Kontzientzia feminista eta humanista argiarekin, eta zintzotasun, sentsibilitate eta umore dosi handiekin, Su Friedrich estatubatuar zinemagileak hogei film baino gehiago egin ditu 70eko hamarkadaren amaieratik gaur egunera arte, oinarri hartuta bere esperientzia pertsonalak, emozioak, ametsak, beldurrak eta desioak, eta bere burua eta mundua ezagutzeko moduak esploratu ditu, abiapuntu hartuta prozesu intimoak –maitasuna, sexualitatea, gaixotasuna–, familiakoak –aitarekin zuen harremana, amaren bizitza– eta sozialak –gentrifikazioa, aktibismo lesbikoa. Friedrichen obra bakoitza pieza bat da saiakera formako autorretratu baten barruan, eta berretsi egiten du “pertsonala politikoa da” leloa.
Su Friedrich New Havenen jaio zen, Connecticuten, 1954an. Chicagoko Unibertsitatean (1971-72) eta Oberlin College (1972-1975) unibertsitatean ikasi zuen, eta Artean eta Artearen Historian lizentziatu zen. 1976an, sei hilabetez Afrikako iparraldean eta mendebaldean barrena bidaiatu ondoren, New Yorkera joan zen argazkilari gisa lan egiteko asmoz. Hurrengo urtean, super 8 formatuko zineari buruzko ikastaro bat egin zuen, zinema esperimentalaren arloko espazio alternatibo batean, Millennium Film Workshop, eta horrela deskubritu zuen bere benetako bokazioa. Lehen film laburrak super 8n egin ostean, 16 mm-ko formatua erabiltzen hasi zen, eta 2004az geroztik bideo digitalean egin ditu filmak.
Askatasun formal handiz idatzi, filmatu, muntatu eta soinuz jantziak daude Friedrichen filmak (salbuespen gutxi batzuekin), arreta berezia jarrita jatorri askotako testu, soinu eta irudien justaposizioan, eta bertute bat dute denek: ikusle segmentu zabal batentzat direla, barne hartuta zinemazaleak zein publiko generalista, eta zinema esperimentala, feminista edo queer zinema ikusten ohituta ez daudenek ere goza dezaketela haiek ikusiz.
Zinema esperimentalaren etiketa horri buruz, honako hau idatzi zuen zinemagileak: «Inoiz ez zait gustatu “zinema esperimentala” terminoa, eta hura saihesten ahalegindu izan naiz. Bada, gaur egun, gauza bera pentsatzen dut “dokumental esperimentala” terminoaz. (...) Askoz hobe genuke gure lanei dokumental deitzea, eta iraulka daitezela tradizionalistak beren besaulkietan (edo hilkutxetan), ikusirik horren “esperimentala” den zerbait dokumental gisa aurkezten dugula, besterik gabe. Zergatik esan behar dute haiek nola dokumentatzen den mundua? Zergatik dira haien lanak “dokumentalak”, eta gureak “dokumental esperimentalak”? (...) Duela urte asko lezio bat ikasi nuen gazte lesbiana gisa: nire buruaz desberdina banintz bezala hitz egiten banuen, hala tratatuko nindutela, baina nire burua gizaki arrunt bezala aurkezten banuen, berriz, horrela tratatuko nindutela. Uste dut dokumentalista gisa ikusi beharko genukeela geure burua, benetako mundua dokumentatzen dugunean. Pertsona bakarreko taldeak garen arren, gure istorioetan murgildu, modu ez konbentzionalean konposatu, eta irakurketa asko izan ditzaketen muntaketak egiten ditugun arren, narratiba lineal bati jarraitu beharrean, horrek ez du esan nahi dokumentalak egiten ari ez garenik. Bota dezatela izerdia beste batzuek, horrek deseroso sentiarazten baditu: ez dugu zinema dokumentalaren historiatik kanpo jarri behar, historia horren parte baikara neurri handi batean».
Zinemagile independente gisa egindako lanaz gain, liburuak eta aldizkariak tresna analogikoen bidez maketatzen lan egin zuen hainbat urtez Su Friedrichek. Geroago, eskolak eman zituen zenbait zinema eskolatan, hala nola The New School eta NYU eskoletan. 1998az geroztik, zinema eta bideo produkzioko irakaslea da Princetongo Unibertsitatean. Beste proiektu batzuetan ere jardun da, hala nola William Greaves afroamerikar zinemagileari buruzko webgune bat sortzen, edo emakumezko zinema muntatzaileei buruzko informazioa biltzeko Edited By online datu basea sortzen.
Su Friedrichen filmen atzera begirako hau Espainian egiten den lehena da, eta Bartzelona (Filmoteca de Catalunya), Madril (Cineteca), A Coruña (Filmoteca de Galicia - CGAI) eta Valentziara (IVAC - La Filmoteca) bidaiatuko du ondoren.
Gloria Vilchesen programazioa eta testuak
Gently Down the Stream
Su Friedrich, 1981, 13 min.
Hide and Seek
Su Friedrich, 1996, 65 min.
The Ties That Bind
Su Friedrich, 1985, 55 min.
I Cannot Tell You How I Feel
Su Friedrich, 2016, 42 min.