Joël Akafou (1986) Bouakén jaio zen, Boli Kostako etnia askotako eta bere garaian errebeldea izan zen hirian, eta ipuin kontalarien familia handi batetik dator. Afrikar ipuinen artean hazi zen, eta filosofia eta antzerkia ikasi zituen (INSAAC, Abidjan) zineman jardun aurretik. 2015ean, zinema zuzendaritzako masterra eskuratu zuen ISIS institutuan (Institut supérieur de l'image et du son, Ouagadougou) eta lau film labur zuzendu zituen. Vivre riche (2017) da bere lehenengo film luzea. Filmak online iruzurrak aztertzen ditu, Boli Kostako 2010-2011ko krisiaren ondorengo urteetan gazte bolikostarren artean zabaldu zen fenomenoa. Akafouren estiloa nabarmendu egiten da jada bere debut sarituan. Distantzia eta neutraltasun dokumentala zalantzan jartzen dituenez, subjektuekiko bere konpromiso murgiltzailea denboran eta konpainia eginez gertatzen da. Zinemagileak iruzurgileen errutina partekatu zuen bi urtez, beren maltzurkeria burutsua umorez eta gupidaz behatu zuen, epai morala alboratuta. Traverser (2020), Akafouren bigarren film luze dokumentala, Berlinalen estreinatu zen eta Belforteko Entrevues Nazioarteko Zinema Jaialdiko Sari Nagusia irabazi zuen. Inza jarraitzen du, Vivre riche laneko iruzurgileetako bat, Europan bizi hobea bilatzeko nahian. Gaur-gaurkoz, Akafouk istorioak konpainian kontatzeko konpromiso iraunkorra transmititzen du. Zinema irakasten du INSAAC erakundean eta sortu zuen ekoiztetxearen (Films Du Continent) aholkuari artistikoa da. Ekoiztetxeak gazte zinemagile afrikarrak ahalduntzeko lan egiten du, beren istorioak beren erara konta ditzaten.
Gaur, inoiz baino gehiago, istorio horiek behar ditugu. Izan ere, narratzaileek ondo dakiten moduan, istorioek sendatu egiten dute. Zauri sakonenak onartzea ahalbidetzen digute, horiek oinordetzeko modu berriak amesteko. Akafouk zauri asko ukitzen ditu: gazte bolikostarren belaunaldi bat kaosean utzi zuen krisi politiko eta ekonomikoa; neokolonialitatearen indarkeria kronikoa eta Afrikako baliabide naturalen arpilaketa; amen aurrean baino itsasoa gurutzatzen hiltzea nahiago duten semeak. Baina istorio on guztiak bezala, Akafourenak ere mugitu egiten dira: ez dira murrizten beren jatorrira edo helmugara. "Gurutzatzea", ez iristea; "aberats bizitzea", ez aberats izatea. Nahiek gidaturik, Akafouren pertsonaiek estereotipo guztiak saihesten dituzte iaioki. Vivre riche lanean, Inza iruzurgile bat da, eta bere logika ukaezinak epai zintzoena ere konbentzitzen du. Traverser lanean, donjuan bat da, maitemintzen jarraitzen duena. Baina, Proustek esango lukeen moduan, "inguratzen dituen paisaia” baino gutxiago maite ditu limurtzen dituenak. Etxea, bizi berria, autoestimua. Akafouren zinemak beren protagonisten buruetan bizi diren pasaiak jarraitzen ditu. Gurekin partekatzen ditu, barre eta malkoz, glamour eta eskariz, zaurgarritasunez eta erresilientziaz beteta. Alde batekin: Proustenak ez bezala, paisaia horiek mugak gurutzatzen dituzte.
Jade de Cock Rameyenen programazioa eta testuak