Oteiza, zinemarik gabeko zinemagilea

Nola antolatu pelikula bakar bat ere egin gabeko zinemagilearen atzera begirakoa? Nola eratu haren ideiak pantailan azalduko dituen programa-seriea? Heterodoxo handiaren aurrean ote gaude? Filmik egin ez zuen norbait, ideia beti emaitza baino hobea zela jakinik? Punto de Vistan, erronkak maite ditugunez, amildegira bota eta arrisku bat hartu dugu; hau da, lau zinema-arratsalde betetzea Jorge Oteizaren existitzen ez den obrarekin.

Gure publiko zintzoenak jadanik dakien moduan, gure herrialdean bazterrean gehien geratutako zinemagileei —ahaztearen bidegabekeriarengatik— edo jaialdietan gutxi edo batere ez tratatutakoei edo aretoetan batere proiektatu gabekoei —ahanztura berarengatik— eskainitako atala da jaialdiko Heterodoksiak izenekoa. Jorge Oteiza, ezbairik gabe, zinemako heterodoxo nagusia da, zinemari dagokionez asmatutako gidoi eta ideia askotatik bakar bat ere filmatzera iritsi ez zen norbait, baina paperean, oharretan eta gidoietan idatzitako zinema potentzial osoaren ondare ez txikia eta zoragarria utzi ziguna.

Baina, teorialari soil baten aurrean ote gaude? Hark esan bezala, zinema esperimentala baino gehiago ideien zinemaren alde egiten duen norbaiten aurrean? Ez. Oteiza ez da soilik teoria. Ikusiko dugun moduan, praktika hutsa da, nahiz eta bakarrik bozetoan bizi eta inolako planorik ez filmatu, hark jasotako zinema osoa nahita egindakoa da eta xehetasunez idatzia —ikus Jaialdiak hark eskuz idatzitako oharren inguruan argitaratutako liburua—. Oteizak ez zuen filmik egin hainbat arrazoi medio; bereziki, garai hartan zinemak zailtasun teknikoak izateagatik. Ondorioz, lana taldean egin beharra zegoen, eta norberak sortzeko zuen indarra prozesuan galdu eta azken emaitzan eragin gutxirekin edo nahastuta geratzen zen. Horregatik, haren zinemak geratzea erabakitzen zuen, nahita edo nahigabe, ia beti askatasun zezel horren lehen etapan, sortzailearekin zintzoa den lehen fase garbi eta egiazko horretatik igaro gabe. Hori dela-eta, batzuetan ondorengoa oihukatzen zuen: “Zinemak teknikoki aurrera egiten badu, niri abisatu!”.

Beraz, Oteizaren inguruan prestatu dugun programak hiru bide jarraitzen ditu: batetik, haren ideietatik sortu eta beste batzuek filmatu duten zinema, Oteiza dela-eta izenburuarekin aurkezten ditugun bi saioak, hots, Oteizarengan inspiratutako zinema. Bestetik, haren fitxategietan gordeta aurkitu dugun zinema, superzortzi erako pelikulak, Oteizak berak filmatuak eta haren ideia filmikoei buruzko soinu-grabazioak: Oteizaren zinema-altxorrak, Ihes egiten duen gizona izenburupean aurkeztuak. Eta, azkenik, jaialdiko azken gala; hau da, ikus-entzunezko antzerkiaren armen bitartez Orioko sortzaile nekaezinarengana hurbilduko gara, eta zinemarekin eta aldi berean jaialdiaren aurtengo gaiarekin (HEGAN EGIN) lotuko dugu, Oteiza eta ilargia izeneko azken jaian.

Azkenik, atzerritarrei argitze aldera, esango dugu Jorge Oteiza euskal eskultore nagusia dela, Eduardo Chillidarekin batera. Orion jaio zen, 1908. urtean, Gipuzkoako kostako herrian, Donostiatik gertu, eta eskulturako nazioarteko saria irabazi zuen Sao Pauloko Biurtekoan, 1957. urtean. Haren obra, egin ohi zenaren kontra, hutsari eta desokupazioei buruzko proposamen erradikalean oinarritzen da —unearen aldeko apustua egiten duen haren zinema bezala, memoria kendutako gizonari eskainia—. Eskultore-karrera uztea erabaki zuen 1963. urtean, diziplina horretan diskurtso guztia amaitu zuela uste zuelako eta jada ez zuela ezer berririk emateko zintzotasunez onartu zuelako. Orduan, poesia eta zinema jorratzeari ekin zion buru-belarri, hark esaten zuen moduan zinemaren teknika masiboari, eta eskulturan edo poesian harrapatzea lortu ez zuen gizona harrapatzea espero zuen. Beraz, zinemarako deribak eta eskultura uzte horrek logika esperimentalari erantzuten die eta ez nahiera bati. Esate baterako, esaten zuen landu zuen lehen filma egiaz haren azken eskultura zela: Acteón, egindako gidoi luze bakarra, pantailara eramana (Jorge Grauk zuzendu zuen, eta Oteiza azken emaitzarekin oso haserre geratu zenez, kredituetatik kentzeko eskatu zuen). “Zineman eskultorea izan naiz”, zihoen artista osoak, arteak iragazgaitz eta beren hilotz egiten dituzten muga guztiak ezabatuaz. Horren aurrean, Jorge Oteiza bizitzaz betea eta berpiztailea aurkeztuko dugu hemen, paradoxikoa bezain bikaina, zinemarik gabeko zinemagile handia bezala, baina zinemaz gainezka egina. 

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.