Idazle afizionatu batek –hori ere Oier Etxeberria izenez– gidoi zinematografiko bat idatzi du Aita Laburu postjesuitarentzat. Iragan-etorkizun batean garatzen da filma, Loiolako basilika eta munduaren parte handi bat Nahimenen Gehitzaileak subsumituak izan diren garai batean. Tramankulua Aita Laburuk diseinatu zuen bere lagun Ricardo Barojak sortutako zientzia-fikziozko El Pedigree antzerki-lanerako. Filmaren bilbea eta amaiera argitu gabe, aurkezpenak makina optiko haren funtzionamendua hobeto ulertzeko balio izango du; izan ere, makinak eredu antropologikoak (izaki bizidunak), eta ez errepresentazio soilak, proiektatzeko gaitasuna zuen.
Oier Etxeberria artista eta musikaria da. Visita y anatomía de la cabeza del Padre Laburu (San Telmo. Donostia) edo Ambras (LLS Paleis. Anberes) ditugu bere erakusketen artean. Akauzazte musika-taldeko eta AmatauTV proiektuko kidea izan da. Cristina Enea Fundazioko erakusketa-arduraduna izan zen, eta bertan Las patatas y las cosas: Lurpeko istorioak edo ¿Cuánta tierra necesita un hombre? erakusketen komisiario-lanak egin zituen. Musikari gisa, hainbat lan editatu ditu, besteak beste, C14 edo Locuela (música celestial).