Ceramiqueros de Traslasierra
Raymundo Gleyzer
Argentina, 1965, 19 min, espainiera
L’industria dell’argilla in Sicilia
Pietro Marelli
Italia, 1910, 5 min, isila
Zum Vergleich
Harun Farocki
Austria eta Alemania, 2009, 61 min, elkarrizketarik gabe
Buztinak ondo irabazia du «sortzaile» adjektiboa. Gure espezieak, adibidez, gora igoarazi zuen, eta etxe eta etxerako objektu preziatu bihurtu. Alcira López, buztingilea, lanbide horretan hasi zen pobrea zelako eta janaria prestatzeko azalerak ere falta zitzaizkiolako. Inork ez zion irakatsi, hamabost seme-alabari irakatsi die berak. Ogiaren moduan oratzen du buztina, eta irazkitze teknika erabiltzen du, tornurik gabe, molderik gabe, txurroak erantsiz; eskuekin pentsatzen ikusten dugu, hori baita «gizakiaren benetako izaera», esan zuen gizon batek. Dortokak moldatzen ditu eta ez du inoiz bat ikusi, turistei saltzen die bere demiurgo artea. Traslasierra haraneko ibaiek ematen dizkiote buztina (irazkitzeko) eta harriak (leuntzeko) behi eta zaldi gorotzek beroa eta kolorea, zinemagileak, berriz, geroa eman dio, berak eskatu ez duena eta guk eskertzen duguna. Haranean badira moldeekin lan egiten dutenak.
«Aurrerapen teknologiko» bat aldarrikatu behar badugu, tornua izan dadila. Eskuekin eta oinekin pentsatzeko aukera ematen du, eta plazeren bat igartzen da lokatza irristatzean. Cefalún, 1910ean, ekoizpen kate baten erdian geratzen da tornua, planoz plano baretzen dena: erauzketaren zakartasunetik (meatze batean daudela dirudi) dekorazioaren fintasunera (eguzkitan, itsasoaren aurrean eta pipan erretzen; oporretan daudela dirudi, eurena dela eguna). Marellik, berriz, harriduraz eta ausardia handiz enkoadratu du.
Eta objektu preziatuen ondoren, etxea bera Konparazioan lanarekin, indar zentrifugoa, dialektika miretsiz praktikatzeko gonbidapena. Farockik adreiluaren bidea egiten du Burkina Fasoko, Indiako, Frantziako, Alemaniako, Austriako eta Suitzako herrietan eta hirietan. Europatik kanpo luzea da bidea, jakina da nondik datorren buztina (zapaltzen den lurretik) bai eta nora doan ere. Europan adreiluak egitera mugatzen da, teilatupean beti. Berriz ere mingakoa, minka, auzolana edo facendera, elektrizitatearen ordez eskuak, alaitasun komunitarioa, makinen xarma zuhurra, abestien ordez zarata, kamioiak, kamioiak eta lurralde irentsia, emakume zarpiatzaileak, emakume garraiatzaileak, umeak gainean eramaten dituztenak, adreilu domoa, barruan adreilu gehiago erretzen dituena, plastikozko zakuak eta pareta aurrefabrikatuak, Homer Simpson bat aginte koadroaren aurrean, zatitu gabeko munduak, mundu zatituak: hori guztia batera existitzeak, hain produkzio modu desberdinak, are kontrajarriak, garaikideak izateak, hautsi egiten du aurrerapenaren sorginkeria, eta erakusten du ez dagoela ezer saihestezinik, gelditu daitekeela jakinaren gainean, halako bizitza bat nahi izan eta ez bestelakoa.
L’industria dell’argilla in Sicilia: Museo Nazionale del Cinema di Torinok emandako kopia