Die Donau rauf
Peter Nestler eta Zsóka Nestler
Suedia, 1969 / 28 minutu, 16mm-tik DCP-ra, koloretan, alemaniera
Zeit
Peter Nestler eta Zsóka Nestler
Alemania, 1992 / 43 minutu, 16mm-tik DCP-ra, koloretan, alemaniera
Die Donau rauf (1969), Zsóka Nestlerrekin batera egina, Danubio ibaian barrena egindako bidaia bat da, antzina eta berriki pasatutako iraganeko askotariko narratibak ezagutarazten dituena, ontziak motel aurrera egitearekin, paisaiarekin eta lanean ari diren pertsonen irudiekin nahastuta. Filmak ibaiaren historia kultural, sozial eta politikoa lantzen ditu, sakabanatutako istorioak elkartuz ibaiertzean aurkitutako hondakinetatik bi mundu gerren arteko ontzigintza eta merkataritzaren historiaraino, XVII. mendeko nekazarien iraultzatik Holokaustoko izuraino (Zsóka Nestlerrek irakurritako Miklós Radnóti-ren poema baten bitartez).
Zeit filma Peter eta Zsókaren jardunaren erdigunean dago, bai eta artea egiteko modu tradizionalekiko eta horiek egiten dituztenekiko interesaren bihotzean ere. Filmean, Hungariako herrietako sei margolarik eta artistak beren bizitzei buruz hitz egiten dute, eta beren lanak aurkezten dituzte kameraren aurrean. Filmak artisten eta zinemagileen arteko truke horretan partekatutako eskuzabaltasunaren berri ematen du, eta lan horien atzean dagoen artisau lanaren, lanok egiten dituztenen askatasunaren eta historia pertsonal eta kolektiboa irudikatzen duten moduaren erretratu paregabea egiten du.