Segalari Baten Istorioa | 草とり草紙

Segalari Baten Istorioa | 草とり草紙
Fukuda Katsuhiko
Japonia, 1985, 88 min, 8 mm 16 mm-ra egokitua, kolorea, Japoniera

Amona Someya Meiji aroan jaio zen [1899]. Naritako aireportua eraikitzeko erreserbatutako lurrak lantzen zituzten pertsonetako bat zen, Ogawa Shinsukeren Sanrizuka seriean (1968-1978) erakusten den bezala. Aireportuaren bigarren fasearen aurka egin zuen, familiarengandik banandu eta bakarrik bizi zen. Filmak amona Someyaren hitzekin kontatutako hemeretzi istorio batzen ditu: hil ziren seme-alaben istorioa; bizargina zen bere senarrarena; amets bitxi batena; Sanrizukara zelai berriak landatzera iritsi zen lehen aldiarena; txikitan pospoloak bakarrik jaten zituenekoa. Kamerak amona Someyari nekazaritza-lanetan jarraitzen dion heinean, oroitzapen, amets eta errealitate pertsonal horiek aieneen edota eredugarriak diren istorioen itxura hartzen dute. Sanrizukako serie bortitzarekin alderatuta, film xume eta ederra da hau: Magino herrixkaren historia. Zetazko harrak hazten (1977) lanean agertutako Ogawaren estiloaren luzapena, eta Japoniako dokumentalgintzan emandako aldaketaren hasieraren ilustrazio liluragarria, gizartetik eta komunitatetik urrundu eta arlo pertsonalera hurbiltzen dena.


Yasui Yoshio, Yamagatako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 1997ko katalogotik egokitua


Gutun hau espresuki idatzi du gure katalogorako Hatano Yukie, zinemagilearen kolaboratzaile eta bikotekideak.


Segalari baten istorioa, «ipuin» baten deskubrimenduaren bidaia

2023ko urtarrilaren 28a

Duela berrogei urte, 1982ko azaroko egun batean, Katsuhikok bisita egin zion Katsu Someya andreari, galdetzeko ea utziko zion filmatzen. Buruan aspalditik zebilkion ideia bat zen, eta ausardia handia behar izan zuen hori eskatzeko. Katsu andreak baietz erantzun zion, «A, ongi» xume batekin.

Katsuhiko ahal zuen egun guztietan joan zen Katsu andrearen etxera eta haren baratzera, Tohotik hurbil, Narita udalerrian, bai eta Rakkyoko fabrikara ere, haren lantokira.

Katsu andreak gogoeta egiten zuen bere bizitzari buruz, bere inguruari buruz, bai eta inguruko animaliei buruz ere. Egun batean, andrearen istorioak adi entzuten ari zela, Katsuhiko zerbaitez ohartu zen: haren kontakizuna errepikatu egiten zela, eta errepikatu egiten zela ia musikala zen kadentzia batekin.

Katsuhikok pentsatu zuen hori zela «Katsu andrearen ipuinaren» gakoa.

Behin, Katsuhikok bere buruari esan zion: «Amonaren istorioak gordeko ditut eta, modu batean edo bestean, neure istorioa egingo dut».

Garai hartan beste lan bat nuenez, asteburuetan lagundu nion Katsuhikori, kamera bizkarrean hartuta. Muntaketan ere parte hartu nuen, eta ia egitura guztia bion artean erabaki genuen. Baina asteburu batean, etxera itzultzean, esan zidan: «Begira hori». Eta aurkitu nuen hiru aldiz errepikatzen zen zati bat. Eszena bat, non Katsu andrea gauza berberaz mintzo zen.

Segalari baten istorioa filmaren produkzioa amaitu genuen, 8 mm-ko bertsioan. Negatibo bakar bat genuen, eta, behin moztuta, lehengoratzen saiatuagatik, markak gelditzen dira. Beraz, kontu handiz egin behar zen muntaketa. Audioarekin ere denbora asko behar zen, 16 mm-ko formatuarekin konparatuta, eta gainera junturek soinuak sortzen zituzten.

8 mm-ko bertsioa estreinatu zenean, Katsuhiko modu ibiltarian aritu zen proiektatzen, proiektorea aldean eramanez. Gero, 16 mm-ra handitu zuten, hobeto kontserbatzeko. Lehen handitze hori positibatu genuen, baina estreinatzean esan ziguten Kansaiko biztanleek ez ziotela ulertzen Katsu andreari, Chiba eskualdeko azentu sendoagatik eta haren hitzen abiaduragatik.

Alternatiba izan zen beste errebelatu bat egitea, oraingoan negatiboarena, azpitituluak jarriz Katsu andrearen lehenengo esaldietan, obraren hasieran:

Karraska asko entzuten da, ezta? Ikaragarri gustatzen zait hori. Sustraiak mozten direnean. Fru-fru hori entzuten dudanean, parasitoak sustraietatik ezabatzen ditudala sentitzen dut. Oso sentsazio berezia da, ematen didatena…

Trukua da azpitituluak desagertuz doazela ikusleak pelikulara ohitu ahala.

Hatano Yukie

Segalari Baten Istorioa | 草とり草紙
Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.