Punto de Vistaren atzera begirakoen helburua zinemaren historia birpentsatzea eta Espainian lanik ikusgai ia izan ez duten zinemagileen eta artisten lana ezagutaraztea da. Aurten, bi atzera begirako egingo dira. Amos Vogel-i buruzko atzera begirakoa, Alexander Horwath eta Regina Schlagnitweit komisario dituena, funtsezko kuradore eta Cinema 16-ren sortzaileari eginiko omenaldi gisa pentsatuta dago, haren jaiotzaren 100. urteurrena den honetan. Garbiñe Ortega izan da, bestalde, Nancy Holt-i buruzko zikloaren kuradore, eta lau programatan Land Art mugimenduaren erakusgarri handiena izan zen diziplina anitzeko artistaren lanak bildu ditu, orain arte ia ezezagunak izan baitira zinemaren arloan egin dituenak.
2018an DOKBIZIA sortu zen. Diziplinarteko topaketa bat da, errealitatearen inguruan lan egiten duten artisten eta hizkuntzen arteko gurutzaketa bultzatu nahi duena. Programa honek pantaila barruan nahiz handik kanpo hartzen du kontuan dokumentala, eta ibilbide bat proposatzen du hainbat formatutan: proiekzioak, hitzaldi performatiboak, pieza eszenikoak eta site-specific edo performance-ak.
Punto de Vista Labs jakintzak trukatzeko eta elkarrekin sortzeko espazioa da, tailer, elkarrizketa eta hitzaldien bidez. Aurreko edizioetan, hainbat zinemagile gailen aritu dira bertan, hala nola Rabih Mroué, Simon Field, Isaki Lacuesta, Xabier Erkizia, Mónica Valenciano, Aurora Fernández Polanco, Ricardo Matos Cabo, Rick Prelinger, Luke Fowler eta Carlos Casas. Aurten, Alexander Horwath, María Palacios, Nicole Brenez, Manuel Asín, Pedro G. Romero eta Idoia Zabaleta parte hartuko dute.
Foku garaikideek mugimenduan dagoen irudia lantzen duten artisten programa monografikoak aurkezten dituzte eta nekez erakusten direnak fikziozkoa ez den zinema jaialdien testuinguruan.
Saio bereziek dokumentalaren kontzeptua zabaltzea dute helburu, proiekzio zinematografikoetatik harago. Erakustaldi paregabeak, irudiak, hitza eta musika zuzenean lotzen dituzten erakusketak eta ikuskizunak.
2009az geroztik, Jaialdiak hiru errealizadore gonbidatzen ditu Nafarroan filmatzeko proiektu dokumental bat aurkeztera. X Films proiektuak, alde batetik, obra berri bat sortzeko aukera eman nahi die errealizadore berriei, eta, bestetik, dokumentalen arloko ahots berriak erakarri nahi ditu Nafarroara. Epaimahaiak proposamen irabazlea aukeratuko du eta Punto de Vistaren hurrengo edizioan aurkeztuko da. Aukeratutako hautagaiak urtebete izango du, gutxienez hogei minutuko iraupena izango duen proiektu bat garatzeko, saiakera pertsonal modura. Aurten, X Filmsen hamaikagarren film irabazlea, Tengan cuidado ahí fuera, eskainiko da, Alberto Graciarena; eta Irati Gorostidi, Tamara García eta Elisa Celda gonbidatuko dira 2021ko X Films proiekturako hautagaitzat.
Hirian lan komunitarioa egitea eta publikoak prestatzea da Punto de Vistaren helburu nagusietako bat. Programa hau haur eta gazteentzat da bereziki, eta hainbat jarduera proposatzen ditu ikusentzunezko arloan sentsibilizatzeko eta hura balioztatzeko. Aurtengo edizioan, soinuaren garrantziari erreparatuko zaio, eta hainbat tailer, topaketa eta proiekzio egingo dira, jaialdiaren egoitzetan. Xabier Erkiziak, Paula Olazek eta Pixelatu kolektiboak hainbat tailer eskainiko dituzte soinu-dimentsioari eta musika-konposizioari buruz.