El texu de Bermiego
Elena Duque
Espainia, gaztelania, 2013, 2 min
Ozols
Laila Pakalniņa
Letonia, letoniarra, 1997, 28 min
Usuzumi no sakura
Sumiko Haneda
Japonia, japoniera, 1977, 42 min
«Ibilbidea zein laburra den gogoan hartzen den lekua», abesten dute mendiek Bermiegoko milaka urteko haginari buruz. Zuhaitz bat, neurria behar bezala hartzeko. Eliza eta kontzejuko zuhaitz bat, hau da, batzartzekoa, jendeak gai komunak aztertzeko bilgune zena. Zuhaitz identitario bat (izan ere, zein kitzikagarria den pentsatzea, garai batean zuhaitzek ematen zietela herriei nortasuna). Elena Duquek inguruan jada ez duen basoa irudikatzen dio haginari, hainbat koloretako enborrekin, zuhaixkekin eta gaueko animaliekin. Gaua da, urak distira egiten du ilargiaren argitan, gizakiak beldur dira eta milaka urteko zuhaitz identitario eta babeslea bilatzen dute.
Letonian harizti birjina bat dago oraindik, baina Ozols laneko protagonista ez da han bizi. Zazpiehun urte ditu, eta armarrian daraman Sēja udalerriaren parte da. Filma harekin hasten da, egundokoa, zuhaitz apalago batzuen alboan. Gizon bat pasatzen da behi batekin, haritzaren handitasuna azpimarratuz eta, aldi berean, herriaren tonua iragarriz (industriaurrekoa, laurogeita hamarreko hamarkadako koreografia batzuk alde batera utzita). Eroritako hostoak urrea dira eta izarrak dira. Enborra hain da lodia, ezen panoramikan ikuskatu baitaiteke, ezkerretik eskuinera, eta lirdinga agertzen denean itsasoko olatuak entzuten ditugu, gauza poetikoa eta zehatza; izan ere, litekeena da zuhaizti honetan erortzen den euria Rigako golkotik etortzea. Zuhaitzik gabe ez zen urik izango lurrean, haren apeurik gabe ez zen itsasotik aterako.
Gereziondoa mila eta laurehun urtera iristen bada, gure begien aurrean nahitako jatorria izan behar du, berealdikoa ere bai; ez da kontatu behar hazia txori batek, ausaz, bota zuela. Kondairaren arabera, lore grisen gereziondoaren hazia enperadore batek landatu zuen. Laila Pakalniņak bezala, Sumiko Hanedak bere giza bizilagunak aurkezten dizkigu, ospatzen eta zaintzen dutenak, beste zuhaitz identitario bat delako, eta, jakina, inork ez luke bere burua inausiko edo moztuko edo hiltzen utziko. Bermiegon bezala, Gifun ere hildakoak zuhaitzaren oinean lurperatzen ziren, gorputzez elikatu zedin eta arimak har zitzan. Beste edozein landare bezala, gereziondo hau espazioan denboraren adierazpen izugarri sofistikatua da: adarren zatiketa etengabe eta geometrikoa, hazkuntza salatzen duen azal begitsua, udaberrian garaiz irekitzen diren loreak, arrosatik zurira eta gero grisera igarotzen direnak, berrehun gereziondo gazteagoren sustraiekin txertatutako sustraiak, horiek salbatzeko; basorik gabeko baso logika bati zor zaion transplantea. Gizateriak ez du beste zereginik basoek ulertu dutena ikastea baino.