Moving Cinema Gazte Programatzaileak x Punto de Vista 16 eta 19 urte bitarteko gazteentzako programazio gune bat da. Bertan, Jaialdiko saio berezi bat aukeratu eta aurkeztuko dute gazteek, film laburrei eskainia. Patxi Burillo zinemagilearen laguntzarekin, X Films, Termitas programekin lotutako zinemagileen zenbait film ikusi eta komentatuko dituzte gazte programatzaileek, eta saioa diseinatuko dute. Ondoren, taldeak berak aurkeztuko du saio hori Jaialdian.
Zine programazio bat sortzeko, ezinbestekoa da filmak arretaz ikustea, zinemagileen lanak ezagutzea, erlazioak ezartzea, filmak aurkezteko modua pentsatzea, ikusleentzat esperientzia berezia izan dadin, eta programazioaren osagarriak pentsatzea eta komunikazio lana egitea, jendeak filmak ezagutu eta aintzat hartu ditzan. Prozesu horien bidez, gazte programatzaileek oso lotura berezia ezartzen dute ikusi, programatu eta transmititzen duten zinemarekin.
Europako Moving Cinema proiektuaren parte da Gazte Programatzaileak x Punto de Vista. A Bao A Qu elkartea du sortzaile eta buru proiektu horrek 2014tik, eta Kultura Ministerioak babesten du. Punto de Vistan 2022az geroztik garatzen da, Iruñeko Udalaren laguntzarekin eta Civivox sarearen eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez.
A Bao A Qu 2004an sortutako kultura elkartea da, bereziki aritzen dena sorkuntza eta hezkuntza uztartzen dituzten egitasmoetan, haurrak, gazteak, sortzaileak (zinemagileak, argazkilariak, artistak…) eta hezitzaileak inplikatuz. Elkarteak garatzen dituen programa nagusiak dira: “Cine en curso”, “Fotografía en curso”, “Aristas en residencia en los institutos de Barcelona” eta “Moving Cinema”, “Inside Cinema” eta “CinEd” Europako proiektuak.