Gently Down the Stream
Su Friedrich, 1981, 13 min.
Hide and Seek
Su Friedrich, 1996, 65 min.
Gently Down the Stream Su Friedrichen lehen lanetako bat da, esperimentalenetako bat, eta bere hezkuntza katolikoaren eta bere desira lesbikoaren arteko gatazka agerian uzten duten amets multzo bat du oinarri. Testuak zuzenean pelikularen emultsioaren gainean idatzita daude, eta irudiek, berriz, erlazio tangentziala dute testuekin, gogora ekarriz ametsetako nahasmendu eta dislokazio egoera bereizgarria.
Hide and Seek aurrekoaren antzekoa da jorratzen duen gaiari dagokionez, baina, kasu honetan, dokumentalaren tresnak –lesbiana helduei egindako elkarrizketak, haien pubertaroari buruzkoak– eta fikzioarenak –Louren istorioa, 60ko hamarkadan bere sexu joeraz jabetu zen neskatoarena– erabili ditu egileak. Filmaren hazia “I was a lesbian child” esaldia zeramatzaten kamiseta batzuk izan ziren. Lesbianismoa agerian jartzea helburu zuen Lesbian Avengers taldeko aktibistek jantzi zituzten kamiseta horiek haien errebindikazio ekintzetako batean. Talde horretako kide zen Su, eta kamisetak ikusirik, konturatu zen ziur asko inork ez zuela gai hori jorratu zineman.
Gloria Vilches