Programa hau Peter Nestler zinemagilearen lanaren sarrera bat da. Izenburua Johannes R. Becher alemaniar poeta komunistaren poema batetik hartu da, erbestean idatzi zuenz 1941-44 artean. Nestlerrek jaso zuen 1970eko hamarkadan Txileko krisi politikoaren eta zinemagileen erantzukizunari buruzko testu batean. Etenik gabe egin da erresistentzia, esperantza eta aldaketarako deia Nestlerren lanean, filmak egiten hasi zenetik, hau da, 1960ko hamarkadaren hasieratik.
Gaur egun zuhaitzetatik bereizten gaituen amildegira hurbiltzen da zinema programa hau, denboraren luzean (eta zabalean) izandako funtsezko ondasunen ekoizpenari erreparatzen dio eta, ondorioz, omenaldia egiten die jatorrizko inproduktibitateari, industriaz kanpoko ekoizpen moduei, biziraupen-ekonomiei eta animaliei. Bai eta gizaki batzuei ere, guztiak ere artistak eurenean. Zergatik? Gure munduarekiko maitasunagatik, gure munduaren defentsan, gure mundua defendatzeko behar den desira (edo irudimena) astintzeagatik, Samoako uharteak edo Orinokoko delta urpean desager ez daitezen, Sizilia edo Traslasierra harana suaren azpian desager ez daitezen. Desagertuko badira ere. Izan ere, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Ebro ibaiaren beheko ertzean aurkitutako kartel batek zioen bezala: «Miraria deitzen diote garapenari, baina banaketan dago miraria».