Punto de Vista ez da jaialdi bat soilik; ideia fokua da, zinema ekoizpena ahalbidetzen duen fokua, ikus-entzunezko saiakera moduan eta filmatutako eguneroko moduan. Hori horrela dela, ez-fikzioarekiko konpromisoa etorkizuneko garai batera eramaten da, sorkuntza garaikidea bultzatzearen eta arakatzea aldarrikatzearen aldeko garaira.
X Films orain dela hamar urte sortu zen, foru lurraldean film berriak ezagutzera emateko eta dokumentalista hasiberriei laguntzeko helburuarekin. Proiektu honi esker sortutako filmen bilduman hamar zinemagile espainiarrek –orain artekoak– kontatutako Nafarroa bat aurkezten da; funtsezko artxibo bat da, lurraldearen erretratua eratzeko baliagarri izan dena eta dagoeneko lurraldearen zinema ondarera igaro dena.
60ko hamarkadan Juan Huartek sortu zuen ekoiztetxe nafarra izan zen proiektuaren inspirazio iturri eta izena ere hark eman zion; ezinbesteko ekimena izan da abangoardia artistikoaren barruko ekoizpenak eta ideien garapena ulertu ahal izateko. Espiritu horrek berak bultzatuta, Jaialdiak hiru errealizadore gonbidatzen ditu urtero Nafarroan filmatzeko ikus-entzunezko saiakera baten proiektua aurkeztera. Epaimahai batek proposamen irabazlea hautatzen du eta Punto de Vistaren hurrengo edizioan estreinatzen da. Aurten, X Films proiektuko hamargarren film irabazlea izango dugu ikusgai: Maddi Barber-en Gorria, eta X Films 2020ko hautagai modura Maider Fernández, Alberto Gracia eta Laida Lertxundi gonbidatuko ditugu.
X Films proiektuaren 10. urteurrena dela eta, emankizun berezi batean orain arteko film irabazle guztiak ikusi ahal izango ditugu. Halaber, liburu bat ere argitaratuko dugu eta, bertan, Miguel Fernández Labayen-en —Madrilgo Karlos III.a unibertsitateko Telebista eta Zinema: Memoria, Errepresentazioa eta Industria (TECMERIN) ikerketa taldeko kidea da— hausnarketa bat bildu dugu; Labayenek dioenez, Jaialdiaren historian une gogoangarrienetako bat da X Films.
“Honelaxe uler daitezke X Films-en motako ekimenak: jaialdi jakin batek (Punto de Vista), iraupen-betekizun jakin batzuekin (20 minututik gora), tematika jakin batekin (gaiek Nafarroari buruzkoak izan behar dute) eta finantzazio mugatu batekin (5.000 euro inguru) ekoiztutako filmen corpus gisa. Logika horrek konexio- eta genealogia-sorta bat sortzen du filmen artean. Adibidez, edonork goza dezake X Films-erako ekoizpen desberdinetan Nafarroa irudikatzen duten paisaia fisiko, gizatiar eta soinudunen aniztasunaz: Notas de lo efímero (Chus Domínguez, 2010) izenburukoaren Iruñeko pentsio eleanitza, Goitik Behera, behetik gora (Usue Arrieta eta Vicente Vázquez, 2011) izenburukoaren gotiberen eta telegidatutako hegazkinen ikerketa estimulatzaile eta zaratatsua, Dime quién era Sanchicorrota (Jorge Tur, 2012) izenburukoaren Bardeako jota-paraje basamortuarrak edo La vía flotante (Zazpi T’erdi, 2018) izenburukoaren teknologia eta naturaren arteko bizikidetza aztoragarria. X Films-en ekoizpenarekiko zeharkako begirada batek Nafarroako gai sozialei, tradizioei eta adierazpen azpikulturalei buruzko bestelako konexio eta irakurketak ere erraztuko lituzke, genero- eta sexu-dinamiken inguruko ikuspen intentsuekin konbinatuta, hauetan guztietan esploratu zirenak: La casa de mi padre (Francina Verdés, 2013), Carretera de una sola dirección (Xiana Gómez-Díaz, 2015) edo La cosa vuestra (María Cañas, 2017). Labur esanda, X Films-ek ekoiztutako hamar filmei –ontzi komunikatzaileak daude haien artean, eta estrategia formal eta kultural desberdinak dituzte– begi ematea plazera da, Punto de Vista jaialdiaren ekimen honen aberastasun eta sakontasunaren onerako berriro ere.
2010etik 2013ra bitartean jaialdiaren aukeraketa-taldeko kide izan naizen honek beti jotzen nuen X Films proiektua Punto de Vista-ren une gorenetakotzat. Hasieratik, X Films-en edizio bakoitzean parte hartzekoak ziren hiru artisten aukeraketatik, amaieraraino, haien proiektuak eta ibilbideak jaialdian zehar erakusteraino, baina ahaztu gabe, jakina, erakuste horrek ahalbidetzen duen elkarrizketa –proiektuen aurkezpen publikoen, horretarako propio aukeratutako epaimahaiaren ebaluazioaren eta kandidatu diren proiektuei buruzko debate-saioetan dagoen jendearen parte-hartzearen arteko triangulazioa–, X Films-ek agerian jartzen du Punto de Vista-k Iruñean zein Espainiako zine eta bideo dokumentalean kultura-debateetara hurbiltzeko eta haietan parte hartzeko duen borondate utziezina. Zalantzarik gabe, X Films-en aurkezpenetan egondako edozeinek topaketa profesional gisa –elitistak izan gabe– , topaketa zorrotz gisa –aspergarriak izan gabe– gogoratuko ditu. Jaialdia, beraz, gune elikagarri gisa aurkezten da, ideia berriak hartu eta sortzen baititu, aipatutako topaketetan eta haietatik sortzen diren filmetan gauzatzen direnak; bazegoen hori jada, dena den, Punto de Vista-n, La mano que mira (2008) ekimenean, adibidez (zazpi bideosortzailek bost eta hamar minutu bitarteko pieza bana grabatu zuten N95 mugikor batekin proiektu horretan).
Laburbilduta, oroitzapenek eta ikusleek eta parte-hartzaileek X Films-en entseatutako harremanek eskuartean dugun proiektu honen garrantzia, besteak beste, adierazten dute. Hala proiektuaren borondate esperimentalak –estetikaren eta gizartearen ikuspegitik erradikalak diren sentsibilitateak aglutinatzen ditu– nola jaialdiaren esparru hertsitik harago joate horrek –X Films-en ezaugarri da hori– eragiten dute ospatu eta baloratu egin behar dela arestian aipatu dudan ikuspen hedatu hori. Izan ere, une horiexetan, ikusleak, zinegileak eta epaimahaikideak «oraindik» baten inguruan –ekoizteko zorian dauden balizko filmek markatzen dute– batzen diren une horiexetan, esplizitatzen dira gure izateko arrazoia funtsatzen duten lotura kolektiboak eta ehun soziala”.