharretan eta gidoietan idatzitako zinema potentzial osoaren ondare ez txikia eta zoragarria utzi ziguna.  

Oteizak ez zuen filmik egin hainbat arrazoi medio; bereziki, garai hartan zinemak zailtasun teknikoak izateagatik. Ondorioz, lana taldean egin beharra zegoen, eta norberak sortzeko zuen indarra prozesuan galdu eta azken emaitzan eragin gutxirekin edo nahastuta geratzen zen. Horregatik, haren zinemak geratzea erabakitzen zuen, nahita edo nahigabe, ia beti askatasun zezel horren lehen etapan, sortzailearekin zintzoa den lehen fase garbi eta egiazko horretatik igaro gabe. Hori dela-eta, batzuetan ondorengoa oihukatzen zuen: “Zinemak teknikoki aurrera egiten badu, niri abisatu!”.

Beraz, Oteizaren inguruan prestatu dugun programak hiru bide jarraitzen ditu: batetik, haren ideietatik sortu eta beste batzuek filmatu duten zinema, Oteiza dela-eta izenburuarekin aurkezten ditugun bi saioak, hots, Oteizarengan inspiratutako zinema. Bestetik, haren fitxategietan gordeta aurkitu dugun zinema, superzortzi erako pelikulak, Oteizak berak filmatuak eta haren ideia filmikoei buruzko soinu-grabazioak: Oteizaren zinema-altxorrak, Ihes egiten duen gizona izenburupean aurkeztuak. Eta, azkenik, jaialdiko azken gala; hau da, ikus-entzunezko antzerkiaren armen bitartez Orioko sortzaile nekaezinarengana hurbilduko gara, eta zinemarekin eta aldi berean jaialdiaren aurtengo gaiarekin (HEGAN EGIN) lotuko dugu, Oteiza eta ilargia izeneko azken jaian.

Jorge Oteiza Orion jaio zen 1908. urtean, eta euskal eskultore nagusia da, Eduardo Chillidarekin batera. Eskulturako nazioarteko saria irabazi zuen Sao Pauloko Biurtekoan, 1957. urtean. Haren obra, egin ohi zenaren kontra, hutsari eta desokupazioei buruzko proposamen erradikalean oinarritzen da —unearen aldeko apustua egiten duen haren zinema bezala, memoria kendutako gizonari eskainia—. Eskultore-karrera uztea erabaki zuen 1963. urtean, diziplina horretan diskurtso guztia amaitu zuela uste zuelako eta jada ez zuela ezer berririk emateko zintzotasunez onartu zuelako. Orduan, poesia eta zinema jorratzeari ekin zion buru-belarri, hark esaten zuen moduan zinemaren teknika masiboari, eta eskulturan edo poesian harrapatzea lortu ez zuen gizona harrapatzea espero zuen. Beraz, zinemarako deribak eta eskultura uzte horrek logika esperimentalari erantzuten die eta ez nahiera bati. Esate baterako, esaten zuen landu zuen lehen filma egiaz haren azken eskultura zela: Acteón, egindako gidoi luze bakarra, pantailara eramana (Jorge Grauk zuzendu zuen, eta Oteiza azken emaitzarekin oso haserre geratu zenez, kredituetatik kentzeko eskatu zuen). “Lineman eskultorea izan naiz”, zihoen artista osoak, arteak iragazgaitz eta beren hilotz egiten dituzten muga guztiak ezabatuaz. Horren aurrean, Jorge Oteiza bizitzaz betea eta berpiztailea aurkeztuko dugu hemen, paradoxikoa bezain bikaina, zinemarik gabeko zinemagile handia bezala, baina zinemaz gainezka egina.

OTEIZA DELA-ETA, SARRERA 

Bertsoa, mugako eskultura, ibilbide geografikoa, apostoluak, etxea,… eskultore, poeta, zinemagile, artistari edo, hitz batean, Jorge Oteizari eskainitako lehen saioen zinemagileek aurkezten dituzten zenbait inspirazio-motibo dira. Jaialdiko gure mentoreari, Jean Vigori, lapurtutako izenburuarekin, dela-eta horren bitartez, bihotzezko omenaldia egin nahi diogu, Oteiza bezalako zinemagileak, bere zinema ez izan arren, besteengan zinema egitea eragin duela erakustearekin batera. Hemen ez dira haren irudiari eta lanari buruzko dokumentalak erakutsiko, ez da haren bizitza eta mirariak azaltzen dituen zinema, baizik eta harengandik sorturikoa, autore bakoitzaren obra partikularrak ezartzeko, Oteizaren unibertsotik abiatutako zazpi begirada ezberdinetatik eratorritako obrak, nahitaez harengan geratu ez direnak. Oteizaren zinema da musa bezala, bi saiotan banatua; zinema pertsonala eta askea, zalantzarik gabe, berak ere egin nahi zuena. 

OTEIZA DELA-ETA, SARRERA I

  • Paisaje Desocupado (Juan Carlos Quindós, 12’)
  • Harriaren Erresistentzia (Guillermo Zuaznabar, 15’) 
  • Siete Vigías y Una Torre (Manuel Asín, 37’) 

OTEIZA DELA-ETA, SARRERA II

  • A la sombra de Perkain (Fernando Pagola, 6’) 
  • Soroa (Asier Altuna, 13’) 
  • Casa Vacía (Jesús Palacios, 20’)
  • Oteiza: Apóstoles y Reclusos (Itziar Añibarro 9’) 
  • Making of de Oteiza: Apóstoles y Reclusos (Itziar Añibarro, 32’)

OTEIZA, IHES EGITEN DUEN GIZONA, SARRERA 

“Zineman gizakia gordetzen da, umetan hondartzan zulo batean gordetzen garen moduan. Ezin da elkarrizketarik egin errealitate gogorretik ihes egin nahi duen egungo gizonarekin. Estatuan itxaroten badiogu, ez da etortzen. Nobelan bagaude, han ere ez da sartzen. Baina ihes egiten duen gizona zineman sartzen da. Beharrezkoa da ihes egiten duen gizon horri itxarotea, eta, han, zinemaren barruan, narrazio zinematografikoan, lagundu egin behar zaio”.

Honako hau da Orioko artistaren inguruan antolatutako hirugarren saioa, eta, bertan, haren artxiboko altxor filmiko handiak eta eskasak —eta, ondorioz, baliotsuenak— eskainiko ditugu. Jaialdiak neurrira egindako saioa da, inoiz erakutsi gabea, eta pantailan ikus ahal izango dira Oteiza berak filmaturiko bi superzortzi eta sormen filmikoari buruzko argibide eta ideiekin utzitako soinu-grabazioak, beste sorpresa hunkigarri bat edo  besterekin batera; hala nola, Oteiza Iru gabean euskaraz abesten, berak idatzitako abestia eta, ondoren, Oskarbi taldeak musika jarri ziona. Saioan batez ere bi soinu-fitxategi eta bi film eskainiko dira, Nestor Basterretxeak zuzendutako Operación H film laburraz gain. Azken film horretan, Oteizak ideia batzuetan eta egiterakoan esku hartu zuen. Gainera, azken obra bezala, garrantzitsua da saio honek proposatzen duenerako; alegia, artistak bozetoetan eta ideietan burututako zizakadura filmikoak ezagutzera ematea. 

  • Urbia, Jorge Oteizak filmaturiko superzortzi pelikula (8´10 min / 1960 gutxi gorabehera)
  • Discurso al hombre en la oscuridad del cine. Jorge Oteizak erregistratutako soinu-artxiboa  (11 min., Irun, azaroak 12, urtea falta da)
  • Operación H, Nestor Basterretxearena, Jorge Oteizaren parte hartzearekin (1963, 12 min.)
  • Cómo filmar una escultura. Jorge Oteizak filmatutako eta erregistratutako lekukotza (3 min. 12seg., 1989)
  • Aranzazu, Jorge Oteizak filmaturiko superzortzi pelikula (2,30 min., 1969 gutxi gorabehera)

AZKEN GALA, OTEIZA ETA ILARGIA 

Martxoak 11, larunbata, 20:00, Kamera Aretoa 

Oteizari eskainitako azken saioa izango da, euskal artista jaialdiaren aurtengo gaiarekin nahastuko duena, hegan egitea, eta kasu honetan irudien eta antzerkiaren bitartez. Hezur eta haragizko Oteizak hegan egitearen inguruko teoriak argituko dizkigu animalia hegaldun baten aurrean, zerua gogorarazten duen haitzulo baten barrenean edo hilerria hutsik dagoen aireportua dela bezalako ideietan. Oteizak asko hitz egiten zuen hegan egitearen inguruan, eta hainbat poema idatzi zituen; esate baterako, Sé que volaré poema ederra. Carlos Aurtenetxe poetak ondo esaten duen modua, “Oteizarengan dena da erorketa, baita hegaldia bera ere”. Eta helmugarik gabeko hegaldi horren amaiera bezala, ilargia. Bil Argi aurreindoeuropearra ikasten zuen Jorge Oteizarentzat eta ez hildakoen argia, egungo euskaran geratu den moduan, il argi. Haren ilargia zinematografikoagoa da, bil argi, mugitzen eta urruntzen den argia bezala itzulia, ilargi iheslaria, galaren jarraian azken filmean ikusiko dugun moduan: Nuestro siglo, Artavazd Pelechian-ena. Euskalduna eta armeniarra ezezagunerako hegaldiak elkartuta. 

SARREREN SALMENTA

BALUARTEKO LEIHATILA BALUARTE PLAZAN, OTSAILAREN 24TIK AURRERA 

Astelehenetik larunbatera, goizez eta arratsaldez (11:00-14:00 eta 17:00-20:00).  Tel.: 948 066 060

LEIHATILA BALUARTE HALL-EAN, JAIALDIAN ZEHAR 

Hilaren 6tik (astelehena) hilaren 10era (ostirala): 9:30-13:00

Hilak 6 (astelehena) eta hilak 11 (larunbata), arratsaldez: 16:30-20:30

Hilaren 7tik (asteartea) hilaren 10era (ostirala), arratsaldez: 16:30-22:30

Jaialdiari buruzko programazio osoa Punto de Vistaren web orrialdean kontsulta daiteke; bertan, eskuko egitaraua deskarga daiteke. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jaialdiaren bulegora jo behar da:
Herritarrak artatzeko ordutegia: 9:30-14.00 eta 16:30-20.30 

E-maila: info@puntodevistafestival.com

itzuli

ANTOLATZAILEAK
Gobierno de Navarra NICDO
LAGUNTZAILEAK
Teatro Gayarre Fundación Museo Jorge Oteiza Civican Centro de Arte Contemporáneo de Huarte Acción Cultural Española Radio 3 Euskalerria Irratia Cultura Film Revista Filmada Revista Don Institut Français
Uso de cookies:
Este sitio web utiliza cookies, tanto propias como de terceros, para recopilar información estadística sobre su navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Más información