Pascale Bodet-en hiru abentura

… asko hitz egiten zuen, baina ez zuen gustuko berari hitz egitea.

Pascale Bodet-ek filmak egiten ditu. Batzuetan dokumentalak dira. Batzuetan fikzioak dira. Dokumentalak, askotan, erretratuak dira. Fikzioak, hein batean, grazia berezia eta zakarra duten komediak dira. Bere film guztiek familia kutsua dute, eta, familia guztietako kideen antzera, desberdinak dira. Kontua ez da errepikatzea, ezta estilo bat izatea ere, baizik eta filmak egitea, film bakoitza, aldi bakoitzean, abentura berri bat izanik. Abentura bilatu egin behar da, bila joan behar da, eta, azkenean, bilatzen dena zera izanen da, agian, lortzeko ezinezkoa den zerbait: une batez, une labur-labur batez bada ere, bestearen larruan jartzea.     

Iaz, Punto de Vista jaialdiko Sail Ofizialean ikusi ahal izan genuen bere abenturetako bat, Baleh-baleh. Baleh-baleh hainbat gauza zen eta, besteak beste, horri buruzko ipuin bat ere bazen, hau da, beste baten larruan jartzeari buruzkoa, beste bat izan (saltzailea, erregea, eguzkia, hodeia, harria, hargina) eta, azkenean, norbera izaten bukatzeari buruzkoa.

Foku honetan, Pascale Bodet-en beste hiru abentura ikusiko ditugu: Le carré de la fortune, Porte sans c eta Presque un siècle. Itxuraz, dena agerian dute film horiek, baina sekretu bat ezkutatzen dute beti, azpitik doan istorio desberdin bat. Film batek sekretu bat baldin badu, horrek esan nahi du filma filmatzeko garaian zerbait bizia gertatu zela, aurreikusitakoa baino gehiago arriskatu duela filmak, eta hori eskuzabaltasun mota bat ere bada: filmak konfiantza du gurekin, ikusleekin. Gure adimenarekin du konfiantza, arriskatzeko eta, agian huts egiteko gure nahiarekin; izan ere, guk eguzkia zela uste genuena hodeia izan baitaiteke edo, agian, azkenean, harri bat.

Le carré de la fortune, Michel Delahaye zinema kritikari izandakoaren erretratua, misteriozko istorio bihurtzen da, konponbiderik ez duena. Presque un siècle, zinemagilearen amonaren erretratua, adiskidetasun baten erretratu eta heriotzari buruzko komedia aztoragarri bihurtzen da. Porte sans clef-ek, absurduaren mugan dagoen fikzioak, aterpe bat izateak edo ez izateak dakarren larritasunari buruzko film errealista bat ezkutatzen du. Eta horiek guztiak, besteak beste, burugogorkeriari buruzko eta ez entzuteko arteari buruzko filmak dira, pertsonok elkarrekin hitz egiteari uko egiten diogun unean ezagutzera ematen duguna arazorik gabe hitz egiten dugun uneetan aditzera ematen duguna baino garrantzitsuagoa izango balitz bezala. Burugogorkeria horrekin talka egiten ez den arte ez da bestearen larruan jartzera iristen. Hori egitea, bestearen larruan jartzea, ezinezkoa dela sentitzen ez den arte ez da bat-egiterik izan.

Pascale Bodet-en filmak urrun iristen dira, lurra eta errealitatea ezegonkor eta aldakor bihurtzen diren punturaino. Ezegonkortasunean aurkitzen dituzte, aldi berean, komedia eta errealitatea, larritasuna eta grazia. Eta han dago, era berean –eta Pascale Bodet zinemagilearen hiru abentura hauen arteko sarea josten duten hari sekretuetako bat da hori–, belaunaldiek bat egiteko modu bat, elkarrekin egoten jakiteko modu bat, baina elkar erabat entzun gabe; zinemagilea, une jakin batean, hamaika abentura bizi izan dituen eta mundu aldakor batean jada aldatuko ez den pirata zaharrari laguntzen dion itsasneska izango balitz bezala.

Pablo García Cangaren programazioa eta testuak

Le carré de la fortune

Le carré de la fortune
Pascale Bodet, Emmanuel Levaufre
Frantzia, 2007, 160 min, koloretan, frantsesa

Le carré de la fortune

Porte sans clef

Porte sans clef
Pascale Bodet
Frantzia, 2018, 79 min, koloretan, frantsesa

Porte sans clef

Presque un siècle

Presque un siècle
Pascale Bodet
Frantzia, 2019, 52 min, koloretan, frantsesa

Presque un siècle
Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.