UHARTEAK

Lehenbizi Uhartea izan zen. Beharbada Arango gizona eta Nanook biltzeko; izan ere, bietan itsasoak inguratutako jendea aukeratu zuen Robert Flahertyk dokumentaleko istorioa kontatzen hasteko. Irlandako kostaldean egin zuen pelikulan, ekaitz bete-betean giza irudia ezabatzen duten uhinek beldurgarriagoa den zerbaiti ematen diote hasiera: zinemako lehen heriotza zurirako iraungipen natural batek irudikatuta dago. Ordudanik, kamerek ez dute etsi eta, irrika geografiko horrekin, uharte urrunenetara bidaiatu dute, urrunekoa gerturatzen eta mugaldeetarako grina biltzen saiatzeko; funtsean, muturreko gizona irudikatzeko.

Ardatz horien inguruan egingo du bira, baita ere, Punto de Vista jaialdiaren edizio berriak. Hala, aurtengo edizioari giltza den galdera batekin ekingo diogu: nola kontatu uharte bat? Lehenbiziko erantzunak Rudolf Thomek eta Cynthia Beattek osatutako bikotearen eskutik helduko zaizkigu. Bi zinemagile horiek, 1978an, borondatez eta asmo antropologikoz galdu ziren Polinesiako uharte batean, eta esperientzia guztia oraindik Espainian estreinatu ez den kultuzko film batean jaso zuten: Uharte baten deskribapena. Bitxiena zen, zinemagileek gero aitortu zutenaren arabera, uhartean zenbat eta denbora gehiago eraman, orduan eta gutxiago ulertzen zutela.

Flahertyren uhartetik milia nautiko gutxi batzuetara, Jean Epsteinek, 30eko hamarkadan, honako hau hartu zuen helburu: jendeak hiru kilometro luze zituen eta, itsasoaren astinduen ondorioz, hiru hilerri zeuzkan uharte batean bizitzen jarraitzeko zer arrazoi zeuzkan jakitea. Lan horretan, olerki bretoiak baliatu zituen. UHARTEAK programak ohorezko txoko bat edukiko du haren Mor'Vran filmarentzat, non ikusiko dugun 25 minutuan ez dagoela haizeak gogor jotzen ez duen planorik. Pelikula horretan ez dago lurrik, airea eta ura dira nagusi. Gainera, Epsteinek erakutsi zuen gauzen hondoa filmatzeko bertsoak ezinbestekoak direla. Orkadetako txoko txiki bateko uhartetar Margaret Tait zinemagile eta olerkariak ere bertsoak baliatzen zituen. Horregatik, uharteei buruzko programa berezi honetan, haren omenezko atzera begirako erakusketa bat eta poema-liburu bat egin ditugu. 

Flaherty eta Epstein begirada bakarreko bi uharte dira, baina programako jolasa alderantzizkoa ere izan daiteke: uharte bakarreko bi begirada. Jean-Daniel Polletek eta Werner Herzogek, geografia beraren aurrean, hau da, Spinalonga uhartean, bi gai desberdin planteatu zituzten: uhartea itxialdiaren laztura guztia biltzen duen eremu erredukzionista gisa, L'Ordre filmean; eta orainaldiaren agonia Last words pelikulan. Meredith Monkek eta George Perecek ere uharte berbera aukeratu zuten istorioak kontatzeko, ez jendez hustutako bat, baizik eta biztanle gehien zituena: Ellis Island, amets amerikarraren bezpera izan zen uhartea. Hamasei milioi lagun eta hogeita bost hizkuntza pasa ziren handik; beraz, lekurik eza harrapatzeko saioa egiteko eremu hobezina zen. 

Galdutako eta aurkitutako paradisuak, espetxe eta eden diren uharteak, abenturazaleen eta erbesteratuen lurrak... Punto de Vista jaialdiko UHARTEAK programan aurkeztuko dugun film-artxipelagoak hartuko du 2015eko maparen gehiengoa; dena den, uharteen gainean ikuspegi abstraktuagoa duten pelikula garaikideak ere izango ditugu ikusgai. Jendeari aretoetara naufragoaren lagun zen Ostiralaren begiak jarrita joateko gonbit egin nahi diogu eta, halaber, jaialdia munduko zinema-panoraman uharte bat bailitzan finkatu nahi dugu. Finean, horren guztiaren giltza Malloryk Everestera zergatik igo nahi zuen galdetzen ziotenean ematen zuen erantzun zuhurrean dago gordea: Zergatik uharteak? Han daudelako.

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.