Punto de Vista Jaialdiko zazpigarren edizioko bigarren ziklo tematikoaren izenburua da “Tupi or not Tupi. Kanibaleak banpiroaren kontra", eta gaia kanibalismo kultural eta etnografikoa. Mugimendu hori herrialde kolonizatuetan sortu zen: kultura kolonialari buru egin zioten, ez hura baztertzea proposatuta, baizik kanibalizazio prozesuak sustatuz. Helburua zen bertakoarekin nahastutako kultura inbaditzailea xurgatzea, txegostea eta prozesatzea, “inbadituaren” biktimismoa alde batera utzi eta, harro, halabeharrez hibridoa izan behar zuen nortasun berri bat aldarrikatzea. Bultzada paradoxiko horren babesean sortutako zinema, liluragarriaz gain, kontraesankorra, irenstailea eta deserosoa da, eta ziklorako aukeratu ditugun filmek argi islatzen dute hori.