Gaurkotasunaz harago, zinemaren oroimena, zeharkako begirada, gogoetaren aldeko apustua. Lehenengo ediziotik, Punto de Vistak ulertu zuen jaialdi guztien erantzukizun nagusietakoa ikusleekin batera lan egitea dela, ikusleei zinemaren inguruko gogoeta eginaraztea eta zinemaren gaineko ezagutza sakontzea. Hori dela eta, jaialdiak, izenei, joerei, herrialdeei eta ildoei espazioak ireki dizkie, horiek astiro aztertzeko.
Film guztiak denboraz eginda daude, baina batzuk besteek baino denbora gehiago dute. Programa honek azken horiek omentzen ditu eta orduen, egunen eta urteen joanari buruz galdetzen, eztabaidatzen, hura goratzen, dantzatzen duten edo hura garaitzen saiatzen diren filmei eskaintzen die arreta.
Jean-Daniel Polleten zinemagintza bidaiarako gonbidapena da, etengabeko tentsioan dauden aurkakoen oreka baten baitan: mugimendu eza eta trantzea, aurpegia eta paisaia, irudia eta hitza, bidaia eta itxialdia. Nola pentsatu Polleten filmografia? Beharbada gakoa hau da: berridazteko lan etengabea, obsesioaz errepikatutako pieza gutxi batzuetatik abiatuta muntatzea, Cézannek bere Saint-Victoire mendia errepikatu zuen bezala: beti bera, beti desberdina.