Jonathan Schwartz

Duela zenbait urte, Jonathanek Gizakia izateari buruz izena jarri zion bere zinema lezioetako bati. Jonathanentzat, gizatiarra dena gutxitan izaten da zerbait esklusiboa. Gure barneko (eta kanpoko) animalia barne hartzen du. Barne hartzen ditu distira finitua eta urtaroen iragate halabeharrezkoa, baita paisaia kultural eta naturalen halabeharrak eta asaldurak ere. Artista eta pertsona gisa, liluratu egiten dute haurtzaroak eta zahartzaroak, eta etapa bakoitzeko aukerek eta aurkikuntzek. Haren filmetan, batzuetan gizadiaren zentzugabekeria politiko edo psikologikoak aipatzen ditu soinuaren edo animazioaren bidez, baina sarriago espazio emozionalak arakatzen ditu, keinuen bidez eta etxeko nahiz urrutiko beste leku batzuetako topografien bidez.

Jonathanen filmei adin bat egokitzekotan, haurtzaroa dagokie. Berak haur zenean sentitzen zuen harridura irudikatzen dute, zeluloidearen munduari eta magiari begirako harridura: mugimendu erritmikoak, konexio intelektualak eta denboraren geldialdi eta desblokeo paradoxikoa. Eta haren zinematografian behin eta berriz agertzen den interesgune bat Henry semearen eta bere lagunen haurtzaroa da. Haur bihurtzeak berekin dakar jakin-mina, baina baita “nolabaiteko kezka bat” ere (haren miniaturetako baten izenburua aipatzearren; A Certain Worry) –haurraren kezka, eta baita semearen existentziari behatzen dion eta hiru hamarkada eta erdi geroago bere haurtzarora itzultzen den aita/artista maitekorrarena ere.

Jonathanen filmek urtaro bat badute, hori negua da. Izan daiteke udazkenetik apenas askatu den negua, edo soinu garbiz eta testura zuri eta solidoez betetako negua, edo gainbehera doan negua, gainazal izoztuen artetik aurrera egiten ari den udaberriaren promesa dakarrena. Haren kamerak bat egiten du, behin eta berriz, patinatzen ari diren gorputzekin, eski jauzilarien kitzikapenarekin, elurrez eta izotzez estalitako paisaiekin. Baina negua gogorra ere izan daiteke; izoztu, gelditu eta haserretu egiten da emozio fluxuen aurrean; ondorengo bizitzako hausturak eta krisiak dakartza berekin, azken filmetako batean iradokitzen duenez.

Ororen gainetik, Jonathanen filmak bizitzaren joan etengabearekiko enkontruak dira. Haren bidaia egunerokoetan, topo egiten du hainbat lekurekin, eta badaki ezin dituela bere baitan bildu, haiek aipatu baino ez. Hemen, aldi berean erakutsi eta ezkutatu egiten duten keinuak eta begiradak aurkitzen edo eragiten ditu, baina gizaki izateak esan nahi duenari buruz duen ideiaren oinarrizko trukearen froga dira. Izan ere, begirada batzuetan trakets, batzuetan xarmagarri eta beti samurren enkontrua funtsezkoa da haren obra osoan. Haren filmetako batzuk ez dira soilik filmaren diegesian enkontruak, baizik eta gertaera horren osteko mezuak, opari gisa eskainiak semeari, emazteari eta bikotekideari, bizitzako azken urteetan. Eta edozein dela ere mezu horien ageriko edukia, guztiek arakatzen dute gizakia eta haren bilakaera –berezko iragankortasunarekin bakeak egin behar dituen beste-batzuekin-izatea–, eta bilakaera hori agerpen eta desagerpen prozesu gisa agertzen da, neurri batean.

Keinuan duen bat-batekotasun muturrekoa forma zinematografikoari eta muntaketari begira erakusten duen arretarekin konbinatuta, Jonathanen filmek denboraren iragatea eguneratzen dute, orainarekiko debozioaren bidez, presentziarekiko debozioaren bidez. Baina presentzia liriko hori ohartzen da, aldi berean eta etengabe, denboraren joan halabeharrezkoaz eta hilkortasun saihetsezinak eragiten duen antsietateaz. Jonathanen harridura sentimendu apetatsu eta kutsakorra estualdiekin nahasten da, bai haren filmetan, bai haren bizitzan. Berak dioen moduan, “zaila da lur hartzea” –gauza batzuk desagertu egingo baitira. Eta “gogor atxikita salbatuko bagina bezala” jokatu behar dugu, Galway Kinnell poetari aipamena eginez, zeina baita Jonathanen gustukoenetako bat.

Neu ere haren espiritu burlati eta atseginaren oroitzapenei atxikiko natzaie, eta haren filmei, haren modura agerpenak eta desagerpenak irudikatzen dituzten opariak balira bezala.

Irina Leimbacher

(Irina Leimbacher zinema akademiko eta kuratzailea da, eta Jonathan Schwartzekin irakatsi zuen Keene State College eskolan azken bederatzi urteetan)

Jonathan Schwartz (1973-2018) zinegilea, irakaslea eta inspirazio-iturria izan zen bere lagun eta ikasle guztientzat. Berreskuratutako eta bildutako materialak txertatu zituen film askotan, eta, aldi berean, bere ikuspuntu berezia 16 mm-tan garatu zuen trukaketa intimoen bidez; bere gaiak, bere esku-keinuak, bere in-camera gainezarpenak eta inguratzen gaituen munduaren kualitate iragankorrekiko arreta sakona ziren trukaketa horien elementu nagusiak. Izan bere collage film laburretan, izan etxean, egiten zituen ibilaldi ugarietan edo Israel, India, Turkia edo Islandiara egin zituen bidaia zinematografikoetan bere lanak gorpuzten ditu, aldi berean, kanpo-munduen iheskortasun askotarikoekiko debozioa zein barne-egoera sakon eta desagerkorrei keinu bidez erantzuteko gaitasuna. Batzuetan, ahozko testuradun testu poetikoak txertatzen ditu, eta, beste batzuetan, uko egiten die erabat hitzei. Edozein modutan ere, bere filmek min egiten digute eta kontsolamendua ematen digute haien fluktuazio zinematografiko bereziari (pena, plazera, kezka, amodioa, etsipena eta zoratzea) aurre egin ahala.

Irina Leimbacher


Programa 1: Gizakia izateari buruz

Jonathan Schwartzen zortzi filmek osatutako programa honek egilearen zinematografia lanaren ikuspegi orokor bat eskaintzen du. Hasiera-hasieran egin zuen collage film bat dago bertan, ebakinak, familiako erretratu kutunak eta barrura nahiz kanpora begirako bidaia filosofikoak biltzen dituena. Schwartzen keinu zinematografikoek bizitzako zikloen handitasuna, irrazionaltasuna eta zitaltasuna jasotzen dituzte, eta gizaki izateak eragiten dituen euforia eta oinazea ekartzen dituzte gogora.


2 Programa: Ezer ez da bukatu

Bigarren programa Jonathan Schwartzen eta haren lagun batzuen filmek osatuta dago, eta denboraren eta eraldaketaren formak sakonago esploratzen ditu. Haurtzaroa, natura edo gure hilezkortasuna mintzagai hartuta, Schwartzek eta bere lagunek harridura eta ezinegona dakarzkigute gogora, eta haragizko izakia iragankorra dela iradokitzen dute, bai eta haren behin-behinekotasun hauskorraren geruza lodiak ere. Lore bat, haurtzaroko une bat, irudi bat, mundua… dena hilko da. Beste bat sortzen den arte, filmeko berraragiztatze paradoxikoan. Schwartzen eta Ute Aurand, Vanessa Renwick, Rebecca Meyers eta Janie Geiserren filmak.


3 Programa: Misterioak gertaeren baitan

Jonathan Schwartzen filmen hirugarren programa bidaiariaren begiradan oinarrituta dago. Schwartzen lanetako asko esplorazio peripatetikoaren keinuak izan ziren, konexioaren txinpartaren bilaketa bat desberdintasunaren bidez. India, Turkia eta Israelen egindako filmetan, Schwartzek eguneroko bizitzako xehetasunetan eta kontraesanetan jarri zuen arreta, eta, sarritan, hitzezkoak ez diren truke xamurrak eragin zituen bere bolexaren jakin-min tematiarekin. Schwartzen filmak eta Jodie Mack, Ben Rivers eta Ben Russellen bidaiatzeko beste era batzuk.

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.