MARGARET TAIT


©
Gunnie Moberg Archive at Orkney Library & Archive.

 

Margaret Taitek bere filmak azaltzeko gehien errepikatzen zuen esaldia biziki gustatzen zitzaion Lorcaren ideia bat zen; Lorcak esaten zuen, hain zuzen ere, olerkariak “irudiaren zelatan” egon behar zuela beti. Zinemagile eskoziarrak ondo baino hobeto gauzatu zuen bertso hori, bazekielako ehiza bisual hori ez zela begiekin egin behar, beste leku zehaztugabe eta barru-barrukoago batetik baizik, biriketatik gertu dagoen toki batetik, han sentitzen baita arnasten den bezala filmatzen dela. Hala, ibilbide luzeko arnasa utzi zuen: 32 film labur eta film luze bat. 

Film labur batzuk laburrak ziren benetan; Portrait of Ga pelikulan, adibidez, lau minutu baino ez zituen behar izan amaren erretratu zoragarri bat egiteko, iraupena baino garrantzitsuagoa baitzen irudiaren taupada. Xehetasun garrantzitsu bat, Margaret Taiten sinadura, medikuntzako iraganetik zetorkion sinbolo bat: bihotz osasuntsu eta sasoitsu baten grafiko klinikoa. 

Erroman egin zituen zinema-ikasketak, Centro Sperimentale di Cinematografia ikastetxean, neorrealismoaren urteetan. Eskoziara bueltatu zenean finkatu zituen bere zinemaren oinarriak, eta produkzio-etxe bat sortu zuen, Ancona Films, hain zuzen ere. Han, filmatzeko eta arnasteko baliatzen zuen Paillard-Bolex kamera bezain garrantzitsua izan zen bizilekutzat hartu zuen furgoneta. Proiektuak autofinantzatu egiten zituen eta zinema erabat libre eta arau ofizialik gabea egiten zuen, Punto de Vista jaialdian urtero biltzen saiatzen garen zinema-mota, alegia. Gauzak horrela, Punto de Vista jaialdiaren 2015eko edizioan antolatu dugun atzera begirako erakusketan denetarik izango dugu ikusgai: animazio-pelikula abstraktuak, batzuk eskuz margotuak; olerkarien eta bidaia-lagunen erretratu labur eta zehatzak; eta, batez ere, paisaien taupadak eta bizi-eremuen arnasa harrapatzen duten pelikula gehienak. 

Olerkaria eta zinemagilea zen, eta esaten zuen muntaiak bertsoaren gramatika aske bera baliatuz egiten zituela. Orkadetako uharte txiki batean jaio zen, Eskozia iparraldean, eta ibilbide zinematografikoa bere bizitzaren paisaiaren parekoa da. Bere pelikulek zirriborro-itxura gehiago dute, amaitutako filmena baino, eta hasiera bitxiak dauzkate: Happy bees filma haurtzaro zoriontsu baten abestiarekin hasten da, eta Land Makar urtaroaren joanarekin, uharte bateko landetxe batean. Etapa horren ondoren, Edinburgon igaro zituen urteetan, hiri-erretratuak filmatu zituen; zinema burumakurragoa egin zuen, gehiago erakutsi zuen zorua, zerua baino. Horren adibide dira, besteak beste, Rose Street eta Where I am is here. 60ko hamarkadan uharteetara bueltatzea erabaki zuen eta, azken etapa horretan, hirugarrenean, geografia hura sentitu eta filmatu zuen, baita hainbeste interesatzen zitzaizkion hiritik landa-eremurako jauziak ere. Horren erakusgarri dira, adibidez, The drift back filma eta Aspects of Kirkwall saila

Interesgarria litzateke aztertzea noiz hasi ziren zineman hasierako kredituetan aurkeztu aditza erabiltzen pelikula bat hastera zihoala adierazteko. Margaret Taitek, Ancona films produkzio-etxearen obra batzuetan, hitzak egoki erabiltzeko zeukan abileziaz, bere lanarentzat aproposagoa zen beste aditz bat erabili zuen: eskaini. Eta hala da. Bere pelikula txiki baina sakonak eskaintzak dira. Ez dago ustekabeko xehetasunik: uharteetan bizileku izan zuen estudio txikia antzinako kapera bat zen. Lan guztietan antzematen da zinemagilearen eskuen aztarna; belarra kulunkatzen duen haizearen aurrean harri eta zur geratzeko aukera eskaintzen digu, baita utzitako bi bota zaharren aurrean hunkitzeko ere. Taiten eszenetan haikuen esprinta nabari da, planoek kalizaren itxura dute, eta bere pelikulek horixe eskaintzen digute: pertsona zoriontsu eta jakintsu baten arnasa.

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.