Amos Vogel

Jendeak galdetzen didanean nola izan naitekeen baikorra orain politika aurrerakoiaren edo arte subertsiboaren aukerei dagokienez, esaera bat daukat: 'Konfiantza handiagoa dut nire etsaiengan nire lagunengan baino.. Ziur nago nire etsaiek gauza eskandalagarri errepresiboenak egiten jarraituko dutela, eta, beraz, kanpoan egonarazten zaienek edo artifizialki eta indarrez erreprimituak izaten ari direnek matxinada bat gogoraraziko dutela ezinbestean. Abangoardia esaten dioguna sortzen duen bultzada artistikoaren boterea ezin da gainditu; berriro altxatuko da beti.

Amos Vogel

Argazkia: Amos Vogel & Alexander Horwath, 1993. Viennale/Austrian Film Museum

Amos Lurralde Miresgarrian

2012ko apirilean, Amos Vogel 91 urterekin hil zenean, New York Times egunkarian argitaratu zuten heriotza oharrean ageriko gertaera bat adierazi zen: "Zinemaren historian eragin handia izan zuen, zinemagile ez diren beste gutxik erreklama dezaketen modukoa". "Jarraian, Martin Scorsese-ren aipu bat: "Gizona erraldoi bat zen. "Horrelako gizon bati bere jaiotzaren ehungarren urteurrenean erabateko justizia egiteko ahalegina porrot halaber erraldoia izatera bideratuta dago. Film sorta honekin espero dezakegun gauza bakarra zera da, Amosen zenbait ñabardura –kuradore, idazle, sortzaile eta kultura zinematografikoaren irakasle gisa utzi duen ondarea– gogora ekartzea eta haren bideari jarraitzea: onena soilik hautatzea, baina burokratismoa saihestea.

Amos Vogel(baum) Vienako familia judutar aurrerakoi batean jaio zen, eta VIII. mendeko kritikari sozial eta profeta baten omenez jarri zioten izen hori. "Viena Gorria"ren hamarkada legendarioan hazi zen, eta austro-faszismoaren eta Austriako 1938ko "Anschluss" nazionalsozialistaren garaian egin zuen bigarren hezkuntza. Filmak eta liburuak maite zituen, baina literatura idazle izateko bere plana ez zen gauzatu, zeren, biziraun ahal izateko, New Yorkera erbesteratu behar izan baitzuen nerabezaroan.

1947ko udazkenean, Manhattango New School for Social Research eskolako ikasle zelarik oraindik, Vogelek eta bere emazte Marciak Cinema 16 sortu zuten, hau da, "zinemazale helduentzako elkarte zinematografiko bat"; "beste tokietan ikusi ezin ziren filmak" botatzen zituzten, eta kategoriak gainditzen dituzten konbinazioak eginez programatzen zituzten film horiek. Cinema 16 elkarteak zentsuraren eta film komertzialen emanaldien arauak saihestea lortu zuen, eta gerrarteko Europan zinekluben mugimenduaren promesa biziberritu zuen; izan ere, 7000 kide izatera iritsi zen. Ipar Amerikako kultura zinematografikoaren goraldia indartzeko adimenaren organismo nagusi bihurtu zen 50eko eta 60ko hamarkadetan.

1963. urtean, Vogelek Cinema 16 itxi zuen, haurrentzako liburu bat idatzi zuen eta New Yorkeko Zinema Jaialdiaren sortzaile eta zuzendarietako bat izan zen. Baina 60ko hamarkadaren amaieran, zinema jaialdi bat izan zitekeenari (eta ez izan beharko lukeenari) buruzko ideiak ez ziren, jada, bateragarriak Lincoln Center-en gailendu zen kulturarekin hau da, diru-kopuru handien, adimen maila ertainen eta pentsamolde itxien kulturarekin. Vogelek irakaskuntzan jardun zuen, eta irakurle helduei zuzendutako liburu bat pentsatzen hasi zen. Pennsylvaniako Unibertsitatean luzaroen jardun zuen irakaslea izan zen (1973-91); eta Film as a Subversive Art (1974) liburua zinemari buruzko inoizko argitalpenik ikonikoena (eta ikonografikoena) zela frogatu zen. Bi jarduera horiek bere bizitza osoko keinua areagotu zuten; hain zuzen ere, ikusi zuena eta ulertu zuena beldurrik gabe partekatu eta adierazteko keinua, eta ikusi eta ulertu zuen hori honako hau zen, batik bat: artearen eta zinemaren boterea, eta haren mugak historiari dagokionez.

1993. urtean ezagutu genuen Amos lehen aldiz. Hitzaldi bat ematera itzuli zen Vienara; hitzaldiaren izenburua honela itzuli liteke: "Zuhurtziarako deia" edo "Susmorako eskaera". Eszeptiko eta sozialista antidogmatikoa zen; gizon biziki arrazionala, zinemaren indar erdi-hipnotikoak eta irrazionalak goraipatzen zituena; modernista bat, Wunderkammer delakoaren kontzeptu premodernoan, "artea" eta "bitxikeriak" oraindik bereizi gabe zeuden kontzeptuan murgiltzen zena. Egin nahi diogun omenaldian espiritu hori berreskuratu nahi dugu, baita agertzen zitzaizkion eta lasaitzen zuten beste espirituren batzuk ere. Ez gara haren programak bikoizten ari, baina guk hautatutako filmen erdia baino gehiago idatzi zituen edo ikusgai jarri zituen Amosek. Programa bakoitzak atariko elementu bat du (Paul Cronin-i esker) eta film luze bakar bat - haren lekua hartu zezaketen askoren ordezko bat (Buñuel, Herzog, Chytilová edo Garrel). Amosen programetan bezalaxe, konfrontazio eta animazio asko dago, baita zientzia eta sexua ere. Eta unean uneko ekoizpenarekin egunean egoteko ahalegina egiten zuenez beti, badira artista gazteen film berriak ere, gazteegiak haren ikus eremuan sartu ahal izateko.

Beti izan zen Aby Warburg-en ñabardurarik Vogelen ikuspegian: arte historialariaren memoria bisualeko eta kultura asoziazioko jolas serioak. Programa hau, halaber, "Mnemosyne-ren atlas" modura ikus daiteke, Amos Vogelen omenez.

Alexander Horwath eta Regina Schlagnitweit

Alexander Horwath Vienan (Austria) jaio zen, 1964an, eta idazlea eta, komisarioa da; Vienako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren (1992-97) eta Austriako Zinemaren Museoaren (2002-2017) zuzendaria izan zen. Hainbat liburu argitaratu ditu, hala nola komisariotza zinematografikoa, 60ko eta 70eko hamarkadetako Estatu Batuetako zinema, abangoardiako zinema, Josef von Sternberg eta Ruth Beckermanni buruzkoak, eta Amos Vogelen Film as a Subversive Art-en Alemaniako berrargitalpena egin du. Vienako Arte Ederren Akademiaren kontseiluko kide da eta zinemaren historia irakasten du Vienako Zinema Akademian.

Regina Schlagnitweit Linzen (Austria) jaio zen, 1964an, eta komisario independentea, idazlea eta liburuen eta katalogoen editorea da. Musikologian lizentziaduna da, eta Max Steinerri eta Hollywoodeko 30eko eta 40ko hamarkadetako zinemako musikari buruzko tesia egin zuen. Castingetan lan egin du, bai eta zuzendari laguntzaile gisa ere Richard Linklater, Egon Humer, Karin Berger eta Peter Ily Huemerrekin. 2002tik 2018ra Austriako Zinemaren Museoko Programazio Saileko burua izan zen.

 

Atzera begirakoa Espainiako Filmategian, Cineteca Madrilen eta Kataluniako Filmategian izango da.

Programa 1. A New Home

New York hiriaren ikuspegi egoerazale samar bat, non Amos Vogelek, bere aberritik eta ama hizkuntzatik erbesteratua, etxe berri bat eta hizkuntza berri bat baino gehiago aurkitu zituen. In the Street lanean ideia bat aurkezten du: "Hiri handietako auzo pobreetako kaleak antzoki eta gudu zelai dira, batik bat. Han, ezjakin eta oharkabean, gizaki bakoitza poeta, antzezle, gerlari, dantzari bat da". Ikuskizunaren amaieran, apokalipsiaren ondoko tiro joko batek Manhattanera begiratzen du atzerako ispilutik, Jane Jacobs-en aktibismo urbanotik Donald Trump-en aberatsen uharteraino.

Programa 1.  A New Home

Programa 2. In Love and War

Vogelek modernotasunarekiko zuen interesa artearen eta kulturaren esparrutik haratago zabaltzen zen. Teoria politiko eta sozialen irakurle sutsua zen, eta natura zientzietako eztabaidak jarraitzen zituen. Bere "erlatibitatearen teoria" eta "ziurgabetasunaren printzipio" propioak zituen; alabaina, esperientzia pertsonal/historikoan ez ezik, irakurtzen zituen liburuetan ere oinarritzen ziren. Bere ustez, fenomeno "txikienak", pribatuagoak, eta "handienak", publikoagoak, elkarri lotuta zeuden lotura konplexu batekin, eta horien artean ezartzen ditugun hierarkien gainean ohartarazten zuen. Zinema ez da desberdina: epikotasuna eta iragankortasuna, poesiazko eta lekukotzako egintzak, garrantzirik gabekoa eta maila gorenekoa - horiek guztiak espazio berean bizi dira eta oso azkar elkartruka ditzakete tokiak.

Programa 2. In Love and War

Programa 3. Playground

Ziurtzat eman daiteke Zinema arte subertsiboa bezala-k izandako arrakasta globala 60ko hamarkadako kultura arloko (kontra) aldaketei esker gertatu zela, hein batean. Vogelen liburuak bat egin zuen gizartearen eta sexuaren askapeneko nozio berriekin, baina ikuspuntu historiko eta estetikoa ere eman zien: zinemak ez luke besterik gabe, indar eta figura errebeldeak "hedatu" behar, hala nola –gure kasuan– Otto Mühl (ekintzaile vienarra), Abbie Hoffman (Yippies-en sortzaileetako bat) edo Wilhelm Reich (sexu iraultzaren freudomarxista original eta teorikoa). Berezko eskubidearen ondorioz indar bihurtu behar du, eta ikus-entzunezkoaren, kontakizunaren eta denbora-espazioaren jabetzaren eskuburdinetatik askatu.

Programa 3. Playground

Programa 4. "Children have their own laws"

Programaren izenburua Franz Cižek-ren aipu bat da; Cižek aitzindaria izan zen haurren hezkuntza artistikoan. Amosen ama hezitzaile aurrerakoia zen eta Alfred Adler-ekin lan egin zuen "Viena Gorria" garaiko eskola erreformaren goraldian; Amos haurrak asko gozatu zuen Cižek-en ikastaroetan. Eta heldutan, lan handia egin zuen bultzada artistiko-pedagogikoaren alde. Pedagogia horrek bira bat zuen, noski, hautatutako film sorta honekin adierazi nahi dugun moduan: "Hezkuntza on bakarra, benetako hezkuntza bakarra subertsiboa da. Hori da zerbait ikasteko modu bakarra. " (Abbie Hoffman)

Programa 4. "Children have their own laws"

Programa 5. Secrets and Revelations: A Musical

Vogelen liburuko kapitulu baten izenburua da "Secrets and Revelations"; zinemaren botere irrazional eta animistekin liluratuta dagoen ateo bat agertzen da, zineman "ospatzen baita erabat modernoa den misterio bakarra" (André Breton). "Musikalaren" itxura, ordea, geurea da: zinemako zazpi lan zoragarri kantutegi moduan aurkezteko saiakera. Operistiko eta bizia, dantza biribil hau espirituek hartuta eta harmonia gertagaitz batek bedeinkatuta ere badago; iruditeria zientifiko eta surrealistarekin ezkondu eta etxe bat aurkitzen du, aberri guztiak galtzen diren etxe bat.

Programa 5. Secrets and Revelations: A Musical

Programa 6. Topsy-Turvy

Cinema 16 aretoan, Vogelek biziki maite zuen asaldura, animazioa eta itxaropen abangoardista harremanetan jartzea, betiere nahastura horretan nolabaiteko errespetagarritasun akademikoa jarrita. Filmak elkarri zalantzan jartzen ziren, baita ikusleen itxaropenak ere. Balioen, botere harremanen eta jakintza sisteman unibertso itxuraz egonkorra berehala erori zitekeen, eta bira egin. Formula sekretuak proposatuko lirateke mundua kanpotik eta barrutik berriro ere ikusi ahal izateko. Bai, zibilizazio hau hondoratu daiteke, eta behea jo. Hala eta guztiz ere ez bagara harengatik desesperatzen, haren egoera desesperatuak itxaropenez betetzen gaituelako da.

Programa 6. Topsy-Turvy
Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.