Anne Charlotte Robertson

ANNE CHARLOTTE ROBERTSON-EN ZINEMA LEHENENGO PERTSONAN

Anne Charlotte Robertson (1949-2012) zinemagile independentea izan zen, eta hitz horri esanahi berri eta malenkoniatsua eman zion. Zeren Robertson-en zinemari "independente" esatea zera onartzea baita, alde batetik, bere lanak laguntza eskasa jaso duela erakundeen eta diruaren aldetik eta, bestetik, bere filmetan bere muturreko independentziaz –emakume eta artista zen aldetik– zintzotasun hunkigarriarekin hitz egiteko moduak, gehienbat bakarrik bizi eta lan egin zuen eta. Izan ere, Robertsonek bakardadearekin eta klinikoki diagnostikatu zioten depresio maniakoarekin izaten zituen borrokaldiak bere filmen ehun konplexuan saretu ziren, bereziki, Five Year Diary maisulana: bere bizitzako hogeita hamasei orduko kronika bat, 1981. urtean hasitakoa eta hamazazpi urte geroago burutu zuena.

Robertsonek bere buruaren irudi aldakorra eta, bereziki, bere pisu gorabeheratsua monitorizatzeko eta zehatz-mehatz neurtzeko lehenengo baliabidea izateko asmoz, Five Year Diary lehenengo pertsonan kontatutako asmo handiko epopeia bihurtu zen; guztira, laurogeita bi zatiz (edo "karretez", Robertsonek nahiago zuen moduan) osatzen da, eta gertaera indibidual garrantzitsu eta ez hain garrantzitsuak dira ardatz, gehienetan: senide bati egindako bisitaldia, nerbio krisialdia, senitarteko baten heriotza traumatikoa. Kamera bere eguneroko bizimodura begira jartzean, Robertsonek bere bizitzaren auto-terapia egiteko modua aurkitu zuen, era zuzenagoan adierazia ahozko elkarrizketen geruza ugarien bitartez; elkarrizketa horiek, askotan, irudiei gainjartzen zizkien. Iruzkin zintzoak izaten ziren (zenbait kasutan, Five Year Diary filmaren emanaldietan zuzenean egindako iruzkinak ziren, eta geroago gehitu zituen), Robertsonen mundua definitzen zuten emozio sakon eta ezegonkorrak agerian uzten zituzten eta, aldi berean, bere umore sen goxo eta automespretxuzkoari ahots aberatsa ematen zioten.

Five Year Diary filmean, halaber, Robertsonen sorkuntzaren etengabeko bilakaeraren erregistro garrantzitsua ere eskaintzen da, ibilbide osoan hainbat teknika eta fokuratzerekin atsedenik gabe esperimentatu zuen artista izan baitzen, betiere obra konplexua sortzeko asmoz, konfrontazioa eta emozioen gordintasuna ez ezik, lasaitasun lirikoa eta diskrezioa ere barnean hartzen dituen obra konplexua. Atzerabegirako honek hiru zati ditu, eta Robertsonen aparteko zinemaren gama nabarmentzen du; hor sartzen dira, esaterako, Massachusetts College of Art and Design zentroko graduondoko eskolan matrikulatu aurretik egin zituen lehen filmak, ikasle garaiko film garrantzitsuenak eta Five Year Diary filmaren lagin garrantzitsu bat. Lan gehienak graduondoko eskolan zegoen bitartean eta horren ondoren egin zituen arren, Robertsonek zinemarekiko zituen ikuspegi eta fokuratze paregabeak hasiera-hasieratik azaleratu ziren, zinema ikasle izan aurretik egindako lehen lanetan. Lynn Cooke artistak berriki sortutako hitza erabilita, Robertson, agian, "atipiko" bat dela esanda hobeto ulertuko dugu; Lynn Cooke abangoardiaren erdigunearen eta kanpoko artistarekin lotzen den periferia anbiguo horren arten dagoen zirrikitu aberats horretan nabigatu zuen artista izan zen. Horrela, bada, Robertsonen filmek elkarrizketa aberats eta mamitsua izaten dute abangoardiako filmekin eta froga-harri diren zuzendariek –hala nola Marie Menken, Ed Pincus eta Jonas Mekas– gauzatutako tradizioekin, eta aldi berean, obsesio irmo eta ezinbestekoa dute bere bizitzaren esperientzia bereziarekin.

Atzerabegirako honetan sartutako lan guztiak Harvard Film Archive artxiboko bildumakoak dira; Anne Robertsonek artxibo horri eman zizkion bere film eta dokumentu guztiak, 2012. urtean hil baino lehenago.

Haden Guest
Harvardeko Zinema Artxiboaren zuzendaria
Harvard Unibertsitateko Arte, Zinema eta Ikusizkoen Ikasketetako Departamentuko irakasle titularra

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.