Punto de Vista jaialdiari hasiera emateko Dardara filmaren munduko estreinaldia, Marina Lameiro zinemagile nafarrarena eta eskualde bereko Berri Txarrak rock taldearen amaierako biran zehar errodatua.
Berri Txarrak musika-talde ezagunak, 2019an barrena, bira egin zuen mundu osoan zehar. Birari Ikusi arte tour jarri zioten izen, eta, haren bidez, hogeita bost urteko ibilbideari adio egin zioten. Nafarroako Marina Lameiro zinegilea taldearen bidelagun izan zen azken urratsak ematen ari zirenean. Taldea, ez alferrik, fenomeno unibertsal bilakatua da, estiloa –rocka–, hizkuntza –euskara– eta belaunaldi bat ere –taldekideena– gainditurik.