Rick Prelinger

Rick Prelinger (Washington, 1953) artxibozaina, zinemagilea eta Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea da. 1980ko hamarkadaz geroztik artxibozaintza zinematografikoaren arloan lan egiten du, eta 2000n akordioa sinatu zuen Internet Archiverekin, sarean 2.100 film jartzeko; harrezkero, kopuru horrek hazten jarraitu du. Film hauek egin ditu: Panorama Ephemera (2004), No More Road Trips? (2013) eta All-Is-Well (2016). Horiez gain, Lost Landscapes of San Francisco eta Lost Landscapes of Detroit izeneko film programak edo “esku hartze historikoak” sortu ditu. Megan Prelingerrekin batera Prelinger Library sortu zuen, ikerkuntzarako liburutegi bat nahi duen ororentzat San Frantzisko erdigunean.

«Recycling Programs: Rick Prelinger and the meta-archival documentary» lanaren oharrak

Leo Goldsmith

I. «Ikusleen parte-hartzea»

«Ozenago, mesedez».

Rolling Stonesen bilduma bateko karatularen oharretan egindako dei bat irudi  litekeen hura Rick Prelinger idazle, zinegile eta, haren hitzetan, «metaartxibozain»aren beraren aholkua da Lost Landscapes of Detroit filmaren proiekzioaren hasieran.  Prelingerrek proiekzio-areto txiki bat prestatu du, txikia eta jendez betea, live cinema teknikaren esperimentu baterako; izan ere, hiriaren historiaren (1917 eta 1970 bitartean) zatiak dokumentatzen dituzten film amateur eta industrialek haiengan pizten dituzten erreakzioak esatera (are, oihukatzera) bultzatzen ditu ikusleak egileak.

Ikusleak parte hartzera animatzen dituen ariketa honetan, beren istorioak, pasadizoak, faktoideak eta galderak oihukatu ditzakete, Detroiteko leku ahaztuetako batzuen ad hoc egindako kartografia psikogeografiko kolektibo gisa.

II. «Erregistroak ebidentzia ikusgaien iturri gisa»

Estetika dokumentalari buruzko kritika-eztabaida gehiena egiatasun, etika, irudikapen eta performancearen inguruko aferetan (errealitateko zinearen inguruko azterketatik eratorritako alderdiak dira haiek, gehienbat) ardaztu bada ere, ez-fikziozko moving image erako film askok eta askok aldez aurretiko materialak biltzen dituzte, erabat edo zati batean, eta ez zinegilearen eta subjektuaren arteko elkartze zuzenagoak. Artista, kirolari eta politikariei buruz bai antzokian, bai pantailan emandako film biografikoetatik hasi, Adam Curtisek eta Harun Farockik ekoiztutako artxibo-materialei buruz egindako ikerlan elaboratuenetan buka, film dokumentalak artxiboan oinarritu dira ebidentzia ikusgaien iturri gisa.

III. «Dokumentalaren etorkizuna»

Rick Prelingerrek ahalbidetu egin zuen bere bilduma itzelaren milaka film doan egotea eskura Internet Archiven, eta gaur egun ere jarraitzen du ematen artxiboko materiala bai online, bai mundu osoko antzoki eta jaialdietan ematen diren dokumental askotarako. Prelingerren ustez, dokumentalaren etorkizunak (eta, hain zuzen, hedabide-mota guztien etorkizunak) «artxiboekiko konpromiso gehiago» eskatuko du, aipatu tresna eta baliabideen ugaritzeari esker aro digitalean.

IV. «Jende guztiak du hondeatzeko, editatzeko eta harritzeko eskubidea»

Lost Landscapes seriean, Prelingerrek interes gehiago hartu zuen topografian kronologian baino: historian barna ibili da kokapenak alderatzeko hiriko historiaren une desberdinetan. Ikusleen parte-hartzearen bidez, Prelinger «4D eredu» bat sortzen saiatzen da, erabiltzaileek Interneten uzten duten iruzkin-motak imitatzen dituena —metadatoen ekarpen masiboa zuzenean, halaxe deituko diogu—, kokapenak eta uneak identifikatuta, eta pasadizoak eta ahaztutako istorioak partekatuta. Prelingerren ustez, nolabaiteko geoetiketatze zinematografikoa da, non ikusleek hauxe egin baitezakete: «koordenatu espazialak esleitzea irudi bati; ez bakarrik filmatu zen tokiari, baizik eta ikusten den hari ere». Espazio eta forma zinematografikoaren ikuskera berri horrek iradokitzen du Prelingerrek online artxiboekin egindako lanak antzinako hedabideen eta gaurko hedabideen arteko elkarrekikotasun berritzailez blaitu duela haren pentsatzeko modua. «Gaur egun,  xehetasun-maila ia mugagabe batean dokumentatu dezakezu gure egunerokoa», azaldu du. «Izan ere, munduaren eta maparen arteko elkarrekikotasun doi-doiaren ideia borgiarrera hurbiltzen ari gara. Baina iraganeko dokumentazioa bestelakoa da. Mugatua da, balio-baliotsua askotan; gehiago ere izan nahiko genuke». Ildo horretatik, Lost Landscapes seriearen taldekako esperimentuek historiaren hutsune horietako batekin amaitzeko aukera ematen dute, baita ohiko narratiba historikoetarako ibilbide berri bat uztartzeko ere. Puntu horretan, anbiguo agertzen da berriro ere Prelinger nomenklaturari dagokionez: «Litekeena da Lost Landscapes izenburua ez izatea oso egokia: ez gara mugatzen antzinako sekuentziak ikusteko elkartzera; etorkizuna nolakoa izan daitekeen hizpide duen eztabaida-talde bat gara».

Dokumental gehienetan zirriborratzen diren hotsandiko ibilbide historikoen ordez,  horiexek dira, Prelingerren ustez, iraganaren irakurketa berria egin eta etorkizuna berriro irudikatu ahal izateko berrikusi beharreko mikronarratibak. Eta, prozesu horrekin hasteko, beharrezkoa da artxibora iristeko aukera errazagoa izatea eta hartaz gehiago baliatzea. Prelingerren hitzetan, Full Frame lanean, «askotan aitortzen ez den nolabaiteko eskubide hiritar bat egitea dakar horrek: belaunaldi bakoitzak eta talde bakoitzak historia bere posiziotik eta bere helburuekin  berrinterpretatzeko eskubidea duela, jende guztiak baitu hondeatzeko, editatzeko eta harritzeko eskubidea».

«Recycling Programs: Rick Prelinger and the meta-archival documentary»,

de Leo Goldsmith, se publicó en Moving Image Source (Museum of Moving Image), en 2011.

Rick Prelinger Rick Prelinger
Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.