Ekimena topalekutzat hartzen du 2025eko Punto de Vista jaialdirako proposatutako kartel honek: film baten emanaldira joatearen esperientziak zeharkatutako komunitate desberdinak batzen dituen leku bat.
Esperientzia horren oihartzunak ekarri ditzaketen erreferentzia bisualak bilatzen nenbilela, eguzki eklipse baten Iruñeko hiru argazki aurkitu nituen, 1900 eta 1901ekoak. Horietako bi eklipseari zuzenean egindako argazkiak ziren, argazkilariak berak hartuak. Argazkia atera zuen uneko xehetasun teknikoekin etiketatuta zeuden biak. Horietako batean, honako hau irakur daiteke Exposición: 1 segundo, a las 3 horas 54 minutos de la tarde; en el momento de la magnitud aparente. —Esposizioa: segundu 1, arratsaldeko 3rak eta 54 minutuan; itxurazko magnitudearen unean—. Hirugarrena, berriz, eklipsea behatzen zuen pertsona talde baten erretratua zen, ospitale psikiatrikoaren aurrean. Guztiek, ia aldi berean, kristal txiki bati eusten diote, eta batzuek horien bitartez ikusten eta enkoadratzen dute fenomenoa. Beste gutxi batzuek kamerari begiratzen diote.
Hiru argazkiak errepasatu ditut. Munduan, ordena natural, ezezagun, iragarrezin eta, batzuetan, hautemanezin bati dagozkion gauzekiko daukagun lekua dut gogoan. Berriro bilatzen dut. Eguzki ekaitz baten gaineko satelite argazki bat aurkitzen dut. NASArena da. Fotokopia atera diot. Jatorrizko irudia eguzkia irudikatu ohi den moduan koloreztatuta dago: tonu laranjak, horiak eta gorriak.
Buruan ideia eta irudi horiek nituela, mugimenduaren ideiari eta eguzkiari buruzko hiru collage eratu ditut, eguzkia hein berean biltzen, elkartzen eta jakin mina eragiten digun fenomenoa izanik. Eguzkiari nolabait bere kolore naturala itzultzea aukeratu dut, kolore guztien batura: zuria. Oraingoan, koloreek izarra inguratu, estali eta haren baitan kokatzen duten elementu eta formak ematen dituzte.
Paperak ez daude elkarri itsatsiak: inprobisatuz lekualdatzen dira eskaneatze bakoitzean; hortaz, ezin dira berdin-berdin erreproduzitu konposizioa biratu edo mugitu nahi den bakoitzean. Collage bakoitzak modu igarokor eta errepikaezinean gertatzen denaren izaera dauka. Bertsio desberdin bakoitza bakarra da. Bizirik dagoen, mugitzen, formatu bati erantzuten diote.
Magdalena Orellana (Punto de Vista jaialdiaren 19. edizioaren irudiaren egilea)