Nancy Holt

Nire lan guztia tokiarekin, denborarekin, barneko espazioarekin –kanpokoaren aldean–, espazioko orientazioarekin (sarritan, nola edo hala astronomikoki izendatuta) eta pertzepzioen alderdiekin –argia, espazioa, enkoadraketa, fokuratzea– erlazionatuta dago.

1969. urtetik, nire kezka nagusia eskulturak egitea izan da, paisaian edo hiri espazio zabaletan, harria, hormigoia, adreiluak eta altzairua erabilita. Nahiz eta batzuetan barneko espazioak erabiltzen diren –gela osoak– kokalekutzat, tokiak –barnean nahiz kanpoan– eskulturen parte dira, obretarako ideiak tokiekin dudan erlazioan oinarrituta garatzen direlako.

Nire film, bideo eta liburuak –pertzepzioaren esparruan pentsatutakoak izaki horiek ere– paisaien ebokazioak edo tokien lekualdatzeak izan ohi dira. Espazioaren zantzuak (jarraipenen, panoramiken, aireko eta oinezko harraldien bitartez) eta naturaren alderdiak –eguzki argiaren txantiloiak, hauts uhinak, uretako islak– bisualki hautematen dira eta beste toki batera eramaten dira filmaren bitartez, denboran barrena; aldi berean, tokiaren psikologia tokiko musikaren, soinuen eta/edo ahotsen bitartez agertzen da soinu bandetan, edo testu lagungarrian.

Artistak Bideoen Datu Bankurako egindako adierazpenak, 1988

Nancy Holt Worcester-en (Massachusetts) jaio zen, 1938. urtean, eta New Jersey-n hazi. 1960. urtean biologian lizentziatu zen Tufts-eko Unibertsitatean eta, handik gutxira, New Yorkera joan zen bizitzera; han, hainbat lankide eta laguntzailerekin –Michael Heizer, Carl Andre, Eva Hesse, Richard Serra– eta Robert Smithson senarrarekin batera, zineman, bideoan, instalazioetan eta soinu artean lanean hasi zen. Forma zilindrikoen, argiaren eta islapen tekniken erabilera berritzailearekin, Holtek pertzepzioaren estetika berdingabe bat garatu zuen; estetika horri esker, bere obrak ikustera joaten ziren bisitariek paisaiarekin forma berri eta desafiatzaileetan erlazionatzeko aukera izaten zuten.

Holtek 1969an erabili zuen lehen aldiz bideoa, eta berehalakotasunak liluratuta utzi zuen. "Aurkikuntza sentsazio itzela izan zen, oso irisgarria zelako eta, hori horrela, Bob-ek [Smithson] eta biok artelan bat egin genuen berehala (. . . ) Oso ezohikoa zen baliabide bat deskubritu, artelan bat egin eta ikusgai jartzea egun berean. Horrek izotzaldia urtu zuen, eta zer zen ikusarazi zidan: zeintzuk ziren zinemako ideiak, eta zeintzuk bideoko ideiak".

1970eko hamarkadan, hainbat lan aitzindari egin zituen zineman eta bideoan eta, besteak beste, Robert Smithson-ekin lankidetzan ere jardun zuen. Bere lehenengo bideoetan –baliabide horren obra enblematikoenetakoak dira– pertzepzioa eta memoria arakatzen dira ikuspuntuarekin eta prozesuarekin egindako esperimentuen bitartez; eta bideoaren muga teknikoak bihurritzen dira, baliabidearen izaera artifizialari erreparatuta eta distantzia kritiko bat utzita aurkezpen publikoaren eta errealitate pribatuaren artean.

Holt oso goiz inplikatu zenez argazkigintzarekin, argazkigintzak eginkizun bat bete zuen geroagoko lanetan; honela deskribatu zituen berak: "ikusteko gailuak, eguzkiaren, lurraren eta izarren posizioen jarraipena egiteko puntu finkoak". Lan edo obra horiei Lokalizatzaileak deitu zien, eta naturarekin eta, bereziki, izarrekin konexio intimoak egiteko aukerak sorrarazi zituzten. Holten esanetan: "Zerura –ilargira eta izarretara– begiratzeko premia oinarri-oinarrizkoa dela sentitzen dut, eta gu guztion barruan dago. Beraz, nire obra nire barne errealitatearen kanporatzea dela esaten dudanean, zera esan nahi dut, jendeari artearen bitartez itzultzen diodala haiek jada euren baitan duten hori".

Lur obren eta arte publikoaren aitzindari, bere eskala handiko ingurumen obra eskultorikoek, hala nola Sun Tunnels (1973-76) eta Views Through a Sand Dune (1972), natura fenomenoak behatzeko beste leiar bat eskaini zuten, toki geografiko zehatzak esperientzia zoli eta ozen bihurtzen dituen leiar. Bere obra eskultorikoei esker, ikusleak naturaren handitasuna giza eskalara kanalizatu dezake, toki jakin batean oinarritutako kontenplaziozko esperientzia subjektibo bat sortuz, aldi berean, denbora errealean. Holtek honako hau idatzi zuen Utah-ko Great Basin basamortuan kokatutako bere Sun Tunnels edo Eguzki Tunelei buruz:

"Basamortuaren espazio itzela giza eskalara itzularazi nahi nuen. Ez nuen monumentu megalitiko bat egin nahi. Paisaiaren ikuspegi panoramikoa izugarrizkoegia da erreferentzia puntu bisualik gabe asimilatzeko (. . .) tunelen bitartez, paisaiaren zatiak marko barruan bezala geratzen dira eta fokuratu egiten dira (. . .) obrak inguruneak ixten ditu (. . .)"

Nancy Holtek (1938-2014) eta Robert Smithsonek (1938-73) planetarekin dugun erlazioa arakatzeko modu berritzaileak garatu zituzten, jardunbide artistikoaren mugak zabalduta. Punto de Vista jaialdian, Espainian lehen aldiz, Nancy Holten obra filmikoaren atzerabegirako hau prestatu dugu, azken urteotako kuradoretza ildoari jarraikiz, hau da, beste diziplina batzuetan ezagunak izanik, zinema ere landu zuten artisten –Marcia Hafif edo Gordon Matta-Clark, esaterako– obra ikus-entzule gehiagorengana iristea, alegia. Lau programako sorta honetan, Nancy Holten filmak ez ezik, lanbidean kide izan zituen beste hainbaten obrak ere sartu ditugu, hala nola Joan Jonas, Robert Smithson edo Gordon Matta-Clark-enak, sinkronizitateari, espazioari, sinpletasunari, pertzepzioari eta naturarekiko maitasunari buruzko ziklo batean.

Zikloaren komisarioa: Garbiñe Ortega

Holt/Smithson Foundationetik eta Video Data Banketik ateratako aipuak

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.