Beste eztabaida zabalago baten barruan sar daitezke zinema dokumentalaren inguruko eztabaida asko: genero didaktikoei buruzko eztabaidaren barruan. Izan ere, literaturaren eta artearen historian egindako ibilbide luzean, zinema ere ukitu du eztabaida horrek: biografia, erretratua, aitortza, memoriak, tratatua, saiakera eta genero hermetikoak zinemaren elikagai izan dira, sorreratik gaur arte.
Proiektu didaktiko erradikalak izan ziren Roberto Rossellinik eta Jean-Luc Godardek eta Anne-Marie Miévillek osatutako bikoteak garatu zituztenak 60ko hamarkadaren erdialdetik 70eko hamarkadaren amaierara arte. Bakoitzak bere erara, ordura arteko zinema jarduna eten zuten, eta garai hartan oraindik gaztea zen bide bati egin zioten, telebistaren bideari. Rosselliniren «entziklopedia bisualaren» proiektua, haren heriotza goiztiarrak zapuztu egin zuena, Moraviako Iohannes Amos Comenius (1592-1670) pedagogoaren ideietan oinarritu zen; «zuzeneko ikuspegiaren» teorian, besteak beste. Bestalde, Godardek eta Miévillek beren ekoizpen konpainia sortu zuten 70eko hamarkadaren hasieran, Sonimage izenekoa, eta Frantziako telebista publikoaren bigarren katearen enkarguak jaso zituzten, Six fois deux / Sur et sous la communication (1976) eta France / tour / détour / deux / enfants (1978) telesail luzeak egiteko.
Bi saio eskainiko dizkiogu gaiari. Alde batetik, Rosellinik eta Godard-Miévillek telebistarako egindako lanen hiru atal proiektatuko ditugu, eta ondoren, solasaldia egingo dugu José Antonio Escrigekin —Zaragozako Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Didaktika Espezifikoen saileko irakaslea— eta José Ángel Alcalderekin —passeurra eta maisu sokratikoa Bartzelonako zinemazaleen hainbat belaunaldirentzat, Xcèntricen sortzailea—. Bestetik, Paulino Viotaren hitzaldia, Godarden lanaren ezagule handienetako bat, eta Jean-Luc Godard. 60 años insumiso (Athenaica, 2022) liburua argitaratu berri duenak.
Atti degli apostoli [2. atala]
Roberto Rossellini
Italia-Frantzia-Tunisia-Alemania-Espainia, 1969, 57 min, 35 mm-tik digitalera
France / tour / détour / deux / enfants [1A eta 1B atalak]
Jean-Luc Godard eta Anne-Marie Miéville
Frantzia, 1978, 25 min + 25 min, 1''-ko bideotik digitalera
Godarden pentsamendu sentibera
Paulino Viotaren hitzaldia
Manuel maitea:
Telefonoa eskegi orduko, Deux ou trois choses que je sais d'elle (1967) etorri zitzaidan burura. Kasualitatez —ausaz gertatzen da dena—, haren zatitxo bat ikusi nuen atzo. Rosselliniren eta Godarden arteko erlazioa ezartzea baldin bada helburua, eta Rossellini bere dimentsio didaktikoan ikusi nahi badugu, nabarmendu nahi badugu gizateriaren bidea markatu duen pentsamendua gure aurrean jartzen aritu zela bere ibilbide miragarriaren azken hamabost urteetan, uste dut Godarden Berari buruz dakizkidan bizpahiru gauza dela hori modu zuzenenean eta agian lotsagabeenean islatzen duena.
Godard bera entzun dezakegu filosofatzen (xuxurlaka entzuten dugun haren ahotsa, zineman gure ondoan eserita balego bezala eta gainerako ikusleei traba egin nahi ez balie bezala), egunerokotasuna oinarri hartuta, kafe katilu bateko aparra bistro batean, edo garbiketa Mini Morris baten erregai-zerbitzugune bateko auto tunelean (zuk ezagutzen duzu eszena horren nire analisia).
Godard filosofo bihurtzen da, eta Eisensteinek nahi zuen bezala, zinema erabiltzen du irudi gisa, «pentsamendu sentibera» gisa, bere filosofiei euskarri materiala emateko (Francis Pongen oinarrituak, idazle «hotza», gure bi zinemagileak bezala, poema eta saiakera batzen dituena eta gauzen alde egiten duena).
Rossellinik ez du filosofatzen, baina Apostoluen egitateak telesailean erakusten dizkigu eguneroko bizitzan filosofatzen dutenak, ahuntzak hazten, ereiten edo tornuan ontziak lantzen ari direla.
Nire hitzaldian, eszena horietako batzuk proiektatu eta horiei buruz hitz egin nezake.
Buruan grabatuta geratu zait Apostoluen egitateaken, Jerusalemgo Kontzilioari buruzkoan (gaizki gogoratzen ez badut), nola eztabaidatzen duten artzain, nekazari eta artisauek, inolako prosopopeiarik gabe, modurik lauenean eta adiskidetasun perfektuan, norentzat izan behar ote duen kristautasunak, etnia bakar batentzat edo gizadi osoarentzat. Eta azkenean, guztion etorkizunerako funtsezko bihurtu den gai bat mamitu egiten da gertaera fisiko eta material batean (kafe katilua edo Mini Morris bezala): zirkunzisioan.
Rosselliniren eszena zoragarri hori alderatu nahi nuke beste film handi bateko eszenaren batekin, non gai garrantzitsu bat ere eztabaidatzen den; agian Erromako Senatuan, Erromatar Inperioaren Erorketa-n edo Espartaco-n (horrelako zerbait badago). Rosselliniren originaltasuna nabarmenduko nuke.
Uste duzu horri buruz hitz egin nezakeela? Ados bazaude, gutun hau bera erabil liteke aurkezpen gisa.
Besarkada bat,
Paulino