Pierre-Auguste eta Jean Renoir eta Maurice Pialat artistei buruzko bi dokumentalen ondoren, Anne-marie Fauxek bere lehenengo filma dei diezaiokeguna egin zuen. Film hori Rosa Luxemburgok espetxean idatzi zituen gutunak irakurtzeak eragin zion zirraratik sortu zen. Testu horien irakurketan (ematen zuen berarentzat zirela), soinuak eta planoak aurkitu zituen, materialki agertutako hitzak, berreskuratu eta orainaldira ekarri behar zirenak. Horrela sortu zen Hic Rosa, partition botanique; eta partitura ideia berean, bere hurbilketa zinematografikoaren edertasuna eta poetika ematen ditu ezagutzera.
Rosa Luxemburgoren gutunetan naturarekin eta animaliekin harreman bat dago, eta filmatzeko modu bat, belar izpi bat edo zuhaitz adar bat behatzeko modu bat inspiratzen du. Gutako gehienok ahazten dugu xehetasun horiei erreparatzea, baina bai Rosa Luxemburgorentzat bai Anne-marie Fauxentzat munduan egoteko modu bat dira, aktibista alemaniarrak bizitzeko arrazoi bihurtu zuen iraultzaren gainetik dagoen posizio politiko bat.
Anne-mariek super-8an filmatu zuen, azken Kodachrome 40 film bobinekin, deskatalogatu aurretik, Cézannek «dena desagertzear» zegoela ohartarazi zuela gogoratuz. Hori dela eta, arrosondoetako arrosak lausotu egiten dira pasarte batzuk irakurtzen amaitutakoan, eta hitzak airean hutsaltzen dira.
Hic rosa, partition botanique partitura isil bat bada, Face au vent, partition buissonnière askotariko ahotsekin egindako musika partitura bat da. Hemen, bere film pertsonalenean, bera haurtzaroko oroitzapenak literatura pasarteekin eta Colette Magnyren abestiekin elkartzen dira, kontakizunari laguntzeko. Benetako edo fikziozko oroitutako edo iradokitako eszenen segida horrek lagun eta konplizeen ensemble batekin batera konposatutako bigarren film-partitura bati ematen dio forma. Bigarren film horretan, batzuek irakurri egiten dute, beste batzuek entzun, eta beste batzuk, besterik gabe, hor daude. Bertan, Chaplin, Ozu edo Godard familiako albumaren parte dira, eta Anne-marie lehenengoz agertzen da eszenan, irakurriz edo isilik, beti pentsakor, beti apur bat melankoliatsu. Hemendik aurrera film berri bakoitzean ikusten dugun autorretratua.
Edertasun eta sentsibilitate handiko filma da, non Jean Luc Godardekiko hurbiltasuna eta miresmena ere antzematen den, Anne-mariek harekin lan egin baitzuen Hélas pour moi (2003) lanaren arte zuzendaritzan.
Bi filmek beren partiturak zabaltzen dituzte pantailan, eta ikus-entzuleak ikusi eta entzuteaz gain, musika bisual mota desberdin bat interpretatu ere egin behar du.