Siamen, gaur egun Thailandian, familia bat bere herrixka atzean utzi eta oihanean murgiltzen da, eta bizimolde neolitikoa ere eraman zuen berarekin, gizakia definitzen duena, oraindik ere garun guztietara torlojuz lotua: nekazaritza, abeltzaintza, etxekotutako landareak eta animaliak; saskigintza, metatzen joateko ontziak. Baina, noski, oihana ez dago hutsik. Gure espezieko aitzindariak, egia esan, azkenak dira jada existentziaz eta harremanez betetako lekuetara iristen. Abereak eta maskotak sartzen dituzte, bai eta beste ordena bat ere: harrapari izatetik ekoizle izatera pasatzean, beraientzat balioa duten animaliak babestu behar dituzte indarrean dauden harrapariengandik. Hollywoodek aurrerapenaren diskurtsoa ezartzen du intertituluetan oinarrituta, baina ez du begiradarekin laguntzen, inozentea baita, jolasean sinesten baitu eta jolastu egiten baitu. South lanean, errealitateak poloko abentura bizirauteko kontu bihurtu zuen; Chang lanean, berriz, fikzioak biziraupen hutsa abentura bihurtzen du eta amarruak gertatzen dira, tranpaz tranpa azken tranpa handira arte, eta existitzen diren animalia karismatikoenak inoiz ez bezala filmatzen dira. Leopardoak, tigreak, elefanteak. Diskurtsoaren arabera, hil edo proletarizatu egin behar da, baina Cooperrek eta Schoedsackek jolas zinematografikoan sartzen dituzte animaliak, bereizi egiten dituzte eta parte harrarazten diete, eta, bide batez, ohartarazten gaituzte ez garela beti alaitzen trebetasunak indarra gainditzean.
Siamen, balantza okertzen duten fusilak —fusil desberdintzaileak— ez dira ezer ordena industrialaren aurrerapenen aldean. Oso gutxi dakigu zirku amerikar batean lan egiten zuen Topsy elefante asiar (belarrietan nabaritzen da) emearen bizitzaz. Badirudi tratu txarrak ematen zizkiotela eta gizon bat hil zuela. Coney Islandeko jolas parkean egoteko saldu zuten, eta han berriro tratu txarrak eman zizkioten; «mehatxu» bihurtu zen, eta jabeek exekutatzea erabaki zuten, urkatuta. Society for the Prevention of Cruelty to Animals erakundeak metodo horren aurkako protesta egin zuen, aulki elektrikoaren alde erabilitako antzeko arrazoiengatik, eta, azkenean, elektrokutatu egin zuten. Egun hartan bertaratu ziren Society erakundeko kideen arabera, «inoiz ez zuten heriotza eragiteko modu gizatiarragorik ikusi». Horren aurrean, zinema, film honetan, zientzia aplikatua ere bada, eta animalia bat ke kiribilen artean zerraldo erortzen den une zehatza eta, nahi gabe, modernitatearen sintesi bat erregistratzen ditu. Dena posible zeneko mendea hasi zen.