The Odds of Recovery
Su Friedrich, 2002, 65 min.
Today
Su Friedrich, 2022, 57 min.
Su Friedrichen film autobiografikoenetako bi dira horiek.
Etsipena, kritika eta umorea baliatuz, bizitza osoan izan dituen osasun arazo eta egin dizkioten ebakuntza ugariek eragindako higadura fisikoa eta emozionala aztertzen ditu egileak The Odds of Recovery filmean. Friedrichek ezer ezkutatu gabe erakusten ditu bere gorputzeko orbainak, beldurrak, kezkak eta osasun erakundeek gaixotasun jakin batzuk behar bezala tratatzeko duten gaitasunari buruzko zalantzak.
5 urte baino gehiagotan zehar filmatuta (2016tik 2021era arte, hau da, baita pandemian ere), egilearen egunerokotasuna islatzen du Today filmak. Orain arte egin duen azken lana da hori, eta egilearen egunerokotasuneko gauzarik mundutarrenak zein zoragarri eta suntsitzaileenak kontatzen ditu bertan, hala nola maite dituen pertsonen galera. Filmak itxura sinplea eta informala duen arren, gogoeta argi eta hunkigarri bat gidatzen du, denboraren joanari eta zahartzeak dakarrenari buruz, eta unean unekoa bizitzeko deia egiten du, arreta eta kontzientzia osoz, komunitatea zainduz, eta konektatzen eta indarberritzen gaituzten gauza txikiez gozatuz.
Gloria Vilches