Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz eta Renate Sami-ren filmek zinemaren eta bizitzaren arteko banaezintasuna azpimarratzen dute. Eurena gaur egungo zinema da; bizi hariz egindako filmak, alaitasun eta iluntasun osoan, bidaietan, adiskidetasunean. Zentzumenen eta zentzumenetarako zinema, nazioarteko jaialdi entzutetsuetan ezaguna izan dena, hala nola Berlinale, Oberhausen, NYFF eta Rotterdam.
30eko hamarkadako Civilization and its Discontents (Zibilizazioa eta bere Nahigabeak) lanean, Sigmund Freudek Romain Rollarden "sentimendu ozeanikoaren" nozioa aztertzen du, norberaren eta kanpoko munduaren arteko lotura hautsezinaren sentsazio bezala definituz. Autonomia edo nagusitasunaren edozein baieztapen baino gehiago, sentimendu ozeanikoa egoera ia sublime bat da, non ni-aren osotasuna galdu egiten den, edo gutxienez konprometitu egiten den, mugarik eta loturarik gabeko mugagabetasun zentzu batean. Rollarden ustez, sentimendu hori izan zen sentimendu erlijiosoaren oinarria; Freudek ez du zalantzan jartzen bere existentzia, baina ez dago ados erlijioaren iturria izatearekin, 1835eko Christian Grabben Hannibal antzezlanaren ildo batean aurkitzen duen errekonozimendu baten antzeko zerbait bezala ulertuz: "Mundu honetatik kanpo, ezin naiz erori".
ANNE CHARLOTTE ROBERTSON-EN ZINEMA LEHENENGO PERTSONAN
Anne Charlotte Robertson (1949-2012) zinemagile independentea izan zen, eta hitz horri esanahi berri eta malenkoniatsua eman zion. Zeren Robertson-en zinemari "independente" esatea zera onartzea baita, alde batetik, bere lanak laguntza eskasa jaso duela erakundeen eta diruaren aldetik eta, bestetik, bere filmetan bere muturreko independentziaz –emakume eta artista zen aldetik– zintzotasun hunkigarriarekin hitz egiteko moduak, gehienbat bakarrik bizi eta lan egin zuen eta. Izan ere, Robertsonek bakardadearekin eta klinikoki diagnostikatu zioten depresio maniakoarekin izaten zituen borrokaldiak bere filmen ehun konplexuan saretu ziren, bereziki, Five Year Diary maisulana: bere bizitzako hogeita hamasei orduko kronika bat, 1981. urtean hasitakoa eta hamazazpi urte geroago burutu zuena.