Atal berri honetan, INAAC Fundazioak (Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Nafarroako Institutua) Nafarroan egun egiten ari den zine dokumentalaren produkzioaren panorama eskaintzen du. Azken bi urtetan Nafarroako Gobernuaren laguntza ekonomikoa jaso duten pelikula dokumental batzuk aurkeztuko dira hiru egunetan zehar. Notes on the Other filma jaialdi askotara iritsi da, eta estatuko nahiz nazioarteko sari ezberdinak jaso ditu. No crecen filma ere jaialdietan ikusteko aukera izan da, baina lehen aldiz aurkeztuko da Iruñean. 778 La Chanson de Roland pelikulari dagokionez, duela gutxi estreinatu da zinema-aretoetan, baina lehen aldiz ikusiko da baita ere hiri honetan. Pura Vida eta El doctor azken bi dokumentalak, berriz, “work in progress” formatuan aurkeztuko dira, oraindik amaitu gabe. Kasu horretan, pelikuletako protagonistak publikoarekin elkartuko dira obrak sortzeko prozesua azaltzeko eta pelikulen zatiak erakusteko.