Argazkigintza estereoskopikoa normalean gogoratzen dena baino bitarteko garrantzitsuagoa eta ohikoagoa izan zen. Horren lekuko dira artxiboetan gordetzen diren merkataritzako edo ekoizpen pribatuko bilduma zabalak. Bitarteko horrek ikusteko gailu berezi bat izateak –bisore estereoskopikoa beharrezkoa da irudiak sakontasunez ikusteko– argazkiaren eta ikus-entzunezkoaren tarteko izaera ematen dio, antzinakoa eta garaikidea, aldi berean. Bisorean jartzean, argazkiek objektuen fisikotasuna galtzen dute, eta presentzia immateriala hartu.
Jaialdiaren goiburuetan Nafarroako Fototekako funtsaren estereoskopiak berreskuratu ditugu. Hiru dimentsioko gailuaren bitartez, pare bakoitzeko bi irudien fotogramaz fotogramako segida ikusten da, flicker batean bezala. Horrela, argazkiak bere zentzua eta forma berreskuratzen ditu. Mamu erliebe horretan ziren bezala agertzen dira.
Goiburu bakar baten ordez, anitz egiteko aukera emango duen formatuaren alde egitea erabaki dugu. Hartara, irudiak nondik datozen birsortzen da, artxibo bat, baita irudien bilduma izaera ere. Irudi bakoitzari berezko lilura baldin badario, multzo gisa elkarri oihartzuna egiten diote eta efektuak biderkatzen dituzte. Alboratzearen erlazio eta oihartzunak dira, dela gordeta dauden artxiboetako alboratzearenak, dela egun hauetan ikusgai dauden muntaketaren alboratzearenak.
Estampa kolektibo artistikoa da, eta errealizatzaileak, programatzaileak eta ikertzailek biltzen dira bertan; ikus-entzunezko esperimentalaren eta ingurune digitalen esparruak lantzen dituzte. Ikus-entzunezko teknologiara eta teknologia digitalera hurbilketa kritiko eta arkeologikoa egitean oinarritzen da haien jarduna, betiere teknologia horien funtzionamendua, erabilerak eta eraketa –diskurtsoaren objektu gisa– ulertze aldera. Azken urteotan hainbat proiektu garatu dituzte adimen artifizialaren erabilera eta ideologiei buruz eta kultura bisual garaikidean duen eraginari buruz, bai ikerketa artistikoko piezetan, hala nola El mal alumno. Pedagogía crítica para inteligencias artificiales (2017-2018) edo instalazioetan, hala nola Auspicios (2019) edo Especies marcianas (2021), besteak beste. Animazio esperimentaleko piezak egiten dituzte (hala nola En la colonia penitenciaria, 2010), baita bideo- entseguak ere (azkenak The Process of Seeing, 2020, eta ¿Qué es lo que ves, YOLO9000?, 2019 izan dira).