The Sky on Location
Babette Mangolte
Estatu Batuak, ingelesa, 1982, 78 min
Urre sukarraren urteetan, trenbidearen hedapenak eta ageriko patuak esaldi hau egin zuen ezagun, gerora horrenbeste westernen premisa izango zena: «go West, young man, and grow up with the country». Hazi, aurreratu herrialdearekin. Reaganek hauteskundeak irabazi baino urtebete lehenago, Babette Mangoltek Mendebalde Urrunean bidaiatzen du autoz, eta bere begiekin ikusten ditu mitoaren paisaiak eta beste paisaia anonimo batzuk. Enkoadratu egiten ditu, erakutsi egiten dizkigu. Dagoeneko duten emozioa hautematen dugu, Ford, Mann eta konpainiaren artearen ondorioa, eta baita film berriak eragiten duen emozio berria ere. Horiek ikusita, ziur norbaitek gogoan dituela hemeretzigarren mendeko eta AEBetako esaldi gehiago, adibidez: «Naturak ez du inoiz itxura xumerik hartzen». Baina herrialdeak aurrera egin zuen eta bertakoak ez ziren biztanleek nortasuna eman zien paisaia suntsitu zuten. Suntsitzen jarraitzen dute. Edenean geldialdi labur batek, Kaliforniako baso primarioek, sekuoia luzeek, tsugek, zedro gorriek, Douglas izeiek, forma, kolorea eta dimentsioak ematen dizkiote galerari. Gizon zuriek ezin izan zuten jasan mundu bakar eta haiekiko axolagabe haren iluntasuna, lurraren arrasean. Eta soilguneak ireki zituzten. Eta jabetza pribatuko hamarkadak etorri ziren, nekazaritza eta zur industria handiak, baso batek mozten denean bakarrik du balioa, etab. Espeziearen gainerakoa Babette Mangolte bezain eroso egongo balitz begira eta zain, oraindik salba gintezke.