Dokumentalen arloan, jaialdi honi dagokion aldetik, korronte bat zabaldu da, eta hainbatek «autobiografikoa» edo «nor bere baitan biltzekoa» dela ere esan du. Film sorta horietan autoreen bizitza edo haien hurbileko senideena lantzen da. Eguneroko egoerak agertzen dituzte, edo existentziaren gertaera dramatikoak, heriotzak, gaixotasunak, zahartzea… alegia, zinemak –finkatzearekin batera, kanporatu ere egiten duen artefaktu handi horrek– exorzizatzeko modukoak diren kontuak. Joera horretan, bizimodu arrunten eremuan gabiltza, América, América (Elia Kazan, 1963) filmeko heroismo familiar eta epikotik urrun. Epikoa zera da, kontatzeko modukoa den hori, baina dokumentalista gazteak jabetu dira bizitzearen zailtasunak eta artea kontatzeko modukoak direla, edozein bizitzatan.
Baina América, América dokumental bat izanen balitz bezala ikusten ahal da, hau da, egilearen osabaren bizimoduaren berreraikitze sinesgarri eta fantasiazkoa, aldi berean. Horrek fikzioa egiten duten beste zinemagile handi batzuengana garamatza, haiek ere bildu baitira nor bere baitan eta haiek ere pentsatu baitute beren esperientzia argitaratzeko modukoa zela. Gutxi izan dira zinema-ispilu honekin ausartu direnak; Fellini eta Godard-en kasuak baino ez zaizkit bururatzen. Baina adibide horien gauza interesgarriena da, alde batetik, dokumental autobiografikoetara hurbiltzen direla, haiek ere ez dutelako inolako handitasun heroikorik, eta, bestetik, dokumental horietatik urruntzen direla egileen nortasun bereziagatik eta adierazpen zinematografikoan maisu bikainak izateagatik.
Dokumentalekiko harreman bikoitz eta antitetiko hori dela eta, Federico Felliniri buruzko hitzaldi bat planteatzea egokia izaten ahal zela bururatu zaigu, inork baino urrunago eraman baitu introspekzio hori bere filmetan. Kasu zirraragarria da, zinemagileak hainbat mailatan erretratatu baitu bere burua; lehenik eta behin, sosien bitartez, nolabaiteko ezkutaketa jolas batera jolasten bere buruarekin (Moraldo, Marcello, Guido Anselmi, Snàporaz, Pippo Battistella; hemen: I vitelloni, La dolce vita; 8 ½, La città delle donne, Ginger e Fred); bere burua aurkeztuta gero (Block-notes di un regista, I clowns, Roma, Intervista). Parekorik gabeko film multzo horri buruz hausnartzeak argi berri –eta agian argigarriago– batekin argitzen ahal du jaialdian lantzen diren lehen pertsonako dokumentalen mundu hori.
Paulino Viota
Paulino Viota (Santander, 1948) film luze hauen egilea da: Contactos (1970) –2010ean Espainiako Zinematekak zaharberritu zuen eta Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionaleko bilduman dago–; Duración (1970) –hau ere aipaturiko bilduman dago–; Con uñas y dientes (1977-78); eta Cuerpo a cuerpo (1982). 1966tik 1974ra bitarte film laburrak ere egin zituen, eta, haren obra osoa Intermedio DVDk argitaratu du. 80ko hamarkadaren hasieratik, Viotak ikerketa eta irakasle lanetan dihardu, zinemari lotuta betiere. Irakasle izan da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, CECC-Centre d’Estudis Cinematogràfics de Catalunyan, Bande à part zine eskolan (Bartzelona) eta Kantabriako Zinematekan. Hitzaldiak eman izan ditu Espainiako kultura eta zinema erakunde nagusietan.