Ignacio Agüero Txileko Santiagon jaio zen 1952an.
Arkitektura eta zinema ikasi du Txileko Unibertsitate Katolikoan. No Olvidar film laburra izan zen haren estreinako filma, erdi ezkutuan egindakoa, eta Pinocheten poliziak nekazari batzuekin egindako sarraskiari buruz hitz egiten du. Film horrekin Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia lortu zuen 1982an. Ondoren, publizitateko ehunka film egiten ari zela, Como me da la gana (1985) eta Cien niños esperando un tren (1988) dokumentalak ekoitzi eta zuzendu zituen. Azken horrek sari nagusia eskuratu zuen 1988ko Habanako jaialdian. Urte horretan bertan Franja del Noren zuzendarietako bat izan zen. Pinocheten diktadura erortzen lagundu zuen 30 egun iraun zuen telebista-programa bat zen eta programa bakoitza, 15 minutukoa. Demokraziaren etapan dagoeneko dokumental independenteak egin zituen, eta haren obraren atzera begirakoetan eman izan dira Lima, Bartzelona, Buenos Aires eta Valdivian, eta baita beste hainbat jaialditan ere. Sueños de hielo (1993) filmak sari nagusia eskuratu zuen Mannhein-Heidelberg-eko jaialdian.
Txileko dokumentalisten elkarteko presidente izan da; epaimahaikide nazioarteko jaialdietan; ekoizle eta zuzendari telefilmetan; bigarren mailako aktore film txiletarretan eta aktore nagusia Raul Ruizen bi filmetan. Txileko Unibertsitateko zinema dokumentaleko irakaslea da, eta zinema dokumentaleko maisutza koordinatzen du bertan. Egin duen azkenaurreko filma, El diario de Agustín (2008), Txileko telebista nazionalak zentsuratu egin du, nahiz eta Iberoamerikako telebista publiko ia guztietan emititu den. Proiektuak garatzeko tailerrak egin ditu Mexiko, Uruguai, Costa Rica eta Txilen. Guadalajarako sari iberoamerikarra lortu duen El otro día (2012) bere azken filma hainbat nazioarteko jaialditan eta jaialdi nazionaletan parte hartzen ari da. Lau seme-alaba ditu.