Ramón Andrés poeta, saiogile eta pentsalaria eta Xabier Erkizia, artista eta ekoizlea, entzutearen kulturaz, musikaz eta bizitzaz hitz egingo dute.
Ramón Andrés (Iruña, 1955) musikari buruzko saiakera asko idatzi ditu; esate baterako, El mundo en el oído (2008), Semper dolens. Historia del suicidio en Occidente (2015), Pensar y no caer (2016) eta Filosofía y consuelo de la música (2020), historian zehar entzuteak duen garrantziari erreparatuta beti. 2015ean, Kulturaren Vianako Printzearen Saria jaso zuen. Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) soinu-artista, ekoizlea eta ikertzaile independentea da, eta bere lanaren ezaugarri nagusia entzumena eta soinua barne biltzen duen sorkuntza forma ororen gaineko jakin-mina eta ikerketa da. Bere lanak batik bat instalazioak, lan fonografikoak, irratikoak, ikus entzunezkoak, idatzizko saiakerak eta nazioartean sarituriko ikus entzunezko lanetarako soinu bandak dira. Gaur egun, Ramón eta Xabier Niño de Elche musikariaren hurrengo lan musikal eta eszenikorako ekoizpen artistikoan ari dira lanean.