“Zineman gizakia gordetzen da, umetan hondartzan zulo batean gordetzen garen moduan. Ezin da elkarrizketarik egin errealitate gogorretik ihes egin nahi duen egungo gizonarekin. Estatuan itxaroten badiogu, ez da etortzen. Nobelan bagaude, han ere ez da sartzen. Baina ihes egiten duen gizona zineman sartzen da. Beharrezkoa da ihes egiten duen gizon horri itxarotea, eta, han, zinemaren barruan, narrazio zinematografikoan, lagundu egin behar zaio”.
Honako hau da Orioko artistaren inguruan antolatutako hirugarren saioa, eta, bertan, haren artxiboko altxor filmiko handiak eta eskasak —eta, ondorioz, baliotsuenak— eskainiko ditugu. Jaialdiak neurrira egindako saioa da, inoiz erakutsi gabea, eta pantailan ikus ahal izango dira Oteiza berak filmaturiko bi superzortzi eta sormen filmikoari buruzko argibide eta ideiekin utzitako soinu-grabazioak, beste sorpresa hunkigarri bat edo besterekin batera; hala nola, Oteiza Iru gabean euskaraz abesten, berak idatzitako abestia eta, ondoren, Oskarbi taldeak musika jarri ziona. Saioan batez ere bi soinu-fitxategi eta bi film eskainiko dira, Nestor Basterretxeak zuzendutako Operación H film laburraz gain. Azken film horretan, Oteizak ideia batzuetan eta egiterakoan esku hartu zuen. Gainera, azken obra bezala, garrantzitsua da saio honek proposatzen duenerako; alegia, artistak bozetoetan eta ideietan burututako zizakadura filmikoak ezagutzera ematea.