Gaurkotasunaz harago, zinemaren oroimena, zeharkako begirada, gogoetaren aldeko apustua. Lehenengo ediziotik, Punto de Vistak ulertu zuen jaialdi guztien erantzukizun nagusietakoa ikusleekin batera lan egitea dela, ikusleei zinemaren inguruko gogoeta eginaraztea eta zinemaren gaineko ezagutza sakontzea. Hori dela eta, jaialdiak, izenei, joerei, herrialdeei eta ildoei espazioak ireki dizkie, horiek astiro aztertzeko.
Hasiera-hasieratik, Punto de Vista jaialdiak erantzukizun jakin bati egin nahi zion aurre: ikusleentzako eginkizun didaktiko bat eskaintzea, eta zinemaren memoria ahaztua berreskuratzea. Retrospectivas atalak, horrela, erronka hori onartu zuen. Edizioz edizio, Punto de Vista jaialdiak klasikoak ezagutarazten ditu, eraikitze bidean dauden filmografiak eskaintzen ditu, edota eskola, joera edota zinematografia ezezagunak kaleratzen ditu. Atzera begirada horiek, beraz, jaialdiaren epizentro bilakatzen dira, eta horien bidez finkatzen da tonua, asmoa, edota espiritua.
Ziklo horiek egile jakin bat, herrialde bat edota joera bat izan dezakete hizpide. 2005eko edizioan, esaterako Raymond Depardon zuzendari eta argazkigile frantsesa izan zen protagonista; 2006an, berriz, Ermanno Olmiren lana aztertu zen, eta 2008an, Jem Cohenena. 2006 urtean, bestalde, Japonian oinarritu zen jaialdia. El Cine de los mil años izeneko atzera begiradaren bidez, Japoniako dokumentalen azken 60 urteetako lan klasikoak berreskuratu ziren. Seigarren edizioan, Vigoren Kidetasunak atalean, Frantziako ez-fikzioaren azken hamarkada berriz aztertu genuen, eta James Benning-en funtsezkoa atalak Ipar Amerikako zinemagile esperimentalaren lana erakutsi zigun 2009an.
Beste ziklo batzuk antolatzeko, izendatzaile komunak erabiltzen dira: gairen bat, Urteurrena, efemeridea, edota gertakari historikoren bat. Ziklo horiei zeharkakoak deritze, eta dokumentalaren historia aztertzea dute helburu, zeharka bada ere. 2007ko atalerako saiakera-zinemagintza aukeratu zen gaitzat. La forma que piensa izenburupean, ziklo hori izan zen Espainia mailan saiakera-zinemagintzaren alorrean egin zen lehen atzera begirada, eta Europako lehenengoetarikoa. Bi urte geroago, 2009an, metrajearen eta eskuratzearen sasoia izan zen, La segunda vida de las imágenes zikloaren bidez.
2011 urtean aldiz, Lo Personal es Politico zikloak, feminismoa eta dokumentalaren elkargunei buruzko ibilbide bat eskaini zuen, eta Tupi or not Tupi. Kanibaleak banpiroaren kontra-ren zikloan, kanibalismo kultural eta etnografikoa zen gaia.
Iaz, 2013an, bi zinemagile hartu genituen ardatz: Bilaketa zatiak zikloan Thomas Heise zuzendari alemana, zatitutako Alemania bateratzeko prozesuko haustura eta jarraitutasunen kronikari izandakoa; eta Begirada eta ahotsa zikloan Eduardo Coutinho, azken hiru hamarkadetako dokumentalista brasildar garrantzitsuena.
2015ean, hiru atzera begirako izan ziren: Chez les Basques, euskal tradizioen eta kulturaren inguruan egindako film dokumentalak bildu zituena; Margaret Tait zinemagile eskoziarrari buruzkoa; eta hirugarren bat, Irlak izenburupean, zeinaren bidez, jaialdia urrunera hurbildu zen, muturreko egoeratan dauden gizon-emakumeengana.