Organizar la indisciplina
Pere Alberó, 2023, 83 min. Mundu mailako estreinaldia
Iraultzaile guztiak etorkizuneko kontserbadoreak izango dira? Behin, zera irakurri ahal izan zen egunkari batean: “Ahulek soilik dituzte gobernu sendoak”. Eta, lehenago, pertsona batek hurrengoa idatzi zuen: “Ez naiz inolako sistema baten parte; bilatzaile hutsa naiz.”
Zer ondorio izan ditzake Aragoiko herri batean, 1937an, Hagan 1872an hartutako erabaki batek? Zer igar daiteke gaur egun Bartzelonako kale eta plazetan 1937ko maiatzean leku horietan bertan izandako liskarretatik? Bizirik jarraitzen badugu, agian tximeleta batek hegoak astindu zituelako izango da, mugimendu horrek denboraren hormak jotzen jarraitzen baitu, diosku film honetako kontalarietako batek. Eta filmak berak erakusten digu zinemak, muntaiari esker, denboraren eta espazioaren mugak gaindi ditzakeela, eta hori ikusarazten eta entzunarazten digula: tximeleta baten hegaldiaren oihartzunak denboraren hormak kolpatzen ditu. Antigonaren iragan urrunak markatutako Organizar la indisciplina lanak, adimenez saltoka, Londres, Suitza, Bartzelona eta Oliete artean joan-etorria egiten du. Marx, Engels eta Bakuninen arteko liskarren eta Espainiako Gerra Zibilaren eta komunisten eta anarkisten arteko liskarren garaietan zehar ere egiten du joan-etorria. Hori guztia orainaldian filmatuta dago. Orainaldi horretan, eraikin batzuk desagertu eta beste batzuk zutik diraute; turisten, xaboi-burbuilen, gogoratzen duten adineko gizon-emakumeen, harrian egindako tiro-arrastoen, monumentuen, plaken eta hilerrien orainaldia da. Aurreko garaiak gogora ekartzen dituzten hitzak durundi egiten duten orainaldia. Orainaldi horretan, filmak garai batean kale horietan egindako urratsen oihartzuna igarrarazten digu. Ekintza bat ez balitz arrakastara bideratuta egongo, testigantzara bideratu beharko litzateke, dio off-eko ahots batek. Film hau arrakastarik gabeko ekintza baten testigantza da, bilaketaz fidatzen eta botereaz mesfidatzen zen ekintza batena, anarkiaren uda laburrarena; baina ikaskuntza bat ere bada, denborari buruz, denboren eta lekuen koexistentziari buruz, iraganak gure orainean duen presentziari buruz eta, agian, gure orainak gure etorkizunean duen presentziari buruz, baita gurea izango ez den etorkizun batean ere. Pablo García Canga |