Cinema Before 1300
Jerome Hiler, 2023, 100 min
Reims, Chartres, Le Mans, Soissons, Poitiers, Evreux, Troyes, Paris, Bourges, Ruan, Sens, Canterbury, Brabourne, Oxford edo Yorkeko katedraletako beirateak kontenplatzea errebelazio moduko bat izan zen Jerome Hilerrentzat, txikitan zinema deskubritu zuenean bezala: «iluntasunaren espresio espontaneoak argiak bezala distira egiten zuen, eta hori zen, era berean, giza, animalia edo landare materiaren esentzia». Zinemagileak jada denbora bat zeramala beirateak egiten, azkenean Europara bidaiatzea lortu zuen 90eko hamarkadan. 35 mm-ko Nikon kamera eraman zuen berekin bidaia horretan, eta Europako beirate ospetsuen argazkiak egin zituen. Diapositiba horiek erabili zituen, hain zuen, Cinema Before 1300 filmean. Beirateetako arte herrikoi eta jainkotiarrari buruzko hitzaldi ilustratua da film hori, eta Yerba Buena Center for the Arts gunean, Princetoneko Unibertsitatean, Torontoko Art Gallery gunean edo Harvard Film Archive gunean aurkeztu zen. Beirateei buruzko bere hasierako meditazioa berridatzi eta grabatu egin zen, eta hitzaldi hori zabaldu eta film bihurtu.
Kristal koloreztatuko leihoen loraldiaren eta gailurraren lehen 100 urteetako ibilbidean, Antzinaroa (irudikatua) eta Erdi Aroa zirriborratu zituen Hilerrek. Garai horretan, interes tekniko eta zientifikoak, arkitektoniko eta filosofikoak, ekonomiko eta sozialak elkartu ziren, «munduak inoiz ezagutu zuen komunikazio modu aurreratuena eta hedatuena» sortzeko. Katedralak komunitatearen gune ziren, eta egunero milaka ikusle biltzen ziren haietan, harrituta, kristalaren kolore eta sekretu berriak deskubritzeko asmoz: beirateak eszena sekuentziak ziren, eta leihoak erabiltzen ziren istorioak kontatzeko eta eguzkiaren argia istorio horiek argitzeko.
Hilerrek Cinema Before 1300en hasieran azaltzen duen moduan, XII. mendearen hasieran, ukaziotik bereizita gelditu zen azkenean iluntasuna, eta espiritualtasunera, denboragabetasunera eta debozioaren formetara hurbildu zen. Argia, era berean, kontzientziaren maila handiago batera irekitzeko bidetzat hartzen hasi zen, burua zentzumenen bidez esnatuta (claritas). Arkitektoak –Suger abadearen konplizitatearekin– hormetan espazio ireki handiak sortzen hasi ziren. Koloreen sakontasuna, eguzki argiaren xurgapena eta bitxi formako marrazkiak lagun, barrualdeak ilun irauten zuen, eta, zinemagilearen ikuspegitik, zinema aretoan argiak itzali eta ikuslearen begiak irekitzearen antzeko esperientzia bat da hori –«iluntasuna [funtsezko etena] zinemak eta beirateek partekatzen duten ingurune sakratua da»–.
Francisco Algarín Navarro